Argudioz janzteko egunak, aurreiritzien aurka

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko urr. 18a, 15:46

Tolosaldea Garatzenek bosgarrenez antolatu du, datozen asteetarako, Zurrumurruen Aurkako Formazioa

Tolosaldeko herritarren %7 jatorri anitzekoa da, gaur egun. Errealitate horri sustraietatik heldu, eta bizikidetzari leiho bat irekitzeko, bosgarrenez antolatu du, Tolosaldea Garatzeneko Migrazio sailak, Zurrumurruen Aurkako Formazioa. Ostiralean bertan hasi, eta bost hitzordu izango dira, irakasle, hezitzaile, eragile nahiz argudio integratzailetan jantzi nahi duen edozein herritarrentzat.


Olatz Peon Tolosaldea Garatzeneko lehendakariak eta Kristina Morales Tolosaldea Garatzeneko Migrazio teknikariak aurkeztu dute egitaraua eta, zehaztu, proiektuaren helbururik behinena: kultura eta jatorri aniztasunaren inguruko aurreiritzien erantzunak garatzea, egunerokoan.


Izan ere, Peonek eta Moralesek ohartarazi dute, «oraindik ere, diskriminazioaren aldeko iritziek indar handiagoa hartzen dutela». Bide horretan, eskualdeko migrazio politikak ere hizpide izan dituzte, azken urteotako garapenari fokua jarriz: «Orain dela zenbait urte, atzerritarren harrerak izaten zuen lehentasuna. Orain, berriz, harago joan, eta bizikidetza ere indargune bilakatu da», azaldu du Olatz Peonek.
Lehen hitzordua ostiralean izango da, goizez, kultur etxean. Raquel Moreno Bartzelonako (Katalunia) zurrumurruen aurkako eragileetako bat bertaratuko da, eta komunikazio baliabideak eskainiko dizkie bertaratuei, jatorri anitzeko pertsonen inguruko aurreiritziak eraisteko. Baina, zer diozu? izenburupean, estereotipo negatiboak zalantzan jartzeko bidea izango da, saioa.


Urriaren 27an eta abenduaren 1ean, berriz, eskualdeko komunitate ugarienetako biri begira jarriko dira: magrebtarrei eta nigeriarrei, hurrenez hurren. Tolosaldeko gizarte langileekin elkarlanean, familia horiek eta haien haurrak Tolosaldean hezteko moduak izango dituzte hizpide, zubiak eraikitzeko helburuz.
Liburu aurkezpen bat ere txertatu dute zurrumurruen aurkako kanpainan, Tolosako jabetze eskolarekin batera. Dolores Julianok Tomar la palabra. Mujeres, discursos y silencios (Hitza hartu. Emakumeak, diskurtsoak eta isiluneak) lana aurkeztuko du, isilarazitako emakumeei protagonismoa emanez, eta ahotsa emateari buruz hausnartuz.


Azkenik, bizikidetzaren urteroko hitzordua ere bueltan izango da aurten: Bizilagunak. SOS Arrazakeriak mahaiaren bueltak elkartzen ditu, jatorri anitzeko familiak eta bertakoak. Tolosaldean, urtero, 15 familia inguruk parte hartzen dute, eta Kristina Moralesek gogora ekarri du, izen-ematea zabalik dela jada, 635 20 92 87an, 943 32 18 11n edo mugak.eu atarian.


Zurrumurruen aurkako hitzorduetarako, berriz, ez da beharrezkoa izango izena ematea, eta doako saioak izango dira guztiak.

 

Egitaraua

Urriaren 20a, ostirala
10:00-13:00. Baina zer diozu? Komunikazio eta emozio estrategiak zurrumurruen kudeaketan. Raquel Moreno (Xarxa antirumors Barcelona), kultur etxean.

Urriaren 27a, ostirala
10:00-13:00. Magrebeko familiak. Nola hezi herrialde berri batean? Moufdi Kamel (Biltzen), Lehiberrin.

Azaroaren 18a, larunbata
18:00. Hitza hartu, emakumeak, diskurtsoak eta isiluneak Dolores Julianoren liburu aurkezpena, kultur etxean.

Azaroaren 19a, igandean
14:00. Bizilagunak bazkariak eskualdean.

Urriaren 20a, ostirala
10:00-13:00. Nigeriako familiak. Nola hezi herrialde berri batean? Chinenye Adibenma eta Lidia Kinson, Lehiberrin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!