Sorginak eta akelarrea Araitz bailaran

Joxemi Saizar 2017ko urr. 19a, 07:51

Azken Mugaren barruan antolatutako azken hitzaldian sorginak izan zituzten hizketagai; hitzaldia Koro Irazokik eskaini zuen, «beren jakituria herritarren zerbitzura jarri» zutela azpimarratuz.

Koro Irazoki, Las brujas de Zugarramurdi liburuaren egileak hitzaldia eman du duela gutxi Zaraten, Azken Muga proiektuaren barruan. Sorginei buruz ikertu du Euskal Herriko hainbat tokitan, haien artean Araitz bailaran.

Hitzaldia hasteko sorginen irudi txarra garbitu nahi izan zuen hizlariak, bere jakinduria herritarren zerbitzura jarri zuten pertsonak izan zirela aipatuz, gehienetan emakumeak, eta beste kulturetan ere izan direla horrelakoak. Sorginak deabruekin lotzea testu erlijiosoen kontua izan zen, 900 urte inguruan, Elizaren botereari itzal egiten ziotelako. Unibertsitateak sortu eta bertan gizonak medikuntza ikasten hasi zirenean, ordurarte sendatzeko belarrak eta horrelakoak erabiltzen zituzten emakumeak baztertu egin zituztela erantsi zuen Irazokik.

Malleus Maleficarum liburua idatzi zuten bi fraide dominikok XV. mendean, heresia, paganismoa eta sorginkeria borrokatzeko. Asko zabaldu zen, inprentaren asmakuntzari esker. Emakumea pertsona ahulagoa bezala aurkezten du, deabruarekin erlazionatuz, ase ezineko haragi bekaturako joera duela esanez.

XVI-XVII. mendeetan 200.000 pertsona hil omen zituzten sorgintzat akusatuta, gehienbat emakumeak. Emakumearen kontrako prozesuak hasi ziren garai hartan, lehendabizi auzitegi zibiletatik, ez Inkisiziotik. Adibidez, Los Arcos (Nafarroa) herrian bi emakume erre zituzten bi haur bahitu eta erre zituztela argudiatuz. Bat legenarduna zen eta bestea judutarra, beraz, desberdinak zirelako, beldurragatik, hil zituztela azaldu zuen hizlariak. Horrelako askotan interes politiko eta sozialak erabiltzen ziren edozein sorgintzat akusatzeko.

Araitz bailarako adibidea ere aipatu zuen. Beteluko Andueza jauntxoak, Nafarroako erresumako diruzaina, 13 emakume akusatu omen zituen 1595eko otsailean eta Iruñeko kartzelara eraman omen zituzten. Asko familia berekoak ziren eta bost urteko haurra zen tartean. Hasieran sorginak zirela onartu zuten, horrela libre utziko zituztela esan zietelako, baina gero ukatu egin zuten. Urrian epaiketa egin zenerako haietako zazpi hilda zeuden. Hainbat astinaldi eta zenbait urtez Nafarroako erresumatik kanpoko desterrua jaso zuten zigor gisa. Irazokik agertu zuenez, Andueza jaunak agintea betiko familia barruan mantendu nahi zuen eta horretarako etsai zituen familia horiek akusatu zituen. Badirudi akelarre hitza lehen aldiz Araitzko prozesu honetan aipatua izatea, Urdazubiko apaizak idatzita, eta ez Zugarramurdin. Aker eta larrea hitzez osatutako hitzak sorginen bilerak egiten ziren lekua adierazteko erabiltzen da. 

Lapurdiko beste kasu bat aipatu ondoren, Zugarramurdin famatuena egin zen prozesua azaldu zuen. 1608an hasi zen, herriko sei emakume sorgintzat hartu eta Logroñoko kartzelara eraman zituztenean Juan del Valle Alvarado inkisidoreak akusatuta. Zugarramurdi, Urdazubi, Bera, Baztan, Oiartzun… ere akusatu asko izan ziren. Zugarramurdiko zortzi herritar aurrekoak defenditzera joan ziren Logroñora eta haiek ere atxilotu egin zituzten, deabruak bidali zituela argudiatuz. Urte eta erdi pasatu ondoren hiru eguneko epaiketa izan zen, akusatuak kalean prozesioan ibiliz jendearen irainak jasotzeko. Sutan erreta bukatu zuten sorgin haiek. Epaiketa krudela izan zen eta oihartzun handia izan zuen argitaratu egin zelako. Nafarroa iparraldean sekulako paranoia sortu omen zen eta sorginak nonahi ikusten hasi omen ziren. Herritarren arteko hilketak gertatzen hasi ziren eta Eliza beldurtu egin zen. Alonso de Salazar inkisidoreak hilabete batzuk pasa zituen ikertzen eta frogarik ez omen zuen aurkitu. 11.000 orrialdeko txostena aurkeztu zuen sorginik ez zegoela frogatuz. 1614ean, Inkisizioak sorginkeria kendu zuen delitu zerrendatik. Europan 1700 arte jarraitu zuen delitu izaten.

Aipatutako kasu guztietan, sorginei leporatzen zizkietenak hauexek ziren: deabrua gurtzea akelarreak eginez, meza beltzak egitea, apo bat jasotzea aingeru guardako gisa, airean ibiltzea, akerra gurtzeko ipurdian musu ematea, orgiak egitea, besteen uztak edo zuhaitzak hondatzea, hilketak egitea, animalia itxura hartzea etxeetan sartzeko, galernak sortzea…

Orokorrean Elizak pisu handia izan bazuen ere sorginen kontrako akusazio horietan, izan omen ziren hau dena sinesten ez zuten apaiz batzuk, frogarik ez zegoelako: Igantzi eta Etxalarkoak eta Iruñeako gotzaina, adibidez.

Bukatzeko, Koro Irazokik sorginen hiru irudi desberdin ekarri zituen gogora: lehena, pertsona estimatu eta baliagarri gisa, bigarrena biktima bezala eta hirugarrena, itxura gaizto eta maltzurrekoa. Gaur egunera iritsi den azken irudi hori desagerrarazteko deialdia luzatu zuen bere hitzaldian, aurreko biak leheneratuz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!