Nekazari belaunaldi berri bat, ereitear

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko urr. 17a, 17:00

Santa Lutzia auzoko baratze hazitegiak lehiaketara aterako ditu, bigarrenez, Tolosako Udalak.

Ziklo bat amaitu eta beste bat hasiko da, laster, Tolosako Santa Lutzia auzoko baratze hazitegietan. Tolosako Udalak, Tolomendik eta Fraisoro eskolak 2014an sinatutako hitzarmena dago proiektuaren jatorrian, eta lehen sektoreko ikasleen lan mundurako sarbidea erraztea du helburu. Horrela, azken hiru urteotan hiru nekazari aritu dira, formazioa eta baratzeko lana uztartuz, eta datozen hiru urteetarako langile berrien trebakuntza-soro bilakatuko da Santa Lutzia.
Patxi Amantegi Tolosako Udaleko alkateordea, Iker Karrera Tolomendiko ordezkaria eta Jesus Calvillo Fraisoroko ordezkaria izan dira agerraldian, eta hirurek bat egin dute, baratze hazitegien balorazioa azpimarratzerakoan: «Oso esperientzia ona izan da».
Era berean, bertan izan dira Nestor Errasti eta Iñigo Mujika nekazariak ere; Santa Lutziako zikloa amaituta, nekazaritzatik bizitzen jarraituko dute, Donostiako baratze batzuetan. Fraisoron ikasitakoa Santa Luziako eremuan jarri ahal izan dute praktikan eta ereindakotik ere jaso dute, noski: Tolosako azokan nahiz beste zenbait lekutan saldu dituzte beren barazki eta produktuak.
Nestor Errastik azken hiru urteak «oso interesgarriak» izan direla azaldu du «Hasieran malda gogorra izan zen guztiarekin ekitea, baina nik animatu egingo nuke jendea. Presiorik gabe lan egin daiteke, norbere erritmoan eta, fisikoki lan gogorra den arren, bizimodua atera daiteke bertatik. Horregatik erabaki dut ogibide honekin jarraitzea».
Bere aldetik, Iñigo Mujikarentzat langabeziatik ateratzeko bidea izan da, baratze hazitegiena: «Ni langabezian nengoen 2014an, eta ez nekien ezer nekazaritzari buruz; oraindik ere ikasten ari naiz! Honi esker, ordea, aurrera ateratzea lortu dut».
Zerkausian produktuak salduz batak, eta ahoz ahoko sare bat sortu eta barazkiak atez ate banatzen, besteak, ikasketak lan bilakatzea lortu dute, eta Donostiako lursail batean jarraituko dute, biek, nekazaritza lanetan, Gipuzkoako Foru Aldundiak garatutako proiektu baten bidetik.

Lekuko aldaketaren bila

Hiru nekazaritik bik jarraipena emango diote hazitegietan ekindako bideari, eta Iker Karrerak pozez azpimarratu du baieztapena: «Duela hiru urte hezkuntza helburu bati jarraipena ematea zen asmoa, eta hiru ikasletik bik lortu dute, oraingoz, baratzegintza egunerokotasunean lantzea».
Bide horretan, Jesus Calvillo Fraisoko ordezkariak aitzindaritzat jo du Santa Lutziako baratze hazitegien proiektua: «Ez da erraza nekazaritzan formakuntza eta lan mundura sarrera uztartzen dituen proiekturik aurkitzea, eta hau aitzindaria da. Sektoreak hori behar du: adituak».
Eta, hain justu, lehen sektoreko lekuko aldaketari ere jarri nahi izan diote fokua, Patxi Amantegik azaldu duenez: «Azokan beharrezkoa da belaunaldi aldaketa, eta horretarako nekazariak behar dira».
Horretara iritsiko da, beraz, nekazari belaunaldi berria. Guztira, 9.000 metro karratuko lursaila ustiatzeko aukera izango da, hiru pertsonaren artean, eta partzeletako lizentziak eskuratzeko eskaera epea Gipuzkoako Aldizkari Ofizialetan argitaratuko dute. Dena den, interesa dutenei gomendatu diete, Fraisororekin, Tolomendirekin nahiz Tolosako Udalarekin (ingurugiro@tolosa.eus) harremanetan jartzea.
Esleipendunek ez dute kuota finkorik ordaindu beharrik izango, baina bertan sortutako gastuak ordaindu beharko dituzte. Halaber, beharrezkoa izango da, gutxienez, nekazaritzaren inguruko 300 orduko ikasketak izatea.
Iker Karrerak ohartarazi du, gero eta zailagoa dela nekazaritza jarduerak garatzeko lursail egokiak aurkitzea. Horrela, lurjabe partikularrei ere dei egin diete, horrelako proiekturen batean parte hartu nahiko balute, eurekin harremanetan jartzera.
Santa Lutziako lursailak urtarrilera bitarte jorratuko dituzte nekazariok eta, zikloa biribiltzeko, picday bat antolatu nahi dute: herritarrek bertaratu eta barazkiak aukeratu eta jasotzeko aukera izango dute, erosi aurretik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!