Indarkeria matxistaren aurkako eguna 2017

«Lehenengo pertsonan bizitakoa azaltzeak boterea dauka»

Imanol Garcia Landa 2017ko aza. 23a, 10:55
Bertha Gaztelumendi, Donostiako Zinemaldian. ULISES PROUST/©DONOSTIAKO ZINEMALDIA

Azaroaren 25aren harira, hainbat herritan Bertha Gaztelumendik (Irun, 1962) zuzendutako Volar dokumentala emango dute.

Atzo bertan Tolosan erakutsi zuten Leidor aretoan. Bihar Bidania-Goiatzen emango dute, udaletxean, 19:00etan, eta ondoren solasaldia izango da. Zizurkilen ere bihar emango dute, 19:15ean, Plazida Otaño liburutegian; aurretik elkarretaratzea izango da Joxe Arregi plazan. Alegian, etzi emango dute Elizpe zineman, 19:00etan plazan egingo duten elkarretaratzearen ondoren. Villabonan asteazkenean emango dute, 19:00etan, Gurea aretoan, eta bertan izango dira zuzendaritzako kideak eta filmean parte hatu duten zenbait emakume.

Indarkeria sufritu duten bederatzi emakumeren testigantza jasotzen ditu filmak. Nola sortu zen dokumentala egitearen ideia?

Emakundek proiektu bat bultzatu zuen indarkeria jasan zuten emakumeekin. Eta hor sortu zen lan talde bat bederatzi emakumezkoekin. Urtebete baino gehiago bilerak eginez, lana eginez, egon ginen. Asmoa zen beraien bizipenak, beraien esperientziak, beraien pentsamenduak eta indarkeriaren inguruko guztiak azaltzea. Erreparazio proiektu bat zen. Horretan jarri ginen lanean, konfiantzazko giro batean, eta testigantza izugarriak eman zituzten. Hori guztiarekin zer egingo genuen pentsatzen hasi eta beraiek oso garbi zuten aipatutako guztia gizartearen zerbitzura jarri nahi zutela. Guk badakigu, baina gizarteak jakin nahi du, eta gizarteak ez du arazo honen dimentsioaren neurria. Hainbat ideia sortu ziren hori dena gizarteratzeko eta horietako bat izan zen dokumental bat egitea. Gero beraiek aurrerapausoa eman zuten beraien intimitatean gordetako bizipen horiek publiko egiteko prest egotean.

Horixe izan da, beraz, pelikularen helburua, beraien testigantza horiek publiko egitea.

Beraiek lehenengo pertsonan bizitakoa jartzen dute entzun nahi duenaren esku. Horrek boterea, indarra, ausardia eta benetakotasuna dauka. Nik jasan dut hori eta horrela izan da, eta horrela sentitu naiz. Eta hori askoz ere zuzenagoa da, inork ez baitaki ondo zer gertatzen den etxeko atea ixten denean.

Behar bat dago beraz hori dena erakusteko, gizarteratzeko?

Bederatzi emakumezko hauek konprometituak dira indarkeria honen kontrako borrokan, eta beraiek daukaten tresna da beraien testigantza, eta hori gizartearen esku jartzea. Indarkeriari buruz gauza asko esaten dira, baina ezagutu agian azaletik egiten da. Datuak ematen dira, baina kalitatezko errelato bat gutxitan izaten da, eta kamera aurrean partekatzeko oraindik ere gutxiago. Aukera bat ere bada horrelako egoera batean dauden emakumeei ikustarazteko. Izan ere, filmean esaten dutenez, urteak pasatzen dira konturatu arte zertan zauden sartua.

Nabarmentzekoa da filmean agertzen diren emakumeen aniztasuna.

Nabarmendu da berez. Ez da aukeratu bat arkitektoa izatea, bestea unibertsitate irakaslea eta bestea garbitzailea izatea. Beraiek izan dira nahi izan dutenak parte hartzea. Horrek erakusten du teorian esaten dena, hau da, edonori gerta dakiokeela. Ez daudela klaseak, ez daudela herrialdeak... horrelako gauza bat gertatzeko.

Donostiako Zinemaldian estreinatu zen dokumentala. Ze harrera izaten ari da?

Egia esan, oso ona. Jendeak baloratzen du batetik emakumezko horiek duten ausardia, eta bestetik hauek onartu dute ere mezu positibo bat duela. Hau da, esaten dute beraiek pauso hori eman dutela eta indarkeriatik atera daitekeela.

'Volar' dokumentalaren aurkezpena Donostiako Zinemaldian. ULISES PROUST/©DONOSTIAKO ZINEMALDIA

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!