Bertsolari Txapelketa Nagusia 2017

Mendiluze finalean izango da eta Iguaran bidean geratu da

Ataria 2017ko abe. 2a, 20:00

Gaur Iruñean jokatu da Bertsolari Txapelketa Nagusiko azken finalaurrekoa Anaitasuna kiroldegian. Mendiluze eta Aitor Sarriegirekin batera, Unai Agirrek lortu du finalerako txartela. Seigarren sailkatu da Iguaran eta ez du BECen kantatuko.

3.300 bertsozale inguru elkartu dira gaur Anaitasunan azken finalaurrekoa jarraitzeko. Kanpokoarekin kontrastean, giro beroa sortu da kiroldegi barrualdean eta zaleen animo eta txalo artean sei bertsolariek lan ederra egin dute. 

Ia erorialdirik gabeko saioa izan da gaurkoa eta saio dotorea egin dute elkarrekin, hasieran, zortziko handian eskualdeko bi bertsolariek. Gaixo kronikoen paperetik kantatu dute, Mendiluze medikuntza alternatiboa probatzeko prest eta Iguaran betikoan segitzearen alde.

Irurako bertsolariak duen maila erakutsi du Iruñean eta horri eskerrak arituko da finalean. Beharbada ez du gozatu Durangoko finalaurrekoan bezainbeste, baino ale politak utzi ditu, batez ere, zortziko txikian Miren Amuriza magoaren trikimailuak deskubritzen dituen ikuslearen paperetik eta baita kartzelan ere. "Ezkutatu egin zara ikus ez zaitzaten" gaia jarrita bullyng-a jasaten duen gaztearen ahotik bota ditu hiru bertso. Bigarrena horretarako mostra: "Lehendabiziko burlak aditu / ixildu eta masail gorritu / hortaz ez nintzen / asko harritu / geroratzeak berriz larritu / hamalau urte ta ezin dira / euren barruan kabitu / edozer eta edozeinekin / libre dela iruditu / ta beste inork ikusiz gero / begiak itxi ohi ditu / nire bizitzan ez nintzan inoiz / horren bakarrik sentitu". 

Hain zuzen, kartzelakoan egin du laprast Iguaranek. Bertsozale Elkartearen lehendakari gisa kantatu du baino ez ditu bere bertsoak ikusgarri bihurtzea lortu. Ordura arte bikain aritu da amasarra, ofiziotan bere maila emanaz. Bertsoaldi bat nabarmentzekotan Amurizarekin batera hamarreko txikia egin duena. Elkarrizketa dotorea osatu dute: bikotea ziren, eta hamar urte zeramatzaten atzerrian lanera joanda. Euskal Herirra itzuli nahi zuten baina semak ez. Iguaranek, "Gure semeak hemen / baitauzka sustraiak" bota du lehen bertsoan, "Berak gustokoa du / orain daukan lurra" bigarrengoan eta ederki itxi du elkarrizketa hirugarrengoan "lehenengo oporrekin / probatu dezagun / ta berak esango du / bertan segi nahi dun" botaz. Zortziko txikian ere Unai Agirre izan du Iguaranek kantukide eta umorez osatu dute ofizioa. Artista gaztea zen Iguaran, eta haren aita Agirre. Lehen erakusketaren inaugurazioan, aitaren lagunek bete zuten aretoa. «Zinez estimatzen det/ guztien laguntza/ etorriko al ziran/ gero ez balitz luntxa?» hasi da amasarra, eta erantzun egin dio hernaniarrak: «Luntxarena ez zazu/ aipatu mesedez/ ez ziran etorriko/ eta neu ere ez». Alabak erretratua sinatzea nahi al zuen galdetuta, honela amaitu du bertsoaldia Agirrek: «Agian famatua/ eingo da gerora/ marra bat ziarrera/ ta bestia gora/ segi zazu alaba/ pozik ta gustora/ ulertzen dunarentzat/ ona izango da».

Agirre izan da, dudarik gabe, publikoarengana gehien iritsi den bertsolarietako bat. Bertsozalearen estimua du hernaniarrak eta gaur ere sumatu da hori Iruñean. Duela lau urte finalaren atari atarian geratu eta gero, aurten bai, sailkatzea lortu du. Hirugarren egin du 696 punturekin, Aitor Sarriegi (698,5) eta Aitor Mendiluzeren (696,5) atzetik.

Sarriegirekin hamarreko txikian hernaniarrak egin duen saioa izan da arratsaldeko txalotuena. izan zuten nerabezaroan, eta, garai hartan, elikadura nahasmenduak tratatzeko zentroan ezagutu zuten elkar. Hamar urtera, erosketak egiten ari zirela egin zuten topo. Umoretik heldu diote gaiari: "Urte haiek ez ziran/ pasatu hain alai/ zulotik ertetzeko/ biyok ez ginen gai/ baina han indartu ginan/ Aitor eta Unai/ begiratu hutsean/ konturatu naiz ai/ ni ondo sendatu naiz/ baina zu ere bai", hasi da Agirre eta "begiratu karroan/ orain daukaguna/ lehen urte osoan/ jango ez genuna" segitu du Sarriegik. Bidenabar, Besaingo bertsolariak batu ditu puntu gehien Iruñeako finalaurrekoan. Kartzelakoan borobildu zuen bere lana, estresagatik gaixoaldian egon eta tabernan zurrutean zebilela nagusiarekin topo egin ondoren. Horrela osatu zuen bakarkakoa: "Zuei agian bai baina/ neri ez dit egin grazi/ aitzaki hobeak jartzen/ beharko nuke ikasi/ ez dakit egoera hau/ ia nola iragazi/ gauza onik ezin baitut/ honetatik irabazi/ ta aitzakiak pentsatzen/ ere nazkatu naiz kasi/ begiratu dit ta zuzen/ 'Aitor ze ari ote haiz hi?'/ gin tonic-a bota diot/ bere izotz eta guzi/ ordaintzen duenerako/ez du besterik merezi"

Gaurko saioan atzetik sailkatu dira Miren Amuriza (62), Alaia Martin (649,5) eta Oihana Iguaran (646). Amasako bertsolariak txapelketa ona egin du: Leitzako final-laurdeneko saioa irabazi zuen eta Durangoko eta Iruñeko finalaurrekoetan dotore aritu da. Bere pasoa borobiltzeko agurreko bertso gogoangarria utzi nahi izan du Iguaranek Itzaltzuko Bardoaren doinuan: "Mendez mende ezpainetik ezpainera / pasa den horren lekuko / hemen guztiok gera / hizkuntza pasa / debekatuz eten ziguten arnasa / baina hau da gure borroka / ta gure jolasa / hor gauko plaza; / Irautea ez da dena / ospa zagun garena. / Euskara gara gu / ta kantuz dakargu / ez zedin kondaira hartan galdu / bardoen lekuan, bertsoa lehertua / festa hau da gure mendekua. / Irautea ez da dena / ospa zagun garena". 

Bosgarrena Mendiluzerentzat

Aurretik jakina zen bezala, 2013ko txapelduna, Amets Arzallus, zuzenean sailkatuta dago BECen abenduaren 17an jokatuko den finalera. Duela lau urteko sei finalistak -Aitor Mendiluze, Maialen Arzallus, Sustrai Colina, Beñat Gaztelumendi, Igor Elortza eta Aitor Sarriegi- finalaurrekoetan sartu dira txapelketan eta beren lanak ederki bete ondoren aurtengo finalean ere errepikatuko dute. 

Duela lau urteko finalistetako batek, Unai Iturriagak, sei final jokatu eta gero uko egin dio aurtengo txapelketan parte hartzeari eta beraz, berak utzitako tokia beteko du BECen Unai Agirre hernaniarrak. 

Aitor Mendiluzek abenduaren 17koa bosgarren finala izango du segidan 2001, 2005, 2009 eta 2013an aritu baitzen. Duela lau urtekoan laugarren sailkatu zen. 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!