Garraio publikoko murrizketak bertan behera uzteko eskatu dute

Ataria 2017ko aza. 2a, 12:16

Podemos-Ahal Duguk eta EH Bilduk salatu dute Gipuzkoako Foru Aldundiak autobus zerbitzuak murrizteko asmoa duela; aurreproiektua bertan behera uzteko eskatu diote.

Patricia Gete (Podemos-Ahal Dugu) eta Jon Albizu (EH Bildu) Gipuzkoako Batzar Nagusiko batzarkideek ebazpen proposamena aurkeztu dute gaur. Adierazi dute Diputazioaren erabakiak "ezinegona" eta "aurkakotasuna" sortu dituela hainbat herri eta sektoretan. "Murrizketek Tolosa, Villabona, N-1, Buruntzaldea eta Donostiako autobus loturei eragingo diete, eta kasu batzuetan, zerbitzuen erdia baino gehiago desagertu egingo dira", salatu dute.

Era berean, azaldu dute azken hilabetean Gipuzkoako Diputazioak 3.000 alegazio baino gehiago jaso dituela; tartean, baita LAB, ELA eta UGT sindikatuenak ere. 

Gete eta Albizuk azaldu dutenez, Gipuzkoako Aldundiak aurreproiektua behin betiko onartuko balu, egungo garraio zerbitzuak murrizketa "nabarmena" jasango luke: "Gaur egun, autobus zerbitzuak 3,5 milioi kilometro egiten badituzte, aurreproiektu hau behin betiko egitasmo bihurtzen bada 2,7 milioi kilometro egingo lituzke. Horrek %23ko murrizketa orokorra esan nahi du eta zazpi lineatan izango luke eragina". 

Azkenik, EH Bilduk eta Podemos-Ahal Duguk aurreproiektu hori bertan behera uzteko eskatu diote Foru Aldundiari eta udalerrietako ordezkariekin, sindikatuekin eta erabiltzaileekin konponbide adostu bat bilatzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!