Altunarekin bakarrik ez da bizi pilota

Asier Imaz 2017ko aza. 17a, 13:11

Jokin Altunak eskualde osoa mugituko du igandean. Batzuk, Bilbora joango dira, Bizkaia pilotalekura, eta besteek, telebistaz jarraituko dute. Pilota jaialdia 16:45ean hasiko da, eta Lehen Mailako Lau t'erdiko Txapelketaren finala, bigarren partida izango da: Urrutikoetxea vs. Altuna III.a. Amezketarraren kaiolako hirugarren finala izango da.

Promozio mailakoa Artolaren aurka galdu zuen; lehen mailakoa, iaz, Bengoetxea VI.aren aurka. Hirugarrengoan saiatuko da txapela lortzen. Urrutikoetxeari irabaziz gero, buru bakarrera joango litzateke txapela, baina bere babesa, Euskal Herri osora.

Bilboko jaialdia Jaka-Rezusta eta Arteaga II-Larunberen arteko partidarekin hasiko da. Itxiera berriz, Agirre-Zabala eta Dario-Erostarbek emango diote.

Asteburuan, ordea, badira pilota kontu gehiago. Tolosako Beotibar pilotalekuan Izaskun Ayestaran ibartarra eta Rosa Soroa elduaindarra omenduko dituzte. Bi emakume raketista. 19:00etan Beotibarren kinielak jokatuko dira. Frontoi jatetxean, aldi berean, erakusketa jarriko dute. Goizean ere emakumeak izango dira protagonista Beotibarren. 11:00etan Euskal Herriko zesta puntako nesken topaketa antolatu dute Xisteraren laguntzarekin. Beotibar Elkarteko hiru pilotari bertan izango dira: Aroa Goenaga, Izaro Cuerdo eta Maddi Jauregi.

Igandean, hilak 19, Emakume Master Cup Txapelketaren finalerdiak jokatuko dira Berrizen, 12:00etatik aurrera. Elite eta lehen mailako zortzi partida izango dira, eta ETBk zuzenean emango ditu. Maider Mendizabal anoetarrak elite mailako partida jokatuko du jaialdi horretan. Maddi Mendizabal zaldibiarra izango da bere aurkaria finalean sartzeko lehian.

Gipuzkoako txapeldun

Xabier Zubiria berrobitarrak eta Aratz Irazustabarrena alegiarrak jantzi zuten iragan larunbatean lehen mailako Gipuzkoako txapela. Intxurre taldearen izenean aritu ziren, txapelketan zehar Asier Artola amezketarrarekin batera, eta Zumarragan lortu zuten garaipena. 22-10 izan zen bukaeran markagailuak azaldutako emaitza baina uste baino zailagoa izan zen bertara iristea. Aurkariak Ilunpe talde azpeitiarrekoak ziren. Aurrean, Egiguren gaztea, oso bizia eta tantoa bukatzen abila, eta atzelari Salegi itziartarra oso seguru eta jotzailea izan zituzten.

Partida osoa parekatua joan zen. Tanto bakoitza oso borrokatua, eta hasieran tanteoa ere horrela azaltzen joan zen. Aurretik joan ziren azpeitiarrak bederatzigarren tantora arte, baina handik aurrera zuzenean alde egin zuten Zubiria-Irazustabarrenak 19-9 jarriz, eta geroxeago partida amaitu arte. Alegiarra indartsu ibili zen, eta oso pilota gutxi galtzeaz gain oso ondo babestu zuen kantxa. Dominatzera ere iritsi zen askotan eta hori aurrean Zubiria berrobitarra edukita tantoak etorriko diren seinale da. Erraz bukatu zuen tantoa Zubiriak, asko mugiarazi zituen aurkariak eta nahasketa guzti horretan jartzen duen erritmo eta indarrarekin tantoak bata bestearen atzetik Intxurrekoen alde erortzen ziren. Azkenean beraz txapela beraien buruan eta eskuz binaka Ezker Hormako Kluben Arteko Gipuzkoako Txapelketaren irabazle moduan azaltzen zuten garaikurrak ekarri zituzten.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!