Bihar Bastidan segiko du Txapelketa Nagusiak

Ataria 2017ko urriaren 26a

Finalaurrekoen lehen itzuliko aurreneko saioa ospatuko da bihar eta azaroaren 4koan, Maulen, Beñat Iguaran ariko da.

Udal kiroldegian, 17:00etatik aurrera oholtza gainean izango dira bihar, Agin Laburu, Igor Elortza, Jon Martin, Jone Uria, Nahikari Gabilondo eta Sustrai Colina. Guztiak prest, Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaurrekoen lehen itzuliko lehen saioan kantatzeko.

Fase honetan 24 bertsolari ariko dira. 18 dira aurreko fasetik sailkatutakoak Oihana Iguaran eta Beñat Iguaran tartean eta 6 duela lau urteko txapelketako finalean aritutakoak eta fase honetara zuzenean sailkatutakoak Aitor Mendiluze kasurako. Lehen itzulian lau saiotan lehiatuko dira (Bastida, Irun, Maule-Lextarre eta Durango) eta saio bakoitzeko irabazleak bigarren faserako pasea ziurtatuko du. Gainerako 14 bertsolariak puntuazioaren arabera sailkatuko dira hiru saioz osatutako bigarren itzulira.

Maulera joateko autobusa

Hurrengo hiru finalaurrekoan Irunen, Maulen eta Durangon ospatuko dira. Zuberoako hiriburuan, azaroaren 4an jokatuko den saioan ariko dira Beñat Gaztelumendi, Etxahun Lekue, Julio Soto, Nerea Elustondo eta Nerea Ibarzabal, Beñat Iguaran amasarrarekin batera.

Harituz bertsozaleen elkarguneak Maulera joateko autobusa antolatu du. Azaroaren 4an, Tolosako zezen plazatik 11:00etan aterako da eta Villabona, Zizurkil eta Lasarten egingo ditu geldialdiak. Saioa bukatu ondoren, 20:30 inguruan itzuliko da. Autobusean lekua eskatzeko 695 75 14 50 zenbakira idatzi beharko da, WhatsApp bidez. Bestalde, Mauleko herri bazkarian bazkaltzeko 681 811 439 (Pantxika) telefonora hots egin beharko da.

Azken finalaurrekoa Durangon ospatuko da azaroaren 12an eta bertan ariko dira Tolosaldeko beste bi ordezkariak: Aitor Mendiluze eta Oihana Iguaran. Iñaki Apalategi, Jon Maia, Miren Amuriza eta Miren Artetxerekin batera kantatuko dute finalaurrekoen lehen itzuliko azken saioan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!