Beotibar frontoirako elkarteek aukeratu dituzte pilotariak

Tolosaldeko Ataria 2017ko aza. 30a, 12:52

Amezketako Zazpi Iturri eta Tolosa-Aurrera pilota elkarteek IV. Euskal Herriko Pilota Elkarteen Arteko Nazio Txapelketan parte hartuko dute.

IV. Euskal Herriko Pilota Elkarteen Arteko Nazio Txapelketa Tolosan hasiko da. Beotibarren, abenduaren 2an, 3an eta 6an lehen faseko lehen hiru kanporaketak jokatuko dira.

Larunbatean, 11:00etan, Zegamako Tartaloetxe eta Usansoloko pilotariek neurtuko dituzte indarrak. Lau t’erdian 18 tantora, buruz buru kantxa osoan 18ra, eta binaka 22ra. Bi partida irabazten dituen elkartea bigarren fasera sailkatuko da. Lehen kanporaketa honetan, zegamarrek Matxiandarena sartuko dute kaiolan, Zabala buruz burukoan eta Azketa-Atxa binakakoan. Usansolok, hurrenez hurren, ondorengoak aukeratu ditu: Larrinaga, San Sebastian eta Beldarrain-Gonzalez. Kanporaketa irekia aurreikusten da.


Igandean, 17:30ean, bizkaitarren eta arabarrem arteko kanporaketa jokatuko da. Alde batetik, Lea Ibarrakoak joango dira Beotibarrera, eta bestetik, Lakuako Txukun Pilota Elkartekoak. Biek ongi ezagutzen dute nazio txapelketa hau, aurreko hiru urteetan partaideen artean egon baitira. Bizkaitarren lau pilotariak ondorengoak izango dira: Uriona, Arrizabalaga eta Muniozguren-Uriondo. Hauei aurre egiteko, arabarrek ere lauko zerrenda osaturik dute: Uribe gaztea, Iribarren eta Altube-Perez.


Beotibarko hirugarren kanporaketa, eta Tolosako lehen faseko partidei amaiera emango diena, abenduaren 6an jokatuko da, asteazkenean. 17:30ean hasiko da jaialdia, eta Amezketako Zazpi Iturri izango da elkarteetako bat. Eskualdekoen aurkariak errenteriarrak izango dira, Eple elkartea ordezkatuz. Izen handiko bi eskola, aurrera egiteko gogor lehiatuko direnak. Zazpi Iturri ordezkatuz Egigurenek jokatuko du lau t’erdian. Kantxa osoan, banaka, Adonis ikusiko da, eta binaka Perula Labaka eta Aizpuru. Izenak eta izanak kontuan hartuta, aurtengoan talde bikaina osatu dute amezketarrek. Aurkariak ez dira atzean geratzen, ordea: Chiapuso gaztea, Urmeneta eta Taberna-Zangitu. Txuletaren Asteari hasiera emateko, maila altuko hiru jardunaldi aurreikusten dira Beotibarren.


Lehen faseko laugarren kanporaketa abenduaren 8an jokatuko da, 11:00etan, baina Idiazabalgo pilotalekuan.


IV. edizio honetan 17 elkartek eman dute izena, eta finala otsailarekin batera jokatuko da, Amezketan. III. edizioa Tolosa-Aurrera elkarteak irabazi zuen, eta aurten ere txapeldunak nazio mailako lehian dira. Eskualdeko bigarren eta azken ordezkariak izango dira Tolosa-Aurrerako pilotariak. Iazko lorpenari esker, lehen kanporaketak ez dituzte gainditu beharko eskualdekoek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!