Esperantzaren bila

Bake Artisauek deituta, euskal preso politikoen aldeko mobilizazioa izango da abenduaren 9an Parisen. Frantziako Estatuak presoen aferan «aurrerapausoak» ematea da mobilizazioaren helburua.

Kemena. Indarra. Borroka. Maitasuna. Esperantza. Horien guztien isla dira Pepi Gorostidi (Tolosa, 1939), Gotzone Ijurko (Leaburu-Txarama, 1948) eta Kristina Iruretagoiena (Tolosa, 1948). Gotzone Ijurko Maite Aranalde euskal preso politikoaren ama da eta Kristina Iruretagoiena, berriz, Luis Iruretagoiena Suni euskal preso politikoaren arreba. Biak Frantziako Estatuko espetxeetan daude: Aranalde Renneseko espetxean dago, eta Suni Arenson-en. Pepi Gorostidi Etxerat elkarteko kidea da eta urte asko daramatza euskal presoen eskubideen alde lanean.

Bake Artisauek euskal presoen eskubideen aldeko mobilizazioa deitu dute abenduaren 9an Parisen eta horren harira elkartu dira ATARIA IRRATIA-ko estudioan. Anaje Urkola (Tolosa, 1969) eta Karmele Elizaran (Tolosa, 1953) Tolosako Sare mugimenduko kideak ere gehitu dira hitzordura.

Eskualdeko euskal presoen egoeraren errepasoa egin du Gorostidik: «13 preso daude bailara honetan. Horietatik bi Maite Aranalde eta Luis Iruretagoiena Suni Frantziako Estatuan. Aranaldek 12 urte daramatza preso, eta beste urtebete geratzen zaio Frantzian. «Eta gero?». «Espainiaratu egingo lukete, eta ikusiko dugu zer gertatzen den», azaldu du Gotzonek. «Eta zure anaia?». «Lau urte daramatza Arenson-eko espetxean, baina 2007. urtetik dago preso. Aurretik, Fresnes-eko espetxean igaro zituen beste lau urte».

Galderarik luzatu gabe hasi dira dispertsioaren ondorio «larriez» hitz egiten. Iruretagoiena hasi da: «800 kilometrotara dago Arenson, eta hiru tren hartu behar ditut hara ailegatzeko. Hiru egun pasatzen ditugu bidaiatzen bisita bat egiteko». «Ostiral goizean abiatzen gara, eta igande goizean bueltatzen gara», segitu du Ijurkok.

«Kalkulatu al duzue kostu ekonomikoa?», galdetu die ondokoak. «200 euro baino gehiago kostatzen zaigu bidaia bakarrik, eta horri gehitu behar zaio hotelean igaro beharreko bi gauak. Ia 400 euro gastatzen ditugu bidaia bakoitzean», azaldu du Iruretagoienak.

Gorostidik jarraitu du kontatzen: «Bidaisaria 140 euro inguru izaten da. Gasolina bi aldiz bota behar zaio autoari. Jana ere etxetik ematen dugu, baina azken finean, dena da dirua. Lo ere egin behar dugu; bestela ere nahiko istripu izaten ditugu eta ezin dugu lorik egin gabe ibili. 16 hildako izan ditugu bidean, eta horrek are gogorragoa bihurtzen du dena. Ez guretzat bakarrik, baita presoentzat ere. «Kontuz joan zaitezte», esaten digute. Beldur horrekin bizi da barruan dagoena ere».

Urteak ez dira alperrik pasatzen eta zama pilatzen ari zaie senideei ere. «Ez da nekea, presioa baizik. Hilero-hilero joan behar dugu, beti kezkatuta gaude. Zer falta du? Zein joango da? Euskal Herrian jende ugari dago, eta eskerrak: lagunak dituelako familia ere bai... sekula ez dute bisita faltarik izan. Bestela ez litzateke posilbe izango».

«Jaikitzen garen momentutik gaude kezkatuta. Zer moduz ote dago? Kartzelara deitu behar da bisitak eskatzeko, onartzen dizkiguten edo ez begiratu. Asko geratu dira bisitarik gabe ere. Gauza horiek oso gogorrak dira, eta krispazioa ere sortzen du. Imajina ezazu horrek zer ondorio dituen barruan dagoenarentzat. Urteak ez dira alferrik pasatzen, eta zenbait gurasok ere jada ezin dute joan beren semea edo alaba bisitatzera», salatu du Gorostidik.

GIZARTEAREN ADOSTASUNA, ESPERANTZA ITURRI

Bakegileek deituta, mobilizazioa izango da abenduaren 9an Parisen. «Bake Artisauek Bakearen bidea hasi zuten eta urrats handi bat ikusi genuen apirilaren 8an Baionan: armagabetzea. Beren helburua, ordea, ez zen armagabetzea, bakea baizik. Presoen giza eskubideen urraketaz hitz egiten dugun bitartean, ezin dugu bakeaz hitz egin», azaldu du Urkolak.

Frantziako Estatua aurrerapausoak egiten ari dela dirudi, eta horren adibide, DPS estatusa kendu dieten zazpi presoak. «Gure presoei aplikatzen dieten salbuespenezko legea da. Horrek izugarri okertu du presoen egoera paketeei, bisitei edota patioari dagokionez», adierazi du Urkolak. «Lege horren aitzakian nahi dutena egin dezakete, eta hori arintzea detaile bat da, gutxi da, baina garrantzitsua. Izan ere, dispertsioarekin amaitzeko ezinbestekoa da».

Frantziako Gobernuan baino, jendartean jarri dute arreta gonbidatuek. «Sentsibilitate ezberdineko jendea gutxieneko batzuetan ados dagoela dirudi. Udal ugari mozioak onartzen ari da. Hemen oso arraroak irudituko litzaizkigukeen babesarekin eskatzen ari dira giza eskubideak errespeta ditzatela», azaldu du Urkolak. «Gutxieneko batzuk onartzen baldin baditugu, eman ditzagun pausoak», gehitu du Gorostidik.

Oso garrantzitsutzat jo dute mobilizazioan ahalik eta jende gehien izatea. «Zergatik?» galdetuta, erantzunek ez dute etenik: «Ezagutarazi egin behar dugu euskal presoen egoera. Uholdea izan behar dugu, aukera dagoelako Frantziako Estatuan bide bat irekitzeko. Zazpi presori kendu diete salbuespenezko DPS estatus hori eta horri bultzada emateko joan behar dugu Parisera», adierazi du Elizaranek.

«Espainiako Estatua bakarrik uztera, ea kontzientzia hartzen duen», Gorostidik. «Eta EAJk ere bai. Dispertsioa martxan jartzeko azkar mugitu ziren baina orain...», gehitu dio Ijurkok. «Garbi dago politikoak mugitzeko jendeak mugitu behar duela. Iruditzen zaigu oso eraginkorra dela han argazki jendetsua izatea. Etxeetatik eta sukaldeetatik atera behar dugu egoera larri hau», jarraitu du Urkolak.

«Gauzak asko aldatu dira, baina presoen egoera ez da aldatu. Batzarrak egin dituzte, pausoak eman dituzte, gerturatzeko eskatu dute... eta erantzuna beti ezezkoa izan da,» salatu du Elizaranek. «Nire alaba 88an atxilotu zuten eta orduan esaten genituen gauza guztiak errepikatzen ari gara, eta zenbait egoera are okerragoak dira...», kexatu da Gorostidi. «Gerrak jarraitzen du. Zer ari dira egiten Ibon Iparragirrerekin? Hori mendekua ez bada, zer da?», galdetu du Ijurkok.

«Presoak sekulako zailtasunei aurre egiten ari dira, ados jartzeko egiten ari diren saiakera guztiak, abokatu bat ikusteko dituzten zailtasunekin... Duela bi aste 81 urteko emakumea [Manu Azkarateren ama] joan zen anbulantzia batean Madrilera bere semearen bila. Beraiek prest badaude hori egiteko, gu nola ez gara joango Parisera? Duintasun ekimen horien aurrean, jendarteak ez dauka beste aukerarik: egin beharra daukagu, eta ekarri beharra dauzkagu».

Mikrofonoaren bueltan jarraitu dute hitz egiten dispertsioak eragiten dien guztiaz, presoen egoeraz, Espainiako Gobernuaren jokaeraz... Nabaria da urte hauetan asko sufritu dutela, eta oraindik ere sufritzen jarraitzen dutela. Egoera horri buelta emateko itxaropenaz izango dira beraiek Parisko kaleetan abenduaren 9an. Beste duintasun, indar eta kemenaren erakustaldi bat egiten.

AUTOBUS ZERRENDAK ESKUALDEAN

Parisera joateko autobusetan apuntatzeko zerrendak jarri dituzte eskualdeko hainbat tabernatan. Tolosan, Amaiur, Xirimiri, Ikatza, Elurra eta Asteasuarran; Ibarran, Zubiaurren, Atarin, Errotatxon eta Makiunen; Villabonan, Amasa Kafetegian, Iratzarren, Errekan eta Iru Aldetan; Anoetan, Itzulin, Arkupen eta Goikoetxean eta Lizartzan, berriz, Ostatuan eta Jose Marin.

65 euro balio du autobuseko txartelak; abenduaren 8an, 22:00etan aterako da autobusa eta abenduaren 10ean bueltatuko dira.

Informazio gehiago nahi izanez gero, 674 202 206 edo 606 170 844 telefonora dei dezakete herritarrek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!