Zifratan ezin da kabitu igandean Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalak emango duena. Zortzi bertsolari oholtza gainean Amets Arzalus, Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze, Igor Elortza, Sustrai Colina, Aitor Sarriegi, Beñat Gaztelumendi eta Unai Agirre eta haiei begira 14.600 bertsozale, BECeko Bizkaia Arena aretoan kabitzen diren guztiak. Eta dena ondo atera dadin, Bertsozale Elkarteak 450 lagun baino gehiago jarriko ditu lanean. Langileak ongi identifikatuta egongo dira eta entzuleak lagunduko dituzte, saioaren hasieran, bitartean eta amaieran. Bertsozale Elkarteko langile eta borondatezko lantalde prestua da eta momentu oro haien argibideak segitzea eskatzen du antolakuntzak.
Finalera joateko Euskal Herri osotik autobus zerbitzua prestatu du Bertsozale Elkarteak. 2.400 bertsozalek baliatuko dute aukera hori BECera hurbiltzeko. Tolosaldetik aterako diren autobusek irteera 07:45ean izango dute, Tolosako Santa Klaratik eta Villabonako Olaederra kiroldegitik. Gainerako bertsozaleei garraio publikoa erabiltzeko gomendatzen die Bertsozale Elkarteak.
Behin Barakaldora iritsita, haurrentzako haurtzaindegi zerbitzua ere eskainiko dute finalean. 6. pabiloian izango da eta saioak irauten duen bitartean egongo da zabalik. Doako zerbitzua da, baina ezinbestekoa izango da aurrez izena ematea. Beste espazio bat ere egokituko dute Bertsozale Elkartekoek: Mintzola Terraza. Munduko gainerako herrialdeetako aditu, ikertzaile eta inprobisatzaileekin harremanak estutzeko ahalegin berezia egiten ari da Mintzola Ahozko Lantegia. Lotura horiek indartzeko asmoz finalean atzerriko ordezkaritza zabala izango da, Euskal Herriko adituekin batera. Ikertzaileez gain, kantu inprobisatuko bestelako adierazpideetako ordezkariak ere izango dira terrazan. Gonbidatuei bat-bateko itzulpen zerbitzua eskainiko zaie, gaztelaniaz eta ingelesez.
43tik onena erabakiko da
Irailaren 23an Baigorrin hasi zen Bertsolari Txapelketa Nagusiaren XVII. edizioa. 13 saiotan egin dute finalerako bidea. Final-laurdenetan parte hartu zuten 36 bertsolarietatik 18k egin zuten salto finalaurrekoetara. Fase horretan, duela lau urteko zazpi finalista batu zitzaizkien eta 24 horietatik beste 18k lortu zuten finalaurrekoen bigarren faserako pasea. Hamaika geratu dira kanpoan eta zazpik lortu dute finalerako txartela, etzi, BECen Amets Arzallus egungo txapeldunarekin lehiatzeko. Horietako bat da Iruran bizi den Aitor Mendiluze. Bosgarrenez kantatuko du Txapelketa Nagusiko finalean.
Maite Berriozabalek, Inazio Usarraldek, Saroi Jauregik eta Joana Itzainak gidatuko dute finala eta zortzi bertsolarien lana epaitzen zazpi laguneko taldea ariko da: Ekaitz Elorriaga, Eneritz Azkue, Eneko Bidegain, Joseba Santxo, Mirari Azula, Nerea Bruño eta Zigor Leunda billabonatarra.
Saioaren kalitatea «bermatuta» dagoela esan du, finala aurkezteko agerraldian, Iñaki Murua Bertsozale Elkarteko lehendakariak: «Oso gustura gaude, sortu duen ilusioarekin, bertsoak izan duen lekuarekin eta eraginarekin, zaleen txisparekin, bertsogintzari eman zaion astinduarekin, bertsolariek egin duten etxeko-lan handiarekin eta oholtzan aniztasun bikainean erakutsi diguten horrekin guztiarekin». Aurreko 16 edizioetan honako hauek izan dira txapeldunak: Iñaki Eizmendi Basarri, Manuel Lujano Txirrita, Manuel Olaizola Uztapide, Xabier Amuriza, Sebastian Lizaso, Jon Lopategi, Andoni Egaña, Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus. Bakar bat ere ez Tolosaldekoa. Ea aurten.
Sebastian Lizasok jantziko dio txapela 2017ko txapeldunari
Joxe Lizaso bertsolariaren semea, honek Landeta auzoan zuen tabernan jaso zuen bertso giroa; bertsolari artean hezia da Sebastian.
1982ko Txapelketa Nagusian finalista izan zen, 1986koan txapeldun eta 1989 eta 1997koan txapeldunorde. Gaztaroan ez zen, bere adinkideak bezala, gazteen txapelketetan ibili. Hala ere, 1982an finalista geratu zenerako, plazetan izena eta arrakasta hartua zeukan, 24 urte bakarrik zituela.
Hurrengo txapelketan erabat berretsi zuen bere balioa eta joan den urte askoan bera da plazarik gehien egin duen bertsolarietako bat. Bertsolaritzako figura handienen artean dagoen honek, belaunaldi berrietara egokitzeko dohaina izan du.
Jarraipen zabala egingo zaio igandeko finalari TOLOSALDEKO ATARIA-n
Bertatik bertara finala ikusteko aukera izango ez dutenek zuzenean segitzeko hainbat modu izango dituzte igandean. Eskualdeko bertsozaleek, www.ataria.eus webgunean finalaren zuzeneko kontakizuna segitu ahal izango dute, goizeko eta arratsaldeko saioen kronika irakurri eta eskualdeko txiolariek finalaz dituzten inpresioak jaso ahal izango dituzte.
Asteartean, papereko edizioan, finalak eman duena luze eta zabal emango du ATARIA-k. Zortzi finalisten hitzak jaso eta eskualdeko ordezkariaren lanean jarriko du arreta. BECeko oholtzatik gertuen ibili den eskualdeko beste bertsolariak, Oihana Iguaranek, Oholtzapetik kontatuko ditu bere bizipenak.
ORDUTEGIA
HASI AURREKOA
09:00. Ordu horretan zabalduko dira Bizkaia Arenako ateak. Sarrera bakoitzarekin pertsona bakarra sartu ahal izango da. Ezingo dira garraiorako karroak, bonbonak, sukaldeak, hozkailuak eta abarrekoak sartu, ezta kristalezko edukiontzi, latak eta plastikozko botila handiak ere.
GOIZEKO SAIOA
11:00. 15 bertso puntuagarri.
Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian.
Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian.
Banaka, lehen puntua emanda, hiru bertso zortziko txikian.
Binaka, gaia emanda, hiruna bertso hamarreko txikian.
Kartzelako lana: banaka, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian.
BAZKARIA
14:30. Arratsaldeko saioa hasi arte Bizkaia Arena hustuko da. Bazkari txartela dutenek 6. pabiloian bazkalduko dute. 600 lagunek hartu dute bertako bazkarirako txartela. Etxeko jana eramaten dutenek ere 6. pabiloian izango dituzte mahaiak eta eserlekuak. Taberna eskaintza zabala ere izango da.
ARRATSALDEKO SAIOA
16:30. 10 bertso puntuagarri.
Binaka, gaia emanda, hiruna bertso sei puntuko motzean.
Binaka, gaia emanda, zortziko txikian puntutan, zortzi bertso osatu arte.
Banaka, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian.
Buruz burukoa. 11 bertso puntuagarri.
Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian.
Binaka, gaia emanda, launa bertso zortziko txikian.
Kartzelako lana:
Banaka, hitza gaitzat emanda, bertso bat bederatziko txikian.
Gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian.
SARI EMATEA
20:00. Inguru horretan jakingo da 2017ko txapeldunaren izena eta sari emate ekitaldiari hasiera emango zaio.