Alpino Uzturrek ekimen bikoitza antolatu du

Asier Imaz 2017ko urr. 18a, 11:30

Larunbatean, adin guztietako parte hartzaileen artean Hernialdeko XVII. Rolleski Igoera jokatuko da; igandean, haur eta gaztetxoek Urbasara joateko aukera izango dute, Txikien mendi irteeran.

Tolosako Alpino Uzturre Elkarteak astebururako bi ekimen antolatu ditu. Larunbatekoa XVII. Hernialdeko Rolleski Igoera izango da. Azken urteetako joera ikusita, Xanti Saizar antolatzaileak 80 bat parte hartzaile izango direla aurreikusi du. Gehienak gipuzkoarrak eta nafarrak izango dira: «Bi lurralde horietako elkarteek liga moduko bat antolatu dugu. Udazkenean zazpi proba jokatzen dira, eta udaberrian bat. Sailkapen orokor bat dago, nahiz eta sari berezirik ez egon. Horrela, parte hartzea antzekoa izaten da proba gehienetan. Horiez gain, kanpotik beste hainbat elkarte ere gerturatzen dira, nahiz eta kilometro dezente egin behar izaten dituzten». Igoerak izaera herrikoia ere badu. Denak ez dira beraz elkarteetako kideak izaten. Horregatik, ordu erdi lehenago izena emateko aukera izango da Anoetako irteera puntuan.

Lasterketa 16:00etan hasiko da. Skating modalitatean irtengo dira lehenak, eta bost minutura klasiko estilokoak. Txikienak erdibidetik hartuko dute irteera, 16:10ean. Rolleskia eskiari begira egiten den kirola dela dio Xanti Saizar Alpinoko kideak: «Fondoko eskia egiten dutenek udan edo elurra ez dagoenean entrenatzeko erabiltzen dute rolleskia. Hortik estilo desberdinetako lasterketak, gero elurretarako baliagarri izateko».

Ibilbidearen distantzia 3,5 kilometro ingurukoa da, eta guztiek helmuga Hernialdeko plazan izango dute.

Lasterketako lehiari begira, nafarrak indartsu ikusten ditu Saizarrek. Hala eta guztiz ere, etxean izanda, ezustekoren bat ematen saiatuko dira bertakoak, larunbatean.

TXIKIEN MENDI IRTEERA

Igandean, Alpino Uzturre Elkarteak asteburuko bigarren ekimena antolatu du: Txikien mendi irteera. San Frantzisko elizatik irtengo dira goizean, Urbasara joateko. Arabako Opakua portutik aterako dira, kobazuloa ikusi eta Artea Baso sorginduan barrena gozatzeko. Ibilbidea Amezkoako Larraona herrian amaituko dute. Tolosarako itzulera 17:00ak aldera jarri dute.

Izena emateko, info@alpinouzturre.eus email-era idatzi, edo 943 65 27 89ra deitu behar da, arratsaldez.

 

EKIMENAK

Urriak 21, larunbata

XVII. Hernialdeko Rolleski Igoera. 16:00etan hasiko da proba Anoetako Sortalde kaletik, skating estiloko lasterketarekin. Bost minutura klasikoko partaideak irtengo dira. 16:10ean, erdibidean, txikien lasterketa hasiko da, modu klasikoan.

Urriak 22, igandea

Txikiekin mendi ibilaldia.

Urbasara irteera haur eta gaztetxoekin, heldu baten laguntzarekin. Autobusa 09:30ean San Frantzisko elizatik aterako da, 17:00etan Tolosara itzultzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!