Abenduaren 12ko grebara begira daude sindikatuak

Rebeka Calvo Gonzalez 2017ko aza. 30a, 09:00

Alegian pasa den maiatzean egindako grebaren bezperan egindako elkarretaratzea.

Unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoan borrokan daude; hil honetan sektorekako protestak egin dituzte eta aste honetan irakasleen txanda da.

Geroz eta hurbilago dago abenduaren 12a, eta Eusko Jaurlaritzak ez du oraindik, hezkuntza publikoko langileen %87a ordezkatzen duten ELA, LAB eta Steilas sindikatuen gustuko erantzunik eman. Unibertsitate kanpoko hezkuntza publikoan borrokaldi egutegi berria hasi zuten ikasturtearekin batera eta eskaeren zerrenda luzea bada ere, «murrizketak uztea eta hezkuntza politika errotik aldatzea» esaldiarekin borobildu daitezke.

Irailean hasi zituzten protestak eta solasaldi, elkarretaratze, itxialdi eta manifestazioen ostean, azaroan, borroka asteen txanda izaten ari dira. Sektorez sektoreko borrokaldiak izan dituzte, eta aste honetan irakasleen txanda izaten ari da. Borroka asteen barruan, ostegunetan, greba eguna izaten dute eta ondorioz, gaurkoa irakasleen greba eguna da hezkuntza publikoan.


Tolosaldeko zenbait ikastetxe publikotako irakasleek gaur bertan erabakiko dute greba egin ala ez, baina jada bozketa egin duten ikastetxeetatik Tolosako Samaniegok eta Orixek izango dute jarraipen handiena.
Ikasturte hasieran itxitako borroka egutegia abenduan itxiko dute, momentuz, abenduaren 12an greba orokorra egingo baitute unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoan. Sindikatuetakin azaldutakoaren arabera, badirudi irakasleak batez ere, abenduaren 12ko greba orokorrera begira daudela eta gaurko egunak ez duela horrenbesteko oihartzunik izan euren artean.

Eskaerak
Eusko Jaurlaritzak Negoziazio Mahaia deitu zuen, baina «mahaia edukiz hustu» dutela salatu dute sindikatuek eta «proposamenek «desmobilizatzea» dutela helburu gaineratu dute. «Negoziazio Mahaia deitzeko ariketa formala egin duen arren, gobernuak luzatutako proposamena ez da heltzen hezkuntza publikoak behar dituen eta gure aldarrikapenek jasotzen dituzten gutxieneko neurrietara», esan dute.
Sindikatuen ustez badira mahai gainean jarri eta berehala konpondu beharreko hainbat kontu, eta horien artean daude Eusko Jaurlaritzak hezkuntza publikora bideratzen duen diru partida handitu behar duela. Gaur egun BPGren %3,5a bideratzen du Eusko Jaurlaritzak, eta gutxienez %6ra igotzea eskatzen dute, Europar Batasuneko bataz bestekora eta Unescok gutxieneko jotzen duen kopurura hurbilduz.


Era berean, azken urteetan eman den matrikulatzearen igoera kontuan hartuz, langilegoa handitu behar dela diote, gutxienez 1.800 langile gehiago hartuz. Behin-behinekotasuna arazo sorburu dela ere iritzi dute, eta murriztu behar dela uste dute, %6ra murriztu beharko litzateke, zehazki, eta horretarako 6.000tik gora lanpostu egonkortu beharko lirateke.


Soldaten inguruan ere badute eskaerarik. Orain arte eman diren soldata murrizketak bertan behera uzteko eskatu dute; 2009tik Haur eta Lehen Hezkuntzan gutxienez 32.500 euroko galera metatua jasan dutela diote eta Bigarren Hezkuntzan 41.100 euroko galera.


Eskaera horiez gain, Lomce eta Heziberri bertan behera utzi, eta eredu propio baten alde egiteko eskatzen dute. Eredu propio horrek ikasle guztientzako aukera berdintasuna, laikotasuna, euskara, hezkidetza eta hezkuntza burujabetza izan beharko lituzke ardatz.

Ordezkapenak
Jakina da hezkuntza publikoan ordezkapenak eguneroko kontua direla eta horren inguruan esan dute askotan ordezkapenak astebetera egiten direla, horregatik eskatzen dute bajak lehen egunetik betetzea eta bajak «zigortzeari» uztea bajak lehen egunetik bere osotasunean ordainduz.

Zentzu honetan praktiketan dauden langileen artean sortzen ari den ezinegona aipatu dute sindikatuek. Salatu dutenez, ikuskari batzuk «praktiketan ari diren funtzionarioen artean zalaparta eta beldurra» ari dira sortzen. «Greba egiteak euren jardunean eten bat dakarrela esan dute eta beraz, praktikaldia baldintzaturik egon daitekeela diote».

Horren aurreran ELA, LAB eta Steilas sindikatuek argi utzi nahi izan dute greba langile guztiek duten eskubidea dela, «eskubide unibertsal eta aitortua da». «Eskubidea denez, juridikoki oinarririk ez du ikuskariek adierazitakoak, greban daudenean gure egoera teknikoa alta berezia da, eta beraz, altan gaude, ez dago etenik gure lanean», esan dute.


Praktikak irauten duten bitartean sei hilabetez aritu behar direla gogoratu dute, eta grebak ez duela eragozpenik sortzen, ezta amatasun kasuetan ere. «Bestalde, praktika aldia gainditutzat ematea edo ez, ez dagokio ikuskariari, kalifikazio batzordeari baizik».

Horiek horrela hainbat ikuskarik duten jarrera salatu dute sindikatuek, «langileon eskubideak urratzen saiatzeaz gain, beldurra lau haizetara zabalduz greba baldintzatzen eta boikoteatzen ari direlako, Hezkuntza sailari lan zikina eginez. Horrela jarraituz gero, jarrera hori duten ikuskarien aurka salaketa jartzeko aukera landuko dugu», esan dute sindikatuek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!