Indarkeria matxistaren aurkako lehen protokolo instituzionala aurkeztu die aldundiak udalei

Tolosaldeko Ataria 2017ko aza. 30a, 16:11

Erakunde arteko koordinazioa errazteko, hiru indarkeria matxista mota sailkatu ditu planak; Tolosako Udalak bi protokolo garatu zituen, arazo berari begira, 2014an eta 2016an.

Aldundiak "pertsonen arteko desberdintasun txikiena duen lurraldea" bilakatu nahi du Gipuzkoa, eta helburu hori emakume eta gizonen arteko arrakalara ere bideratu nahi du, Markel Olano aldun nagusiak azaldu duenez. Bide horretan, Indarkeria matxistaren aurkako lehen protokolo instituzionala garatu du erakundeak, administrazioei nahiz herritarrei tresna eskura jartzeko. Horrela,egitasmoa aurkezteko, Markel Olanorekin batera izan dira, Maite Peña Gizarte Politikako foru diputatua eta Miren Elgarresta Berdintasun zuzendaria ere.

Lurralde osoko 12 udalekin elkartu dira, eta tartean izan dira Berastegiko, Irurako eta Tolosako udal ordezkariak. Hain justu, Tolosako Udalak garatuak ditu, jada, bi protokolo, indarkeria matxistari heltzeko, eta bien berri eman du, aurkezpenean, Olatz Peon Tolosako alkateak.

Lehena Erakundeen Arteko Jarduerarako eta Koordinaziorako I. Udal Protokoloa izan zen, 2014. urtean plazaratutakoa, eta hainbat erakunderekin elkarlanean gorpuztu zuen udalak: Osakidetza, Asuncion klinika, Ertzaintza, Udaltzaingoa, Gizarte zerbitzak, Berdintasun saila, Migrazio saila, Bilgune Feminista eta erasotutako emakumeak. Proiektu hark helburu garbia zuen: "Genero indarkeria eta sexu erasoak bizi dituzten emakumeei arreta hobea eskaintzea".

Bi urtera, berriz, 2016an, arazoari heltzeko beste tresna bat garatu zuten, sexu erasoen aurrean udal departamentu bakoitzaren betebeharrak zehaztuz: emakumearen asistentzia, egoeraren kudeaketa eta informazioaren trataera, besteak beste.

Plan aitzindaria

Miren Elgarresta Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasun zuzendariak azpimarratu duenez, aurkeztu berri duten plana aitzindaria da: "Badira biktimak artatzeko protokoloak, baina, egitasmo honekin, indartu egingo ditugu herritarrak sentsibilizatzeko bide eta estrategiak". Elgarrestaren arabera, horrek, "zalantzarik gabe", biktimek jaso beharreko arreta hobetzen lagunduko du.

Izan ere, GFAk ez du "salaketea formal hutsaren mugan" geratu nahi eta, azpimarra jarri diote gaitzespena adierazteko bideak eskaini beharrari. Horrela, zenbait irizpide bildu dituzte proiektuan, erakundeen arteko koordinazioari begira. Besteak beste, biktimei lehentasunezko arreta eskaini nahi diete, erantzun azkar, koordinatu eta eraginkor baten bitartez. Halaber, erasotzailearekiko gaitzespena adieraztea ezinbestekotzat jo dute, eta baita informazioa behar bezala kontrastatzea ere, alarma egoerak saiheste aldera. Azkenik, prebentzio jarduerei berebiziko garrantzia eman diete.

Hiru indarkeria maila, erantzunak koordinatzeko

Aldundiak aurkeztu berri duen protokolo instituzionalak indarkeria matxista hiru mailatan banatu du, erantzunak ere zehazteko helburuz.

0 eszenatokia delakoaren barruan, etxeko tratu txarraren ondorioz edo sexu erasoen ondorioz eraildako emakumeen kasuak sartuko lirateke.

1 eszenatokian, berriz, emakumeen nahiz haien seme-alaben erailketak edo erailketa saiakerak sartuko lituzke protokoloak, hitzailea emakumearen bikotea, bikote ohia, senitartekoa, ezaguna edo ezezaguna izanda ere.

Azkenik, 2 eszenatokiko irizpideen arabera tratatuko lituzkete, sexu erasoak, sexu abusuak, lesio larriak eta sexu jazarpen kasuak.

Proiektua abiarazteko lehen pausoa izan da aurkezpena, baina, urtarriletik aurrera, aldundiak udalekin garatuko du kontraste fasea, "helburua lurralde osorako protokolo bateratu bat izatea baita". Horrenbestez, tokian tokiko balizko moldaketak txertatu eta gero, GFAren asmoa da, protokoloa 2018ko uda aurretik erabilgarri izatea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!