Argindarraren kontsumoen informazio egokia eskuratu eta kontrolatzeko saio praktikoak

Tolosaldeko Ataria 2017ko aza. 15a, 16:28

Tailer hauek Gipuzkoa Argitu izeneko programaren baitan kokatzen dira eta bere helburua Gipuzkoako sektore ezberdinei (etxebizitzak, merkataritza, enpresa txikiak...) energiaren kontsumoaren murrizketa lortzea eta eraginkortasuna handitzea da, modu erraz batean.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetarako Departamentuak, Tolosaldea Garatzen agentziarekin eta eskualdeko udalekin elkarlanean, Gipuzkoa Argitu programaren baitan, elektrizitate-kontsumoari buruzko datua ezagutzeko eskubidea praktikan jarri eta hortik abiatuz erabaki egokiak hartzeko balio duten doako tailerrak antolatu ditu datozen asteetan.

 

Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Foru Departamentuak baliabide-multzo bat jartzen du lurraldeko eragile ezberdinen eskura; hala nola, aurrez aurreko prestakuntza-saioak, on-line tutorialak, aurrez aurreko aholkularitza-zerbitzua Energia Azoketan, Gipuzkoa Argitu programaren web gunea, eta abar.

 

Azkenik, aipatu, Tolosaldea Garatzen garapen agentziak Tolosaldeko Energia Plana martxan duela eta Gipuzkoako Foru Aldundiak martxan jarri duen ekintza hau efizientzia energetikoaren aldeko lan ildoan kokatzen da ezinbestean, izan ere, herritarrek ahalik eta informazio gehien jasotzea du helburu, norberak bere etxean, eguneroko bizitzan, beharrezko neurriak har ditzan energia aurrezteko.

Hauek dira, datozen egun hauetarako iragarritako hitzorduak:

 

Azaroak 15, asteazkena

-Zizurkil. 20:00. Udaletxeko bilkura gelan.

-Ibarra. 18:00. Txontxo areto berrian.

Azaroak 20, astelehena

-Tolosa. 19:30. Kultur etxean. Izen emateak azaroaren 24a baino lehen, edurne@izadi21.eus helbidean edo 628 532 302 telefonoan.

Azaroak 27, astelehena

-Larraul. 19:30. Kultur etxean. Izen emateak azaroaren 24a baino lehen, udala@larraul.eus helbidean edo 943 69 30 42 telefonoan.

Azaroak 28, asteartea

-Villabona. 18:30. Mintzolan. Izen emateak azaroaren 24a baino lehen, leire@laiacoop.net helbidean edo 605 757 687 telefonoan.

Azaroak 30, osteguna

-Altzo. 19:00. Pleno aretoan. Izen emateak azaroaren 22a baino lehen, udala@altzo.eus helbidean edo 943 65 24 13 telefonoan.

Abenduak 5, asteartea

-Berastegi. 18:00. Udaletxeko balioanitzeko gelan. Izen emateak azaroaren 29a baino lehen udala@berastegi.eus helbidean edo 943 68 30 00 telefonoan.

 

Tailer horietan Gipuzkoa Argitu programaren web orrian argitaratu diren hiru tutorialak praktikan jarriko dira (www.argitu.eus). Tutorial horietan gure kontsumo datuak ezagutzeko jarraitu beharreko pausoak zehazten dira. Hori guztia ezinbestekoa da kontsumoak murrizteko, aplikatzen diguten tarifa egokitzeko, eta egiaztatzeko ea kontratatutako potentzia egokia den.

 

Iberdrola Distribución enpresaren tresnari esker (argindar banatzailea baita ia Gipuzkoa osoan), erabiltzaile bakoitzak bere datuak ikusi ahal izango ditu, eta horrela jakin dezake kontsumoa zenbatekoa izan den, eta neurriak har ditzake kontsumoa murrizteko eta argindarraren faktura optimizatzeko. Tutorialari esker honako datu hauek jakin ditzakegu: Nola eskuratu zure argindar kontsumoaren datuak. Nola murriztu kontsumoa eta nola aukeratu tarifarik egokiena. Nola egiaztatu kontratatuta daukazun potentzia dela benetan behar duzuna.Argitu proiektu pilotua 2015. urtean abiatu zen, eta, hari esker, 400 familiak ezagutu zuten beren etxebizitzetako argindar kontsumoaren eguneroko kurba; hala, aukera izan zuten jokatzeko, aurrezpen energetikoko neurriak hartuz eta beren kontratu elektrikoa optimizatuz. Programa pilotuaren emaitzak esanguratsuak izan ziren, zeren eta etxebizitzek % 6 inguru murriztu baitzuten beren argindar kontsumoa ekimenak iraun zuen urtean zehar. Proiektuak halako emaitza onak izan zituenez, Ingurumeneko Departamentuak erabaki du Gipuzkoa Argitu izeneko programa berri hau diseinatzea, lurralde osora iritsi ahal izateko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!