[GUTUNA] Betiko leloa?

Ana Gorostidi Pagola eta Amagoia Eskudero LarraƱaga 2017ko urr. 26a, 09:40

Betiko leloa esatean, Merkataritza Askeko Itunez (MAI) ari gara. Egunetik egunera, geroz eta gehiago ditugu entzungai, eta, horren aurrean, argi utzi nahi dugu izenburuan eginiko galderaren erantzuna ezezkoa dela.

Hasteko, azkenaldian gehien entzun den eta apirilaren 21ean partzialki behin-behinekoz ezarri zen CETAren ibilbidea aipatu beharra dago. Europar Parlamentuak joan den otsailean onetsi zuen ituna, eta orain Europako nazio desberdinetan data desberdinetan ari dira bozkatzen. Behin betikora iritsi ahal izateko, nazio guztiek berretsi behar dute, eta, horren harira, Europar Batzordeak proposamen bat egin berri du, non parlamentu nazionalak TTIP bezalako merkataritza hitzarmenei buruzko bozketetatik at uztea dioen.

Europar Batzordeak plazaratutako proposamenari buruz gutxienik pare bat zeresan baditugu. Batetik, CETA benetan martxan jartzeko zailtasunak izan ditzaketela dirudi. Espainian aurrera doan arren, pasa den ekainean kongresuan berretsiz eta senatuan bozkatzeke egonik, Frantzian oraindik bozkatzeke dago —urrirako aurreikusia—, eta, beste hainbat lekuren antzera, berresteko zailtasunak egon daitezke. Bestetik, proposamen horrek demokrazia hitza pikutara bidaltzen du. Diotenaren arabera, erabakitzeko eskubidea dugu baina nork uler dezake herritarrok aukeratu ez dugun eta batzuek nahi dutelako ezarri duten Europar Batzordeak estatuei gutxieneko boterea kentzeko proposamena egitea? Esan beharra dago Batzordearen arabera erabakiak Europar Parlamentuak hartzen dituela, baina errealitatean azken hitza europar parlamentariena ez dela azpimarratu nahi dugu; hitzarmen bat guztiz adosteko aldaketaren bat egin beharra izan denean, herritarren zein herritarren ordezkarien oniritzirik gabe egin izan du Europar Batzordeak. Beraz, utz diezaiotela gezurrak esateari.

Aurreko paragrafoak argi helarazten digu kalera irteteak zukua ematen duela. Noski, horrek ez du esan nahi nahikoa dugunik; egoera okerrera doa, eta oraindik asko dugu egiteke. Momentu honetan, pil-pilean bi MAI ditugu zeintzuk ez diren berriak. Horietako bat aipatua izan den TISA dugu (Zerbitzuen Merkataritzari buruzko Hitzarmena), eta berrartzeko asmoa zutela helarazi zuten pasa den kurtsoan. Bestea, JEFTA dugu (EB eta Japoniaren arteko MAI), zein politikoki amaitua dagoen, baina idazteke duten. Esku artean ditugun zein dagoeneko sinatuak dauden MAIak enpresei boterea handiagotzeko bidea inoiz baino gehiago irekitzen die, eta geure egitekoa kalera irteten jarraituz bideak ixtea da.

Boterea handituz joan diren enpresa multinazionalak zerrendatzen hasiz gero, Amazon, FedEx, Visa eta Google ditugu mundu digitalean ikaragarrizko irabaziak dituztenetariko batzuk, eta enpresa horiek, hainbat alorretan, orain arte ez bezalako muga gabezia lortu nahi dute. Hori lortu ahal izateko, batzuk bidea irekitzen hasiak dira dagoeneko. 2016ko ekainean, AEBek merkataritza elektronikoari buruzko hamar bat proposamen egin zituzten, zeintzuek MMEren (Munduko Merkataritza Erakundea) eskuetan dauden. MME hainbat urtetan baztertua izanik, aipaturiko enpresek zein beste hainbatek interesa agertu dute erakundearengan. MMEk abenduaren 10etik 13ra Argentinan izango ditu Ministerioaren Biltzarrak, eta mahai gainean dauden proposamenek aukera emango liekete aipaturiko enpresei denboraren, espazioaren, eskulanaren, kapitalaren, insumoen eta datuen terminoetan aldaketak mugarik gabe egiteko.

Merkataritza elektronikoarekin jarraituz, irailaren 29an Tallinen —Europako digitalizazioaren eredu den Estonian— Europar Kontseiluko lehendakariak, Europar Batzordeak eta Europako Gobernu edo Estatu buruek Gailur Digitala egin zuten. Amaitzean, Europar Batzordeak 2018an enpresa digitalei Europako gobernu guztietan tasatzeko arau berriak proposatuko dituela helarazi zuen. Badirudi gaur egun Irlanda edo Luxenburgon zentratzen dituztela beren onura guztiak, non abantaila ugari dituzten. Orain artekoa jakinik, inork ba al daki zein den zehazki proposamena? Diotenaren arabera, irail erdialdean Frantziak, Alemaniak, Italiak eta Espainiak egin zuten, baina guk ez dugu horretaz ezer zehatzik. Noski, dakiguna da zer-nola abenduan Argentinan merkataritza elektronikoari buruzko Biltzarrak izango diren, eta, bertan, enpresei datuak lekuz aldatzeko aukera emango liekeen zein mugaz gaindiko zergen gabezia bideratuko luketen gaiak izango dituztela hizpide. Datuen alorrean, gobernuei informazioa izatearen onura kentzeko aukera egongo litzateke, eta oso arriskutsua izan daiteke datuen pribatizazioari zein kontsumitzaileen babesari dagokienez. Beraz, nork jakin benetan zertaz hitz egin zuten!

MAIen aurkako mobilizazioei dagokienez, datorren urriaren 23tik 27ra NBEk Genevan izango duen 3. Biltzarrari erantzunez, hainbat ekintza burutuko dira. Ondoren, beste data esanguratsua MMEk Argentinan izango duen lehen aipaturiko biltzarrena dugu. Dagoeneko, egon dira deialdiak, jardunaldiak, formakuntzak... Argentinan abendura begira. Era berean, munduko txoko desberdinetan mobilizatzera deitu dute, eta aurreikusiak badaude hainbat lekutan. Hego Ameriketan, gainera, esperientzia handia dute MAIekin, eta beraiengandik asko dugu ikasteko. Esaterako, duela urte batzuk ALCA (Ameriketako Merkataritza Askeko Eremua) geratzea lortu zuten, non mugimendu sozial desberdinek hartu zuten parte: nekazariek, mugimendu feministek... Azken horiek izan ziren ALCAren aurka joateko bultzatzaile nagusietakoak. Arrazoi bat esatearren, zerbitzu publikoak murriztuko lituzkeela ikustean, lehenengo zein gehien kaltetuak emakumeak izango liratekeela konturatu ziren, eta emakumeek inongo ordainsaririk gabeko zaintza lanak gehiago izango lituzketela ondorioztatu zuten.

Hori guztia ikusirik, ezinbestekoa dugu altermundialismoa bultzatzea eta, Argentinara joan beharrik gabe, norbere herrian, norbere errealitateari erreparatuz mobilizatzea. Horretarako, munduko txoko desberdinetan esanguratsuak izango dira La Vía Campesina, Emakumeen Mundu Martxa... bezalako mugimenduak. Haiekin batera, MAIen kalteez geroz eta kontzientziatuagoa dagoen jendea ere hor egongo gara, eta argi helaraziko dugu ez dela betiko leloa, baizik eta hortik haratago doan arazoa dela.

Ana Gorostidi Pagola eta Amagoia Eskudero Larrañaga - TTIP-CETAren aurkako kanpainako kideak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!