Erraustegiaren aurkako barraskilo operazioa, gaur

Jon Miranda Labaien 2017ko urriaren 26a

Auto karabana 18:00etan abiatuko da Belartzatik, eta besteak beste, Villabona eta Zizurkil zeharkatuko ditu, «alternatiba badagoela» esateko.

«Alternatiba egingarria, merkeagoa eta osasun bermeak errespetatzen dituena» jarri nahi dute mahai gainean bigarren auto karabana honekin, eta Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak adierazi duenez, «oraingoan autobidea kolapsatzea ez da helburua izango». Ibilbidea herri gehiagotara zabaldu dute euren aldarria hara eramateko, eta besteak beste, Lasartetik abiatuta, Zizurkil, Villabona, Andoain, Urnieta, Hernani, Añorga eta Antiguo zeharkatuko dituzte.

Erraustegiaren obren berehalako lan uztea eskatuko dute gaurko ekimenaren antolatzaileek eta borondate politikoa eskatuko diete azpiegituraren bultzatzaileei, hondakinen gaiari irtenbide «merkeago eta justuago» bat emateko. «Ausardiaz jokatzeko» deia luzatu diete eta «interes pribatu eta partikularrak alde batera utziz, gipuzkoarrontzat komenigarriagoak diren neurriak hartzera» gonbidatu dituzte.

Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak jakinarazi duenez, herri askotan %70eko gaikako bilketa lortzen ari dira eta udalerri batzuetan %90era iritsi dira. Dinamika horretara bildu diren azken udalerriak Urretxu eta Zumarraga izan dira. Bi herri horietan errefusarentzako edukiontzi grisa txip bitartez zabaltzen dute astean bitan eta, aldaketa hori eginda, %45etik %70era pasa da gaikako bilketa tasa.

Erraustegiaren Aurkako Mugimenduaren esanetan, «aldaketa txiki batzuek berehalako emaitzak ekarri dituzte, eta gainera denetan interesgarriena, hiru alderdi nagusien artean (PSE-EE, EH Bildu eta EAJ) lortu da adostasuna». Gipuzkoako zati batean, beraz, alternatiba «martxan» dela irizten dio mugimenduak eta horregatik «ausardia politikoz jokatu eta neurri eraginkor horiek Gipuzkoa osora, batez ere biztanle askoko guneetara zabaltzea» eskatu diete arduradun politikoei. «Neurri eraginkor horiek probintzia guztira zabalduta errefusa tonak asko murriztuko lirateke eta erraustegi garesti eta toxikoa ezereztuko lukete, bide merkeago eta osasuntsuagoak ahalbidetuz».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!