Ukrainak izango du protagonismoa

Imanol Garcia Landa 2017ko abe. 15a, 10:00

Hainbat erakundeetako ordezkariak eta eragile izan dira Aranburu jauregian egin den aurkezpenean.

Abenduaren 18a Migratzaileen Nazioarteko Eguna da, eta horren harira beste behin Mundu bat Tolosaldean topaketak antolatu dituzte eskualdean. Aurtengo protagonismoa Ukrainak izango du, eta horren lekuko izango da Tolosako Aranburu jauregian jarriko duten Aniztasun hariak erakusketa.

Tolosaldea Garatzeneko Migrazio saileko teknikaria den Kristina Moralesek azaldu duenez, «eskualdean dauden jatorri anitzeko pertsonei protagonismoa eman eta beraien errealitatera hurbiltzeko antolatzen ditugu topaketa hauek». Ukrainiako jatorria duen herritar kopuru «esanguratsua» dago eskualdean, baina «nahiko ezezaguna» den herrialdea dela azaldu du Moralesek. «Ukraina-Euskadi elkartearen bitartez Aniztasun hariak erakusketa jartzeko aukera izan da, eta interesgarria iruditu zitzaigun hemen bizi diren herritar hauek gehiago ezagutu eta beraiengana gerturatzeko».

Beste hainbat ekitaldi ere egingo dira, tartean Tolosako Gabonetako Azoka Berezian izango den parte hartzea, ipuin kontaketak eta Tolosaldeko burrunbak dokumentala ikusteko aukera. Moralesek azaldu duenez, topaketa hauen bitartez elkar gehiago ezagutzeko aukera baliatu nahi da: «Zurrumurru eta aurreiritzi asko daude, eta askotan pertsonak ezagutuz gutxitzen dira dauzkagun beldurrak».

Larysa Palichuk, ‘Aniztasun hariak’ erakusketan ikusi ahalko diren bi jantzirekin.

Tradizio aberatsa

Larysa Palichuk ukrainarra Tolosan bizi da orain dela hamalau urte. Ukraina-Euskadi elkarteko kidea da eta Aranburuko erakusketaren antolakuntzan ari da. «Gauza asko ditugu erakusteko Aniztasun hariak erakusketan, gure kultura, tradizio eta nortasunaren inguruan», esan du Palichukek. Ukraina handia dela eta herrialdearen barruan bere berezitasunak daudela dio, eta hori jantzietan ere ikusten dela. «Tradizio kultural eta erlijioso aberatsa daukagu, eta hainbat festa nagusiren inguruko gauzak erakutsiko ditugu». Erakusketan, besteak beste, jantziak eta etxe tradizional bat ikusi ahalko da. Biharko inaugurazio ekitaldian abestu egingo dutela ere azaldu du.

Bestalde, Palichukek gogora ekarri du lehen bere herrialdetik arrazoi ekonomikoengatik ateratzen zirela, baina azken urteotan ere gerra dela-eta bertatik herritarrek ihes egiten dutela.

 

EGITARAUA

ABENDUAREN 16TIK URTARRILAREN 13RA

Ukraina-Euskadi elkartearen Aniztasun hariak erakusketa Tolosako Aranburu jauregian. Abenduaren 16an, 18:00etan, inaugurazio ekitaldi berezia. Urtarrilaren 13an, 18:00etan, itxiera ekitaldia Ukrainako Gabonetako kale antzerkiaren emanaldiarekin.

ABENDUAK 16TIK APIRILAREN 30ERA
Nola iritsi gara, ordea, hona? interes gunea Tolosako liburutegian. Oraingo eta iraganeko errefuxiatu, migratu duten pertsonen eta euren senideen istorioen aukeraketa bat egongo da eskuragarri. Guztiok uneren batean migratzaileak izan gaitezkeela gogoraraziko diguten liburuak irakurtzeko aukera ezin hobea izango da.

ABENDUAK 17, IGANDEA

13:00. Emakumeen bazkaria, Nigeriako emakumeek prestatuta, Ereite elkartean.

17:30. Txantxariak haurrentzako ikuskizuna Tolosako Zerkausian.

ABENDUAK 18, ASTELEHENA

19:30. Tolosaldeko burrunbak dokumentala ikusgai Ibarrako kultur etxean.

ABENDUAK 19, ASTEARTEA

10:30. Tolosaldeko burrunbak dokumentala ikusgai Villabonako Helduen Hezkuntza Iraunkorreko egoitzan.

ABENDUAK 23, LARUNBATA

Tolosako Gabonetako Azoka Berezian, Guretzako taldeko emakumeek prestatutako gozoak salgai izango dira, Ukraina elkarteko artisauak hainbat tailer egiten, eta Ongi Etorri Errefuxiatuak taldekoen informazio mahaia egongo da.

ABENDUAK 27, ASTEAZKENA

11:00. Liburu bat, mundu bat ipuin kontaketa saioa Mestiza elkartearen eskutik, Villabonako Mintzola n.

ABENDUAK 29, OSTIRALA

17:00. Mundutik kontu kantari ipuin kontaketa Anoetako liburutegian.

URTARRILAREN 15ETIK 30ERA

Amina Chaari margolariaren erakusketa Anoetako liburutegian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!