Sanchez eta Cuixarten askatasuna eskatzeko mobilizazioak, gaur

Tolosaldeko Ataria 2017ko urr. 17a, 10:24
Kataluniari elkartasuna azaltzeko Villabonan egindako mobilizazioa.

Gure Esku Dagok eta beste hainbat eragilek elkarretaratzeak deitu dituzte gaurko, 19:00ak inguru herrietako plazetan, Jordi Cuixart Omnium Culturaleko presidentearen eta Jordi Sanchez ANC Biltzar Nazional Katalaneko presidentearen askatasuna eskatzeko. 22:00etan kazeroladak ere egingo dira herriz herri, Tolosan, Trianguloan egin dute hitzordua. 

Gure Esku Dagok Junts lelopean deitu ditu elkarretaratzeak eta salatu du "herritarren borondateari era baketsu eta demokratikoan bide emateko lan egiteagatik kartzelara" eraman dituztela. "Ideia politikoen eta adierazpen askatasunaren aurka egiten ari da zuzenean Espainiako Estatua, botere judizialen bidez eta etengabeko beldurraren kanpaina eginez", gaineratu du. Urrutiegi iritsi direla esan du Gure Esku Dagok, "herritarren oinarrizko eskubideei bizkarra eman eta gizatasunaren muga gainditzeraino". Era berean, oso larritzat jo du "Kataluniako independentziaren aldeko mobilizazioak eta adierazpideak delitu bilakatu" nahia, "demokrazia batean aukera guztiek beren tokia izan behar dute eta proiektu politiko guztiek modu baketsuan eta demokratikoan defendatu eta gauzatzeko modua izan behar dute, salbuespenik gabe".

Eskualdeko hainbat herritan egingo dituzte elkarretaratzeak gaur, Sanchez eta Cuixarten askatasuna eskatzeko. Oraingoz hauek dira eskualdean egin dituzten deialdiak:

  • Tolosa: 19:00etan Trianguloan.
  • Lizartza: 19:00etan, plazan.
  • Anoeta: 19:30ean, plazan.
  • Ibarra: 20:00etan, plazan.
  • Amasa-Villabona: 19:30ean, Malkar plazan.
  • Alegia: 19:30ean, plazan.
  • Aduna: 19:00etan, plazan.
  • Ikaztegieta: 19:00etan, zubian.
  • Zizurkil: 19:00etan, Joxe Arregi plazan.
  • Amezketa: 19:00etan, plazan.

Carmen Lamela Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz atxilotu zituzten Sanchez eta Cuixart, atzo. Fidantzarik gabeko behin-behineko kartzelatzea ezarri diete. Irailaren 20an, Bartzelonan, Guardia Zibilaren kontrako «setio bat» sustatzea egotzi die. Madrilgo Soto del Realeko espetxean eman dute gaua.

Sedizio delitua leporatzen diete, eta atzo bigarren aldiz deklaratu zuten Audientzia Nazionalean. Aurrenekoan, joan den urriaren 6an, aske utzi zituzten, baina fiskaltzak beste zitazio bat eskatu zuen. Jarraitu irakurtzen.

 

"Gu beti kataluniarekin"

Gure Esku Dagok bideo hau egin du Kataluniari babesa adierazteko:

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!