Xexili Egunaren harira, kalejirak eta kontzertuak

Tolosaldeko Ataria 2017ko aza. 22a, 09:00
Adunan aurreko ostiralean egin zuten Loatzo musika eskolakoek emanaldia.

Xexili Eguna ospatzen da gaur, musikarien eguna. Eta noski, musika izaten da protagonista egun honen inguruan antolatzen diren ekitaldietan.

Loatzo musika eskolako ia herri gehienetan gaur arratsaldean egingo dituzte ekitaldiak. Bi abesti joko dituzte herri guztietan kalejirak hasi aurretik eta bukatu ondoren: Do Re Mi eta Bat, bi, hiru, lau abestiak batuz sortutakoa eta Don't worry, be happy. Ekitaldiak bukatu ondoren, merienda egingo dute herri guztietan.

Asteasun kontzertu berezia egingo dute etzi, Usarrabi frontoian. 80 musikaritik gora ariko dira oholtza gainean, mota guztietako musika eta instrumentuak jotzen. Dagoeneko laugarren edizioa du, eta urtetik urtera arrakasta handitzen doa. Gainera, edizio bakoitzean sorpresaren bat prestatzen dute antolatzaileek. Aurtengo edizioak, hain justu, gonbidatu berezi bat izango du: Eñaut Elorrieta gernikarra, Ken Zazpi talde ezaguneko kantaria. Zenbait kantu bakarrik egingo ditu, eta beste hainbatetan herriko musikariekin batera ariko da. Emanaldiaren sarrerak bi euro balio ditu.

Tolosari dagokionez, atzo kalejira berezia egin zuten musika eskolako ikasleek, Eduardo Mokoroa musikaria gogoan hartuz. Bestalde, igandean ohiko kontzertua izango da Leidor aretoan.

XEXILI EGUNAREKIN LOTUTAKO EKITALDIAK

Azaroak 22, gaur

Loatzo musika eskolako kideek antolatutako ekimenak:

Zizurkil. 18:00etan San Millan eskolatik abiatuko dira kalejiran eta Zimiteriora joango dira, bertan emanaldia egiteko .

Villabona. 18:00etan Errebote plazatik abiatu eta herritik kalejira egin ondoren Errebote plazan amaituko dute. Dultzaineroak eta txistulariak ariko dira kalejiran.

Irura. 18:00etan Loatzo plazatik abiatuko dira eta garbilekuan geldialdia egingo dute. Ondoren plazara abiatuko dira bertan amaitzeko. Eguzki Goxo abesbatzak ere parte hartuko du ekimenean.

Anoeta. 18:00etan Mikelasagasti aretoan emanaldia egingo dute, eta ondoren kalejira egingo dute plazaraino. Kuku abesbatzakoek parte hartuko dut ekimenean.

Ibarra. 18:00etan Txumitxa atzeko plazatik abiatuz, kalejira egingo dute plazaraino.

Alegia. 18:00etan eskolatik atera eta Larraitz auzoan kalejiran ibili ondoren plazan bukatuko da. Loatzoko ikasleen txaranga ariko da kalejiran.

Altzo. 18:00etan eskolatik abiatuko dira eta plazaraino joango dira.

Azaroak 24, ostirala

Asteasu. Usarrabi frontoian 22:00etatik aurrera 80 herritar elkartuko dira estilo anitzeko musika jotzen, gisa guztietako instrumentuekin. Eñaut Elorrieta bertan izango da gonbidatu gisa.

Azaroak 26, igandea

Tolosa. Udal Txistulari Bandak, Musika Eskolako dultzaineroek, Isidro Larrañaga akordeoi orkestrak eta Tolosako Musika Bandak kontzertua eskainiko dute, 12:00etan, Leidor aretoan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!