Gaur greba eguna izango da hezkuntza publikoan

Tolosaldeko Ataria 2017ko abe. 12a, 07:41
Irudian, pasa den azaroaren 17an Amezketako eskola publikoan egindako protesta bat.

Tolosaldeko Haurreskoletako hezitzaile gehienek egingo dute bat lanuztearekin, baita ikastetxe publikoetako langile gehienek ere.

Tolosaldeko zenbait ikastetxe publikotako irakasleek gaur bertan erabakiko dute greba egin ala ez, baina jada bozketa egin duten zentroetan langileen gehiengoak bat egin du deialdiarekin. Atzo erabaki zuten eskualdeko haur eskoletako hezitzaileek protestara batu edo ez, eta %94,3k erabaki dute baiezkoa.

Eskualdeko zenbait ikastetxeetako langileek ere atzo egin zuten bozketa. Besteak beste Abaltzisketako Txalburu, Amezketako Zumadi edota Alkizako eskola txikietako irakasleen %100ak erabaki du grebarekin bat egitea.

Sindikatuek atzo emandako datuen arabera, Villabonan Erniobea institutuko langileen %90k erabaki du greba egitea eta Fleming ikastetxeeko 45 langileetako 34 ez dira gaur lanera azalduko. Jarraipen baxuagoa izango du grebak Albizturgo eskolan (%87) edota Adunakoan (%58).

MOBILIZAZIOA DONOSTIAN

Gaur goizean zehar egingo dituzte gainerako ikastetxeetan bozketak, baina sindikatuen gehiengoak egin duenez gaurko greba deialdia, jarraipen zabala espero dutela jakinarazi dute ordezkariek.

Unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoko lan baldintzak hobetzeko eskatuz mobilizazioa egingo dute elkarrekin ELA, LAB eta Steilas sindikatuek Donostian. 12:00etan abiatuko da manifestazioa Alderdi Ederretik Lan baldintzak hobeto, hezkuntza eraiki lelopean.

Protesta hauekin guztiekin hezkuntza publikora bideratzen den diru partida handitzea eta 6.000tik gora lanpostu egonkortzea eskatzen dute ikastetxe publikoetan aritzen diren beharginek. Bide batez, soldatak igotzea eta LOMCE eta Heziberri egitasmoak bertan behera utzi eta eredu propio baten alde egiteko eskatuko dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!