"Desobedientzia ekimena" abian, erraustegiaren aurka

Ataria 2017ko azaroaren 14a

Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak salatu duenez, "Biodonostiarentzat osasun frogak egiteko eskakizun eskutitzak jaso dituzte hainbat herritarrek, erraustegiaren proiektua dela eta". Hori salatzeko hasi dute desobedientzia ekimena.

 Ezinbestekotzat jo dituzte froga toxikologiko, epidemiologiko eta antzekoak, baina azpimarratu dutenez, "horrelako ikerketa egin egin dituzte dagoeneko eta batzuk duela gutxi argitaratu dira gainera". Azpimarratu dute ikerketa "guztien" ondorioa bera dela: "Harremana dago erraustegi baten ondoan bizitzearen eta hainbat gaitzen artean".

Erraustegiaren aurkako mugimenduko kideen arabera, 450.000 euro gastatu dituzte horrelako frogetan, eta ulergaitzat jo dute orain eskutitz horiek bidali izana: "Orain arte oso ziur esan dute erraustegiek ez dutela inolako kalterik sortzen osasunean, eta orain osasun frogak egiteko eskakizun hauek egiten dizkigute. Bizilagun batzuei kezka eta beldurra ere sartu zaie".

Era berean, nabarmendu dute Osakidetza bidez egin nahi dituztela froga horiek: "Ikerketa pribatuak diru eta zerbitzu publikoaren kontura?, galdetu dute oharrean.

Desobedientzia ekimena martxan

Horri erantzuteko, "desobedientzia ekimen txikia" jarri zuen abian atzo Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak. Ostirala bitarte, goizetan eta eguerdietan, 943 02 27 04 telefono zenbakira deitzeko deia egin diete herritarrei, "alferrekoa, xahutzailea eta osasunarentat kaltegarria den erraustegiarekiko kezka, protesta eta aurkakotasuna" adierazteko.

Era berean, ikerketan parte hartzeari uko egiteko eskatu dute eta alternatiba merke eta osasuntsuagoak aldarrikatu dituzte: "Alternatiba horiek dagoeneko martxan daude Gipuzkoan, lurralde osora zabaltzea eskatzen dugu".

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!