Eneko Maiz munduko azpitxapeldun

Tolosaldeko Ataria 2017ko aza. 28a, 08:21

Eneko Maizek Mexikoren aurka galdu zuen finala Munduko Trinketeko Pilota Txapelketan, 22 urte azpikoen mailan, Buenos Airesen. Billabonatarrak final-laurdenetako ligaxkan aurkari beraren aurka jokatu zuen, eta orduan ere galdu egin zuen. Finaleko emaitza ondorengoa izan zen: 15-6/14-15 eta 10-6.

Finalaren ondoren, Maiz gustura baina penaz zegoen: «Helburua finalera iristea zen. Taldeko aurkariak zeintzuk ziren ikusi nuenean, aurrera egiteko aukerak nituela ikusi nuen. Ligaxkan mexikarraren aurka galdu egin nuenez, bigarren postuan sailkatu nintzen, eta beste multzoko lehenaren aurka jokatzea tokatu zitzaidan. Horrek gauzak pixka bat zaildu egin zizkidan, Frantziako ordezkaria profesionaletan ari baita jokatzen Ipar Euskal Herrian. Partida gogorra izan zen, baina helburua lortu nuen».

Sei egunetan bost partida jokatu ditu billabonatarrak, eta finalean nabaritu egin zuen, «batez ere bukaeran». Balorazio positiboa egiten du hala eta guztiz ere Maizek: «Lopez mexikarrak ligaxkan nire aurkako partida bakarrik jokatu zuen, bestetan ordezkoak aritu baitziren. Finalera ni baino freskoago iritsi zen. Lehen set-ean usaindu ere ez nuen egin. Dena atera zitzaion berari, eta ni urduri xamar edo lotuta ibili nintzen. Nekea eta tentsioa nabari nuen. Bigarren set-ean sakearekin asmatu nuen, eta 10-4 galtzen joan arren, 11-14 jarri nintzen. Gero 14na jarri ginen, eta azken tantoa nire alde izan zen. Horrek indar pixka bat eman zidan, eta berak kolpea jaso zuen. Azken set-ean, freskotasunik gabe geratu nintzen eta nire aukerak ez nituen aprobetxatu. Pena izan da finala galtzea, baina egindako bidearekin gustura, zailtasun handikoa izan baita.

Munduko txapelketaren inguruan izandako giroa ere azpimarratzekoa izan dela esan du Maizek: «Izugarria izan da giroa eta tentsioa, eta jendearen animoak; bai trinketean bertan eta baita Euskal Herritik ere».

XAREAREN TXOKOA

Ametsa 20

Amikuze 40

Aipamenak: Ametsako bikotea Apeztegia eta J.Apeztegiak osatu zuten larunbatean. Amikuzeko ordezkariak Christophe eta Pierre izan ziren. Azken hauek erraz nagusitu ziren hasiera-hasieratik. Irurarrek, aldiz, ohi baina huts gehiago egin zituzten.


BINAKAKOARI HARRERA

Jokin Altunari harrera egin zioten atzo Gipuzkoako Foru Aldundian. Lau t'erdiko txapelagatik zoriondu zuten politikariek. Txapela hori, ordea, atzean geratu da eta amezketarra profesional mailako bigarren txapelaren bila dabil dagoeneko. Binakakoa asteburuan hasi zen, eta Martijarekin batera lehen garaipena lortu zuen Altuna III.ak, Mikel Urrutikoetxearen eta Ladis Galarzaren aurka.

Sailkapenean bigarren jarri dira, baina final-laurdenetako ligaxka oraindik luzea da, hamalau jardunaldi baititu. Lehen lau sailkatuak finalerdietako ligaxkara pasako dira.

Larunbatean jokatu zuten Altuna III.ak eta Martijak Iruñeko Labrit pilotalekuan. Amezketarra izan zen partidako izarra. 11 tanto egin zituen Aspeko aurrelariak, sakearekin hiru, eta lau pilota galdu. Martijak pilota bakarra galdu zuen, eta tanto bat egin. Hala eta guztiz ere Galarzak maiz erakutsi zion bizkarra amezketarraren atzelariari. Horren jakitun, Jokin Altunak pilota zail ugari kendu zizkion Martijari, bikote-lanean. Hurrengo partida, Elezkano II-Rezustaren aurka jokatuko dute.

BINAKAKO TXAPELKETA

Lehen jardunaldia

Urrutikoetxea-Galarza 16 Altuna III-Martija 22

Hurrengo jardunaldia Tolosa CF (1.)-Mariño (7.)

Sailkapena

Final laurdenak, ligaxka

1. Olaizola II-Imaz 1-0 2. Altuna III-Martija 1-0

3. Bengoetxea VI-Larunbe 1-0



 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!