Sexua identitate aldetik gizon eta emakume izatea da, bitarra da, gizon edo emakume zara, eta bietako bat zara, bai ala bai.
Generoa aldiz, eraikuntza kultural bat da. Sexu bakoitzari lotzen zaion ezaugarri edo iruditeria bat eraiki da gizartean, eta horien araberakoa da generoa. Kultura bakoitzak bere ezaugarriak ditu generoa eraikitzeko. Inguruko jendeak, bizitzak, historiak... baldintzatzen duten zerbait da. Generoa eraikitzen da, azken finean.
Gizartean ematen den bi kontzeptuen arteko nahasmena azaltzerakoan badago kontuan hartu beharreko elementu bat; banakakoaz harago, badagoela iruditegi kolektibo bat. Horrek eramaten gaitu generoaz hitz egiterakoan, emakumeez eta gizonez bakarrik hitz egitera.
Hirugarren kontzeptu baten inguruan hitz egitea komeni da ere, sexualitatea.
Zer da sexualitatea? Norberak nola bizitzen duen bere sexua. Sexuak ematen dizkizun gauza guztiak bizitzea da sexualitatea, bai biologikoki, bai psikologikoki, edota bai ernazionalki ere. Gizon edo emakume bezala egiten dugun edozein gauza da sexualitatea.
Nahasmena beharbada, gauza asko denborarekin zikintzen joan direlako ematen da, batez ere erlijioa dela eta. Sexualitatearen zatitxo bat asko zikindu da, erotikaz ari gara. Baina sexualitatea ez da erotika bakarrik, egia da azkenean denborarekin hori zikinduz joan dela eta morala sartzen joan dela, errudun sentiaraztea... Horrek eraman gaitu gauza txiki horretatik, zikintasuna sexualitatera zabaltzera, eta horrek eraman du sexuaz hitz egitea tabua izatera. Emakumeen kasuan are gehiago, izan ere, kultura androzentrista batean bizi gara, gizonaren eredua da nagusi. Hori medikuntzan ere ikusten da; aztertzen diren biologia liburu ia guztiak gizonen gorputzak erakusten dituzte.
Badago ere aipatu beharreko beste zerbait. Askotan aipatzen da emakumeen garuna halakoa eta gizonena bestelakoa dela, baina garun maskulino batez edo garun femenino batez ari beharko ginateke. Haurdunaldian eta jaiotze prozesuan gaudenean hormona batzuk ditugu, testosterona eta estrogenoa, gizon eta emakumeen hormonak, hurrenez hurren. Jaso dugun hormonen arabera, gure garuna femeninoagoa edo maskulinoagoa izan daiteke. Hori adreiluzko horma batekin irudikatu daiteke. Adreilu bakoitzak gure sexualitatearen ezaugarri bat edukiko luke. Esate baterako, espazioaren orientatze femeninoagoa izanda ere genital maskulinoagoak izan daitezke. Horrek ez du esan nahi horma hori urrutitik begiratuta femeninoagoa izan ez daitekeenik. Nik oso garun femeninoa izan dezaket eta gizon sentitu, eta oso horma maskulinoa duen gizon bat bezain gizona naiz. Hor hasten dira generoaren lehenengo adierak.
Emakume zein gizon izateko pertsona adina modu daude. Generoak lotura estua du estereotipo hitzarekin. Emakumeek normalean hau egiten dute esan beharko genuke, aukerak zabalduz. Gaussen kanpaia esaten zaio horri; beti dago ehuneko zabal bat pixka bat moldatu daitekeena eta badago beste zati bat ez dena moldatzen. Garun oso maskulinoak dituzten emakumezkoak ere badaude eta alderantziz, hor dago koska.
Lehen bi urteak
Prozesu hori guztia, batez ere, lehen bi urteak baino lehen ematen da. Bai haurdunaldian eta baita jaio eta lehen urte horretan ere. Hor gehiena zehazten da, baita identitate aldetik ere. Intersexualitatearen kontua ere hor sartzen da, beste saioren batean jorratuko duguna. Nerabezaroan ere badaude aldaketa txiki batzuk, azken puntuak finkatzen dira epe horretan, baina egia esan, sentsazio eta bizipen aldetik sexualitatearen lerro orokorrak nahiko finkatuta egoten dira bi urteetarako.
Beste kontu bat ere badago; epigenetika. Gaur egun oso bogan dago. Lehen eskolan irakasten ziguten behi batek berezko hainbat ezaugarri dituela eta horiek ez direla inoiz aldatuko, baina gaur egun genetika aldagarria dela ikusten ari dira, eta jaiotzean ditugun geneak moldatzen direla inguruaren arabera, ez da oso muturreko aldaketa, baina moldatzen dira. Gure bizipenek ere gure biologia aldatzen dutela ikusten ari dira, beraz. Maila biologikoan eta kulturalean ematen dira aldaketa horiek.
Kulturak, eraikitzen den horrek, badu eragina gure identitatea finkatzerakoan. Latinoamerikan edo hemen gauzak oso bestelakoak izan daitezke, dantzak ikustea besterik ez dago.
Euskal Herrian genero aldetik nahiko irekiak garela esango nuke, Latinoamerikan adibidez, generoak oso banatuta daude, oso finkoak dira, emakumearen 'lana' eta gizonena oso finkatuta dituzte. Iraultza ematen ari da Euskal Herrian, eta generoak ez dauden horren argi. Egia da etiketak jartzen direla, baina arazoa sortzen da maskulinotzat jotzen diren hainbat gauza egiten dituen emakumeari emakume izatea aitortzen ez zaionean edo esatean ez dela horren emakume. Emakumea da eta oso emakumea izan daiteke gainera, hala sentitzen badu behintzat. Hor dago arazoa, pertsona bat egiten duenaren arabera baloratzen dugunean.
Zentzu horretan, badago datu kurioso bat. Amerikar natiboek bost genero ikusten zituzten eta ez bi. Batetik gizonak eta emakumeak ikusten zituzten, eta bestetik, bi espirituko gizonak eta bi espirituko emakumeak ikusten zituzten. Hau da, fisikoki gizonak ziren baina emakume sentitzen ziren gizonak zeudela eta fisikoki emakume ziren baina gizon sentitzen ziren emakumeak zeudela onartzen zuten. Eta bosgarren generoa ere bazuten, transgeneroak. Transgeneroaren kontua ari gara berreskuratzen gaur egun, genero jariakorra (fluido) delakoarekin.
Genero jariakorra egun, aldarrikapen moduan hartzen da. Ezarritako sistemarekin haustearren edo, genero bitartasun hori hautsi nahi da. Badago jendea esaten duena ez dela sentitzen gizarteak uste duen gizon, eta ezta gizarteak uste duen emakume, eta beraiek erabaki nahi dute zer izan, momentuaren arabera. Esate baterako, gaur makillatuko naiz eta gizartearentzat emakume izango naiz, eta bihar ile motza eramango dut eta gizartearentzat gizona izango naiz. Aldarrikapen soziala dela esango nuke nik, eta kateak haustea ere badela.
Gure ikuspegia etengabe gizon eta emakume artekoa da: orain 'gizonen gauzak' egitean ari naiz eta orain 'emakumeen gauzak', genero jariakorrak hori hautsi nahi du.
Erotika
Desira ere aipatu genezake. Zerk pizten edo berotzen gaitu? Genero jariakorra aldarrikatzen duen norbaitengan ohikoena izango litzateke, desirari edo erotikari dagokionez ez ixtea gehiegi. Oso ohikoak dira euren burua pansexualtzat dutenak. Hau da, pertsonak dituzte gustuko, bere sexuaz harago.
Bada garaia buruak ireki eta ohiko terminologia zabaltzekoa ere. Sexualitatean jada ez dira homosexual eta heterosexual eta horrelako hitzak erabiltzen, sexuaz hitz egiteko, behintzat. Desiraren orientabide bezala beste hitz batzuk erabiltzen dira.
Ginerastia eta andrerastia erabiltzen dira orain. Emakumeak gustuko dituztenentzat ginerastia da hitz egokia. Hitz horrekin mutil heterosexual baten eta emakume lesbiana baten gustuak laburtzen dira, biak dira ginerastak. Mutil homosexual bat eta neska heterosexual bat, berriz, andrerastak izango dira.
Etiketak kentzeko modua irekitzen dute hitz horiek. Berdintasunera iristeko modu bat izan daiteke, eta ez hitz horien erabilpenarengatik, pentsatzeko modua zabaldu daitekeelako baizik.
Entzun nahi al duzu gaurko Mingaina Txulora saioa? Pornoari buruz hitz egingo dugu 21:00etatik aurrera!