Herrilanaren uzta, zubi berrien emaria

Tolosaldeko Ataria 2017ko aza. 1a, 10:29

2016an Errigorak 14.000 saski banatu zituen eta 175.000 euro bideratu euskalgintzara; 2017an 208.000 ontzi kontzerba kudeatu; 2018ko helburua zubigintzan eragitea da.

Errigorak abiatu du aurtengo Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka kanpaina. Urriaren 26an hasi eta azaroaren 14a bitartean eskariak egiteko aukera egongo da.

Bosgarren edizioa abiatu berri du jada Errigorak, eta aurreko lau edizioak batuta 600.000 euro baino gehiago bideratu dira nafar hegoaldeko euskalgintzako proiektuetara.

Eskualdean aukera zabala dago saski zuriak edo beltzak eskatzeko: Anoetako ikastolan; Ibarrako Goxobin eta Uzturpe ikastolan; Irurako ikastolan; Tolosako Inmakulada ikastolan, Laskorain ikastolan, Galtzaundi euskara taldean, Lizardi elkartean, udal euskaltegian eta Villabonako udaletxean eta Zubimusu ikastolan.

Gune hauetako batzuetan gainera aldez aurretik eskaria online egiteko aukera dago errigora.eus webgunearen bitartez eta ondoren zuzenean uzta jasotzera joan: Tolosako Laskorain ikastolan edo Galtzaundi euskara taldean eta Villabonako udaletxean, esaterako.

KARPA IBILTARIA

Errigora proiektua, egun 25 ekoizpen enpresak sostengatzen dutena, herriz herri aurkeztuko da karpa ibiltari batekin eta aurtengo leloari bultzada emanez: Herrilana.

Herrilan horretan ezinbestekoak dira zubiak eta horrela erakutsi dute proiektuaren sustatzaileek: «2017-2018 ikasturtea zubigintzaren urtea izango da. Ikasturteko erronka zubiak gurutzatzen segitzea eta zubi berriak marraztea izango da». Azken batean, «Herrilana ekitea da. Egitea. Eraikitzea», azpimarratu dute.

Bosgarren kanpainak ekarriko dituen egutegiak ere ezagutarazi dituze Errigoratik. Esaterako, urtero saskiak prestatzeko Ablitasen egiten den herrilana aurten kanpainaren erdian kokatu eta «inoiz baino apustu sendoagoa» proposatu dute ekimenetik; azaroaren 2an hasi eta azaroaren 5ean bukatuko da. Etzi, ostegunez, Lodosa, Viana eta Tuterako ikastolako haurrak bildu eta Porrotxekin batera Herrilanean ariko dira kartoizko kutxa batzuk prestatu eta olio errota bat bizitatzen.

Ostiralean, Ablitaseko kooperatiban saskiak muntatuko dituzte eta larunbat eta igandean berriz, Euskal Herri osotik bildutako boluntarioekin saskiak prestatu eta jai giroan asteburu pasa egingo dute, Tuteran.

Asteburuan jasoko den uztaren emaitzarekin harro sentitzen dira Errigoratik: «Herrien arteko zubiak eraikitzeaz gain, herritarren artekoak ere berebiziko garrantzia baitute».

Honela, lanak programatuta eta aurreratuta, euskaltzaleen azken hitza etorriko da orduan. Errigorak proposatzen dituen saski zuri eta beltzen eskariei ekitea: nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!