Zabor biltzaile eta kale garbitzaileen greba, bertan behera

Ataria 2017ko abenduaren 19a

Amasa-Villabonari ere eragiten zion bertan behera utzi duten grebak.

Gaur ziren hastekoak, 21:00etan, baina azken momentuan akordioa itxi dute patronalak eta sindikatuek. Tolosa eta Amasa-Villabonan ere greba egitekoak ziren.

Gipuzkoako zabor biltzaileek eta kale garbitzaileek iragarritako greba bertan behera utzi dute azken momentuan. ELA da sindikatu nagusia zabor biltzaile eta kale garbitzaile gipuzkoarren artean eta sindikatu abertzaleak esan du sindikatuen eta patronalaren arteko akordioa «oso ona» dela. «Akordio oso onera iritsi ahal izan da sektoreko langileen gehiengoak sindikatu nagusiari babesa eman diotelako, batetik, eta ELAren lan eta antolakuntzari esker, bestetik». «Enpresak saiatu ziren Donostian lan hitzarmen okerragoa ezartzen, eta lurralde mailako hitzarmena hiltzen utziko zutela ere esan zuten, mehatxu eginez. Akordioak agerian uzten du enpresa azpikontratatuetan badagoela tartea Gipuzkoa guztian lan eta soldata  baldintzak hobetzeko», gaineratu du ELAk. Sindikatuak, hala ere, greba zela eta ezarritako «abusuzko» gutxieneko zerbitzuei egindako salaketa mantentzen duela esan du.

Horiek horrela, sindikatu eta patronalak 2016-2019 bitarteko iraupena duen akordioa itxi dute eta baita ultra-jarduera mugagabea ere. Era berean, eta soldatei dagokienez, krisi garaian galdutako eros-ahalmena ia guztiz berreskuratu ahal izango dutela hitzartu dute. Ondorio, 2016ko KPIa jasoko dute, 2017ko KPIa + 0,1a, 2018ko KPIa+0,2a jasoko dute, eta 2019an KPIa+0,2 puntu.

Asteburuko langileen lanaldia luzatzeko sistema "objektibo bat" ezarriko dela ere hitzartu dute, prekaritateari aurre egiteko. Era berean, lan hitzarmenak irauten duen artean errelebo kontratua erabili ahal izateko aukera zabalduko dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!