Menditik etxera

Imanol Garcia Landa 2017ko aza. 9a, 07:11
Irudian, Orendaingo Zelaieta eta Amezketako Oteiza Goikoa baserrietako artzainak.

Aralarko larreetatik ardiak ekartzeko garaia iritsi da; Orendaingo Zelaieta eta Amezketako Oteiza Goikoa baserrietako artzainek mendiko larreen garrantzia nabarmendu dute.

Orendaingo Zelaieta baserriko Maider Murua eta Joxe Antonio Garmendia senar-emazteak artzainak dira, eta azken honen anaia Joan Marirekin batera Zelaieta gazta ekoizten dute. Bi borda dituzte Aralarren, Esnaurreta eta Kobaurre izenekoak, eta mendira igotzen dituzte ardiak maiatzetik azarora. «Udaberrian aurrena lehor samarra zegoen, jana justu samar izan genuen, baina gero euri pixka bat egin zuen eta nahiko ondo joan da uda», esan du Joxe Antonio Garmendiak. Belarrarentzat euria «maiz antzean» egin behar duela diote. «Aurten maiatza nahiko lehorra izan da eta belarra gutxi samar zegoen. Gero euria egin zuen eta mendia ondo jarri zen San Juan inguru horretan». Hazten den belarrarekin moldatu behar izaten dute mendian ardiek: «Ez badago belarrik, ardiek gutxiago janda egin behar diote aurre. Eguraldiaren menpe gaude guztiz».

Amezketako Oteiza Goikoa baserriko Jon Ander Goñi eta Ainhoa Zuriarrain senar-emazte artzainak gustura daude uda nola joan den ikusita. Zotaleta borda dute beraiek Aralarren, eta baserriaren izen bereko gazta egiten dute. Goñik azaldu duenez, «aurtengo uda ona izan da, eta ardiak oso ondo datoz menditik. San Pedro Eguna arte eguraldi ona izan zen, eta gero uztailean eta abuztuan mendian hotz eta laino dezente izan da, baina ardiak ondo ibili dira».

Ardiak mendietako larreetatik baserrira eramateko prozesua pixkana egiten dutela dio Muruak: «Aurrena behera ekartzen ditugu umea egin behar dutenak. Mendian elkartzen ditugu ardi guztiak eta ikusten ditugu ume egiteko zein dauden, eta horiek behera jaisten ditugu. Gero ikusten joaten gara, astero, zein ari diren aurreratzen umea egiteko eta horiek jaisten». Urtero prozesu berdina egiten dute. «Badaude artzain batzuk denak batera jaisten dituztenak. Hori bizi zaren lekuaren arabera ere izaten da», gaineratu du Muruak. «Gu menditik gertu gaudenez, errazago egiten zaigu. Baina artzain batzuek kamioian eraman behar izaten dituzte eta horiek denak batera eramaten dituzte». Aralarretik jaisterakoan lehenengo pausoa Larraitzera eramatea izaten da Zelaietakoentzat. Ondoren Abaltzisketara, eta azkenik etxera, Orendainera. Eguraldiaren arabera zehazten dute noiz eramango dituzten ardi guztiak etxera, baina normalean azkenak San Martin inguruan eramaten dituzte eta aurten ere horrela egingo dute.

Ardiak Aralarrera igo eta baita behera jaisteko ere oinez egiten dute bidea Zelaietakoek zein Oteiza Goikoakoek. Amezketarrek larunbatean eraman zituzten etxera azken ardiak. «Umea hartuta dauden ardiak lehenago jaisten ditugu. Urtebeteko bildotsak ere lehenago ekartzen ditugu, pixka bat indartzeko eta negua errazago pasatzeko», esan du Goñik. «Gero sailkatzea tokatzen da, ume egiteko daudenak barruan izan eta jana gehiago eman, eta atzeratuago dutenak baserri inguruko larreetara eraman. Oraindik beste hilabetez larrean ibili daitezke».



EGUNERO BI ALDIZ JEZTEN

Maiatzaren 1etik aurrera larreratu daiteke ganadua Aralarrera, baina abeltzain eta artzain guztiek ez dute hasierako data horretan eramaten. Zelaieta baserrikoek normalean maiatzaren bukaeran igotzen dituzte ardiak eta aurten ere horrela egin dute. «Ekaina guztian zehar jezten ditugu ardiak eta gazta egiten dugu. Gero antzutu egiten dira ardiak eta denok egiten dugu deskantsua, ardiek eta artzainek», esan du Muruak. Oteiza Goikoakoak maiatza erdialdera antzuak ziren ardiekin igo ziren eta jeztekoekin ekainaren 10ean. 25 egunez aritu ziren mendian jezten.

Artzain bakoitzak bere borda du eta bere larreak ardientzako. Ardiak jetzi eta gaztak egiten aritzen diren hilabete inguru hori bertako bordetan pasa ohi dute. Hain justu, ardiak mendian izaten dituzteneko lan karga handiena hasierako hori izaten da, ardiak jezten direnean. Zuriarrainek azaldu duenez, «jeztekoak aparte mantentzen ditugu gure txabolaren eremutan, beste martxa bat dutelako. Goizean txabolara ekarri behar dituzu, jetzi, gero berriz bidali, eta gero arratsaldean berriz eraman txabola ingurura eta berriro jetzi».

Eguna lotua izaten dutela dio Goñik: «Eguraldi ona egiten badu, dena oso polita dago, baina lainoa, euria eta eguraldi txarra dagoenean, aldatu egiten da panorama». Ardi guztiak jezteko anaiaren laguntza izaten du, eta gazta ere egunean bitan egiten dutela dio: «Batzuek badute generadorea esnea hoztu eta gero gazta egunean behin egiteko, baina guk ez, eta, beraz, jetzi eta segituan gatzagia eman eta gazta egin behar izaten dugu». Lanaldi luzea izaten dela dio. Iluntzean ordubatak arte-edo egon daitezke lanean, eta gero goizean bost eta erdiak aldera martxan jarri ardien bila joan eta berriro jezteko.

Bordetara joan-etorriak egiteko Zelaietakoak Esnaurretara kotxez joan daitezke, eta Goroskintxuko pista egin zenetik baita Kobaurreraino ere. «Aukera izatea bi bordetara kotxez iristeko mesede handia da gero lanerako. Bizi kalitatea da guretzat», esan du Muruak. Oteiza Goikoakoak Ariñateraino autoz joaten dira eta gero oinez 30-40 minutuko bidea dute bere bordaraino. «Bordara eraman behar duguna, materiala eta jana, zaldiekin eta saskiekin eraman behar izaten dugu», esan du Zuriarrainek. «Bordaraino autoz iritsiko bagina asko aldatuko litzateke guretzat bizi kalitatea».



ORAIN, ERDITZEEN GARAIA

Muruak dioenez, ardiek badakite noraino den beraiei dagokien eremua Aralarren. «Ardiei bere garaian erakusten zaie nondik nora ibili daitezkeen, eta ikasita izaten dute. Gutxi gorabehera mugara iristen direnean, buelta ematen dute». Ardiak Aralarren dauden bitartean baserriko lanak ere berdin egin behar direla dio Garmendiak: «Lana ez da bukatzen. Belarra egin, itxiturak berritu, ongarriak atera... beti dago lana». Zuriarrrainek gaztek ematen duten lana ekartzen du gogora: «Gaztak hozgailuan daude eta mimatu egin behar dituzu. Salmentak ere segitu behar du, jendea etortzen da eta horiek ere artatu behar dira».

Behin ardiak etxeratzen direnean, erditzeen garaia iristen da. «Arkumeak kentzen dira eta horien amak jezten hasten gara eta gazta egiten hasten gara», esan du Muruak. Abenduan-edo hasten dira eta ekaina bitarte jarraitzen dute jezten eta gazta egiten, maiatza arte etxean eta gero Aralarren. Erditze garaia «gogorra» izaten dela dio Goñik: «Ume egiteko dauden ardiei begiratu behar zaie gauez eta egunez. Gauean bi orduz behin jaikitzen gara ikusteko nola doazen, eta erditzea ondo tokatzen bada ondo, baina batzuetan txarrak ere tokatzen dira. Beraz, gaupasa batzuk ere izaten dira».

Aralarrera eramatea ardientzako onuragarria dela diote bi baserrietakoek. Muruak dio behean ez direla garbitzen: «Beraien osasunarentzako hobea da udan Aralarrera joatea. Ardiek badakite noiz iristen den joateko garaia eta gustura doaz». Goñik gaineratu du ardiak «hemen behean biriketatik izorratu» egiten direla. «Mendian, altura horietan, ardia saneatu egiten da, eta artzaina bera ere lasaitu egiten da ardiak ondo ikusitakoan».

Aralarrek beste askatasun bat ematen diela dio Muruak: «Han beste era batera bizi gara, naturan erabat. Beste bizimodu bat da. Goizeko eta iluntzeko jezteko obligazio hori ez dugunean dena aldatzen da». Zuriarrainek gaineratu duenez, «nekazaritzatik bizi garen gehienok naturarekin zerikusi handia dugu. Natura ikuskatu behar dugu, animaliek ere naturarekin harremana dute eta guk hor ere atentzio bat izan behar dugu. Denak azken finean lotura bat du».

Aralarrek artzainentzat «asko suposatzen» duela dio Zuriarrainek: «Ikerketak eginak daude, ardiei bizia luzatzen zaiela azalduz eta biriketatik-eta osasuna hobea izaten dutela». Bestalde, baserriaren inguruko belardiak zaintzeko eta maneiatzeko ere aukera ematen duela nabarmendu du ardiak Aralarren dauden bitartean. Bere aldetik, Muruak uste duenez, «ganaduak mendia behar du saneatzeko eta mendiak ganadua behar du garbi egoteko».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!