Bailara mailako begirale eskola jarriko dute martxan

Tolosaldeko Ataria 2017ko aza. 27a, 16:20

Zubimusu ikastolak eta Ikastolen Elkartearen baitan dagoen Aisiola taldeak antolatu dute begirale eskola. 2016-2017 ikasturtean Zizurkilgo udalarekin elkarlanean burutu zen, eta aurten, Aduna, Larraul, Alkiza eta Amasa-Villabonako udalek ere konpromiso bera hartu dute.

Zubimusu zubian aurkeztu dute ekimena Ana Santamaria eta Nerea Zumeaga ikastolako ordezkariek eta bertan izan dira Maite Izagirre eta Joxe Mari Luengo, Amasa-Villabona eta Zizurkilgo alkateak, bi herrietako Ibon Ariznabarreta eta Maite Amenabar zinegotziekin.

Egitasmo honen atzean dagoen helburu nagusia gazteak aisialdirako gaur egun jendarteak eskaintzen dituen baloreak baino haratago joatea da. Horrela adierazi du Nerea Zumeaga Zubimusu ikastolako zuzendari gerenteak: "Ez dago soberan esatea gure jendartea gero eta kontsumistagoa dela, eta merkatuaren jo puntuan, zalantzarik gabe, besteak beste, gazteak daude. Euskararen erabilera ere aisialdian sustatu beharra dago. Gazteek aisialdian barneratzen dituzten baloreak, eta horrekin batera automatikoki hartzen duten jarrerak, bizitza osasungarritik urruntzeaz gain, sormenerako aukera gero eta mugatuago gelditzen ari da".

Beraz, begirale ikastaro honekin hainbat helburu banatuko dituzte: osasuna kontzeptu integral gisa (fisiologikoa, psikologikoa eta soziala); ludikotasuna (pertsonen artean harremanak aberasteko, gatazkak konpontzeko, hobeto bizitzeko); elkartegintza (pertsonak bildu, ideiak konfrontatu, adostu, ideia kolektiboak eraiki, elkarrekin lan egin...); balore hezitzaileak bultzatu (aniztasuna, parekidetasuna, jasangarritasuna...); eta euskara eta euskal kultura sustatu (aisialdia gure herriaren irizpide linguistiko eta kulturalak bultzatzeko).

Ikastaro teoriko-praktikoa

Aisiola taldean egituratuta dauden zortzi pertsona ezberdinek emango dute 150 orduko ikastaroaren zati teorikoa. Aurten araudi berri bat jarri da martxan eta horren arabera, Lanbide erakundeak bideratuko du begiraleen formazioa. Horretarako talde homologatu batek ikastaroa eskaini behar du eta Aisiolak badu eskuduntza hori. Pertsona hauek aisialdiaren gaian trebatuta daude, eta hezikidetzari erreparatuz, neskak zein mutilak izango dira. "Teorikoa deitzen diogun atalari dagokionez, ikastaro honen filosofia jarraituz, ez genuke planteatu nahi aisialdiaren inguruan 'klase magistralak' balira bezala. Garrantzi handia eskaini behar zaie pedagogia berritzaileei", esan du Zumeagak. Bigarren atala guztiz praktikoa izango da, hau da, udalekuetan haur, ume edota gazteekin antolatzen den udaleko batean parte hartu beharko da. Atal honen iraupena 160 ordukoa da.

Gazteen esku utziko da atal teorikoko saioen kudeaketa. "Balore gehiagarria da beharrezkoa den erabakia lortzeko gaitasuna eta autonomia erakustea", nabarmendu du Zumeagak. Saio bakoitza lauzpabost ordukoa izango da, "eta orokorki, ostiral arratsaldeak edo larunbata goizak erabili izan ohi dira. Beste aukera bat, oporraldiko astebete bat erabiltzea izan daiteke". Antolatzaileen esanetan, "gaiarekiko jarrera eta prestutasuna dira baloratzen diren konpetentzia nagusiak". Erantzukizuna, autonomia, iniziatiba eta sormena ere bultzatuko dituztela hitz eman dute. "Hala ere, ebaluazio irizpide hauek ez dira inoiz ere selektiboak izango, eta ikastaro honek duen filosofia jarraituz, ikastaroa bateratzailea izango da. Begiraleen buru-estimua indartzeko baliagarria izan behar du".

2000. urtean edo lehenago jaiotako gazteei zuzenduta dago eta abenduaren 1etik 31era bitartean interesatuek Zubimusu ikastolako idazkaritzan eta Aduna, Alkiza, Zizurkil, Larraul edo Amasa-Villabonako udal bulegoetan eman dezakete izena. 450 euro ordaindu beharko da matrikula eta aipatutako bost udalerrietan bizi diren gazteei matrikularen erdia ordainduko die diru laguntza gisa. "Ikastaro hau beren xedeekin bat datozelako, aisialdia, gazteria eta euskara bultzatzeko balioko duelako. Aldi berean, laguntza honen bitartez, herrian bertan gazteriaren inguruan udalak antolatzen dituen ekimenetan inplikatzea eskatzen zaie begiraleei (udalekuak, gaztezuloak...)", esan du ikastolako zuzendari gerenteak.

Ikastaroaren lehenengo saioa 2018ko urtarrilaren 13an izango da, Zizurkilen. Ondoren, Zubimusu ikastolak dituen eraikinetan eta ekimen honekin bat datozen bailarako udalerrietan burutiko dira saioak, txandaka.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!