Eskualdeko lagin bat Donostian

Tolosaldeko Ataria 2017ko urr. 20a, 16:54

Explore San Sebastian Region bulegoko Eskualdeen Txokoan Tolosaldearen txanda izango da asteburuan; zuzeneko musika eta emanaldiekin batera, 28 herrietako eskaintza plazaratuko dute bihar eta etzi.

Gipuzkoako eskualde eta herriak ezagutarazteko ireki zuen, duela urtebete inguru, Explore San Sebastian Region turismo bulegoa eta, orain, asmo berari eutsiz, Eskualdeen Txokoa egitasmoa jarri dute martxan, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera. Asteburu honetan Tolosaldearen txanda izango da eta, bihar eta etzi, eskualdeko lagin bat ezagutzeko aukera izango dute Boulevardera bertaratzen direnek.

Atzo aurkeztu zuten egitasmoa, azalduz, Tolosaldea protagonista izango dela, hilaren 29ra bitarte. Horrela, urte garaiarekin bat eginez, eskualde buruan –Tolosan– datozen asteetan izango diren hitzorduei begiratu zieten: Tolosa Goxua urriaren 28an, Tolosako Abesbatza Lehiaketa azaroaren 1etik 5era, Babarrunaren Festa azaroaren 18 eta 19an, Titirijai azaroaren 28 abenduaren 3ra eta Txuletaren Festa abenduaren 8tik 10era.

Bide beretik, gainerako 27 udalerrietako aberastasuna ere nabarmendu zuten, mendi ibilbideak, BTT ibilbideak, landa guneetako museoak nahiz ingurune naturala hizpide hartuz.

Tolosaldea, ukitzeko moduan

Eskualdeen Txokoa egitasmoak Tolosaldea ia ukitzeko aukera eskainiko die Donostian dabiltzan herritarrei. Izan ere, Boulevarden, turismo bulegoaren atarian, zuzeneko emanaldiak eskainiko dituzte eskualdeko hainbat ordezkarik.

Larunbatean, 17:00etatik 20:00etara bitarte, eta igandean 11:00etatik 14:00etara bitarte, Txotitelles konpainiako txotxongiloak iragarriko ditu, udazkeneko ekitaldiak. Igandean, berriz, 12:00etatik 14:00etara bitarte, behatz txotxongiloak egiteko aukera izango da, Topic zentroko tailerraren eskutik. Halaber, Tolosako 49. Abesbatza Lehiaketaren harira, KUP taldeak saioa eskainiko du, 12:30ean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!