Indarkeria matxistaren aurkako eguna 2017

Beldurrarekin larrutan

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko aza. 25a, 08:49

Eufemismo gehien biltzen dituen praktika izango da, akaso; horrelakoak gertatzen dira, zerbait egunero errepikatu, baina inoiz esan nahi ez denean. Izan ere, prostituzioa ez da, alferrik, «munduko lanbiderik zaharrena»: parekidetasun ukigarri batera bidean, harimutur gehien lotzea eskatzen duen gaia izan liteke.

Prostituzioak ukitzen du sexu heziketa, ukitzen ditu estereotipoak, ukitzen du indarkeria matxistarik bortitzena, eta baita klasismoa ere. Prostituzioa iristen da norberekoikeriaren muinetara, iristen da pornografia zalantzan jartzera, eta iristen da pertsonak objektuen prezioan saltzen dituztenen poltsikora ere. Baina, gai horietan guztietan zer esana izanagatik, prostituzioak nekez lortzen du gizarteko kezken erdigunea hartzea.

Balizko urruntasunagatik izan liteke. Ordea, iazko otsailean, sexu-esplotaziorako sare bat desegin zuten, Gipuzkoan eta Kantabrian (Espainia) eta, aste honetan bertan, 12 pertsona atxilotu ditu poliziak, Bizkaian eta Nafarroan, emakumeen salerosketa egotzita; prostituzioan aritzera behartzen zituzten. Orobat, munduan 60.000 pertsona dira salerosketaren biktima, eta %70 emakume eta neskatoak dira; asko, ia denak ez esatearren, prostituzioan aritzera behartzen dituzte.

Gerturatze horretan fokua jarriz, Euskal Herrian prostituzioan aritzen diren pertsonen %96,6 emakumeak dira; %5,4 transexualak dira, eta gizonak %3,4. Amaia Las Heras Arrats elkarteko kideak azaldu duenez, etxe partikularretan eta klubetan aritzen dira gehienak: «Gipuzkoan ia ez da kaleko prostituzioa existitzen. Etxeetan aritzen diren zenbait beren kontura aritzen dira, edo partekatutako pisuetan; hirugarren pertsona baten menpe aritzen direnak ere badira, irabazien zati bat gela ordaintzera bideratuz. Bestalde, klubetan aritzen dira asko». Arrats elkarteak aholkularitza soziala, juridikoa, psikologikoa nahiz osasun arlokoa eskaintzen die, besteak beste, prostituzioan aritzen diren pertsonei. Erakunde autonomoa da, baina Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren nahiz hainbat udalen babesa jasotzen dute, beren jardunerako. Las Herasek azpimarratu duenez, hiru zailtasun nagusi izaten dituzte prostitutek: etxebizitza aurkitzea, lan kontratu ezegonkorrak direla-eta; osasun arreta jasotzea, EAEko txartelik ez dutenek; eta lanbidearen estigmari aurre egitea, «askok bizimodu bikoitza egiten baitute».

Arrakala bat

Prostituzioak urtetan zabaltzen joan den arrakala sortu du mugimendu feministaren muinean eta, gaur egun, oraindik, bi iritzi nagusitzen dira: abolizionistena eta erregulazionistena.

Lehenengoen ustez, prostituzioa indarkeria matxista da, bere horretan, eta giza-eskubideen aurkako erasotzat dute praktika, besteak beste, pertsona salerosketaren eskutik joan ohi delako; prostituzioa desagerraraztea dute konponbidetzat, eta erabat gaitzesten dute gainerako lanbideekin parekatzea. Suediako eredua dute erreferentzia, 1999. urtean prostituzioaren aurkako politika argiak gauzatzen hasi baitziren: prostituzioa indarkeria eredutzat dute, eta bezeroak zigortzeko sistema bat garatu zuten.

Suediaren atzetik, Norvegiak (2008), Islandiak (2009) eta Frantziak (2016) antzeko ereduak marraztu dituzte beren herrialdeetan, prostituzioaren auzia mahai gainean jarriz. Suediarren arabera, prostituten kopurua «nabarmen» jaitsi da eta, hala ere, urtean salerosketaren 500 biktima inguru artatzen dituzte oraindik. Ereduaren aurkako hainbat ahotsek iruzurtzat jo dute sistema.

Erregulazionistek, berriz, prostituzioan erabaki propioz ari direnei begiratzen diete, haien erabakitzeko eskubidea aldarrikatuz. Horrela, jarduera arautzea dute helburu, prostituten eskubideak gainerako langileen eskubideekin parekatzeko. Alemaniako eredua ProstG ezarri nahiko lukete, prostituzioa lanbide baten gisan erregulatzen duen legea. 2011. urtean ezarri zuten eta, gaur egun, prostituzioak 14.000 milioi euro sortzen ditu Alemanian, autoen industriak baino gehiago. Datuen arabera, 400.000 emakume esplotazioaren biktima dira klubetan, eta %95 emakume migratzaileak dira. Aldekoek lan baldintzen egonkortzea azpimarratzen dute eta, aurkakoen ustez, eredu alemaniarra proxenetentzako diru-laguntza programa baten pareko da.

Iritzi eta eredu truke horretan, Arrats elkarteko kideek ez dute jarrera zehatzik hartu nahi: «Prostituzioan aritzen diren pertsona gehienak diruagatik aritzen direla? Bai, noski, baina lan egiten duen jende guztia bezala; lana ez dugu plazerez egiten. Boluntarioa izatea kontu erlatiboa da, eta beste kontu bat da pertsona salerosketarena. Guk beren eskubideen alde lan egiten dugu, badakigulako kolektibo hori hemen dagoela, eta ez dela desagertuko. Erantzun bat eman behar zaie».

1999. urtean lanean hasi zirenez geroztik, prostituzioaren egoera ez da gehiegi aldatu, Arrats elkarteko Amaia Las Herasen iritziz. Prostituta gehienek atzerritarrak izaten jarraitzen dutela dio eta, beharbada, gaur egun ezkutuagoan aritzen direla. Donostia dute egoitza, baina Tolosaldera ere zabaltzen dute beren jarduna, klubetara bisitak eginez. Besteak beste, kondoiak banatzen dizkiete, eta baita GIB nahiz bestelako transmisio sexualeko gaixotasunen probak egin ere.

Las Herasek gizartea horri begira heztearen beharra azpimarratu du, «prostitutak bakean utzi behar» direla berretsiz: «Nahikoa daukate daukatenarekin, eta ez diote inori minik ematen».

Erlazionatuak

«Putazaleek isiltasuna erosten dute»

Itzea Urkizu Arsuaga 2017 aza 25 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!