Eskualdean bertan informazio eta komunikazio teknologietan trebatzeko

Imanol Garcia Landa 2017ko aza. 15a, 11:55
IKT astearen aurkezpenean, Tolosaldea Garatzeneko Ixiar Arratibel lehendakariordea eta Olatz Peon lehendakaria, Pablo Martinez Enpresa Digitaleko arduraduna eta Unai Andueza enpresa saileko arduraduna.

Tolosaldeko Informazio eta Komunikazio Teknologien Astearen 9. edizioa azaroaren 20tik 24era egingo da. Hamar ikastaro antolatu dira eta guztiak doakoak dira, eskualdeko udalek eta Enpresa Digitalak finantzatuak.

"Hasieran enpresa txikiei zuzenduta zegoen IKT Astea eta gaur egunean beste multzo eta taldeei ere zabaldu zaie parte hartzea, hau da, eskualdeko merkatariei eta publiko orokorrari zabalduta dago", azaldu du Olatz Peon Tolosaldea Garatzeneko lehendakariak. Lehiberri zentroan zein Tolosako Oriaburu eraikinean eskainiko dira ikastaroak. Goizekoak enpresei zuzendutakoak izango dira, eguerdikoak merkataritza sektoreari eta arratsaldekoak herritarrei zabalduta daudenak. "Helburua da eskualdeko enpresei zein norbanakoei lehiakortasuna hobetu eta bultzatzea", esan du Peonek. "Gaur egunean teknologiaren gizartean bizi garela argi dago. Negozio berriak sortu dira, tradizionalak direnak egokitzen joan dira eta horretarako aste hau garrantzitsua izaten da bereziki eskualdeko enpresentzat".

Tolosaldeko IKT Astea 2009an hasi zen eta Tolosaldea Garatzenek eta Lehiberri Foroak martxan jarri zuten. "Garai hartan beste garapen agentzietan ez zen egiten", esan du Peonek. "Hemen sortu zen egitasmoa egitearena, beharra ikusi ondoren, eta gaur egunean beste garapen agentzietan ere antolatzen dira horrelakoak". Bestalde, parte hartze datuak gorantz doazela azaldu dute antolatzaileek, eta iazko edizioan 204 pertsonek parte hartu zuten saio ezberdinetan. "Uste dugu garrantzitsua dela balioan jartzea aste honen antolaketa", gaineratu du Peonek.

Tolosaldeko Lanbide Heziketa Institutuarekin elkarlanean antolatzen dela azaldu du Peonek. "Enpleguaren eta horren ondorioz baita ere garapen ekonomikoan aktore garrantzitsua da lanbide heziketa, eta heziketaz gain beste hainbat proiektuetan ere sakontzen dute urtean zehar, Agenda 21ean, TKgunean, Lanbide Heziketa azokan... Harreman zuzena dute eskualdeko enpresekin, beraz, elkarlan hau ere balioan jarri nahiko nuke".

Bere aldetik, Pablo Martinez Miramon Enpresa Digitaleko arduradunak azaldu duenez, "guretzako plazer bat da berriro egitasmo honetan elkarlanean aritzea. Aukera ematen digu eskualdeetara iristeko eta enpresei zuzenean informazioa emateko, normalean parke teknologikoetan egiten duguna, gure kasuan Miramonen". Hiru ikastaro mota daudela nabarmendu du Martinezek, eta ekimen bakoitzak gero eta indar gehiago hartzen ari dela. Enpresei eta norbanakoei parte hartzeko deialdia egin du, eta Mondragon Unibertsitateak egitasmoan duen parte hartzea eskertu du.

Unai Andueza Tolosaldea Garatzeneko enpresa sailaren arduradunak Enpresa Digitalari eskertu dio urte guzti hauetan IKT Astea antolatzeko "gurekin batera apustua egin duelako", eta emandako diru laguntza zein edukiak definitzerakoan egindako lana eskertu ditu ere. Ikastaroei dagokionez, doakoak izateaz gain, saio guztiek berezitasun bat dutela nabarmendu du Anduezak: "Prestakuntza pilula deritzona. Hau da, ez dira trebakuntza sakonak, baina bai oso praktiko eta erabilgarriak. Nahi duguna da etortzen diren pertsonak saio horietatik zerbait eraman dezatela eta guztiz aplikagarria izan dadila beraien jardunean".

Ikastaroetan izena emateko epea irekia dago oraindik, eta aukera dago bai lehiberri.eus bai Euskadi Innovaren webguneetan egiteko, lehiberri@tolosaldea.eus helbidera idatziz edota 943 654501 zenbakira deituz.

IKASTAROAK

1. Lehiberri zentroan egingo direnak, 09:00etatik 13:00etara.

  • Azaroak 20, astelehena. Zer da industria 4.0? Oinarrizko printzipioak.
  • Azaroak 21, asteartea. Zibersegurtasuna: nola babestu nire enpresa segurtasun intzidenteen aurrean.
  • Azaroak 22, asteazkena. Enpresarentzako 'Hodeiko' zerbitzuak.
  • Azaroak 23, osteguna. Erreminta digitalez produkzioa hobetu.
  • Azaroak 24, ostirala. Datuen babesa.

2. Oriaburu eraikinean egingo direnak, 14:15etik 16:15era.

  • Azaroaren 20tik 24era. Learn by doing bitartez, saltokien mesedetan teknologia berriei errentagarritasuna ateratzen ikasiko dute.

3. Oriaburu eraikinean egingo direnak, 18:00etatik 20:00etara.

  • Azaroak 20, astelehena. Teknologiek eguneroko eginkizunetan duten eragina. Robotak eta adimen artifiziala: etsai ala lagun?.
  • Azaroak 21, asteartea. Linkedin lana bilatzeko bitarteko.
  • Azaroak 22, asteazkena. Eguneroko teknologia: azken gadget harrigarriak.
  • Azaroak 23, osteguna. Sare sozialekin eta nerabeekin kontuan hartu beharreko arriskuak eta zuhurtasun neurriak.

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!