Bertsolari Txapelketa Nagusia 2017

Beñat eta Oihana Iguaranek gainditu dute lehen langa

Ataria 2017ko urr. 16a, 18:15

Argazkia: Alberto Elosegi / XDZ

Maule-Lextarren azaroaren 4an ariko da Beñat Iguaran eta Durangon Oihana Iguaranek, Aitor Mendiluzerekin batera kantatuko du azaroaren 12an

Tolosaldeko hiru bertsolarik abiatu zuten Bertsolari Txapelketa Nagusia eta bakarra, Mikel Artola geratu da bidean. Gainerako biek, Oihana Iguaranek eta Beñat Iguaranek lortu dute finalaurrekoetara sailkatzea eta han egingo dute topo eskualdeko beste ordezkariarekin, txapelketan eskarmentu handia duen Aitor Mendiluzerekin.

Tolosan larunbatean ospatu zen seigarren eta azken final-laurdenean erabaki zen sailkapena. Beotibar frontoi zaharra, goi eta behe bertsozalez gainezka zela, saioak goia jo zuen une batzuetan eta estu ibili ziren bertsolariak beste zenbait okasiotan. Puntuak, oro har, eta gainerako final-laurdenekin alderatuta behetik jo zuten. Etxahun Lekuek lortu zituen puntu gehien saio erregularra egin ostean. Ederki moldatu zen ofizioetan eta bereziki nabarmendu zortziko txikian Maddalen Arzallusekin batera zine zuzendari eta zine kritikariaren paperean.

Bertsolari hendaiarrak lortu zuen bigarren postua Tolosan. Honek ere txukun bete zituen lanak eta puntu gehien kartzelako ariketan eskuratu zuen. Inoiz ez bezalako besarkada eman dizu aitak gaiari erantzunez, preso izandako aitari jardun zitzaion eta bigarren bertsoa horrela bukatu zuen: «Baina azkenik etorri zara / berriro gure herrira / ta aspaldi partez gure herrian / kanpaiak entzuten dira». Ezin hobeto baliatu zuen, gaia pentsatzen ari zela San Frantzisko elizako kanpaiak jo izana.

Arzallus finalaurrekoetan ariko da hirugarren sailkatu zen Jon Maia bezala. Zumaiarrak ez zuen, akaso, ohikoa duen distira erakutsi baina puntu erantzunak pare parean tokatu zitzaizkion eta asmatu zuen ariketa horretan; bigarrenean bereziki, Aberasgarria da desberdintasuna puntuari erantzunez: «Kultura orok dauka bere oihartzuna / beti beharrezkoa ez da batasuna / guztiontzat altxorra da aniztasuna» bota zuen Maiak.

Bertsozale askok, Beñat Lizaso ikusten zuten aurrerago sailkapenean, bereziki kartzelako ariketan aita bertsolariarekin gogoratuta botatako hiru bertsoak jendearengana iritsi zirelako. Laugarren sailkatu zen azpeitiarra ordea, eta tamalez, ez da ariko finalaurrekoetan. Tolosan atzetik sailkatu ziren Xabat Galletebeitia eta Eneko Lazkoz.

TOLOSAKO SAILKAPENA

1. Etxahun Lekue 673 puntu

2. Maddalen Arzallus 670 puntu

3. Jon Maia 662,5 puntu

4. Beñat Lizaso 646,5 puntu

5. Xabat Galletebeitia 636 puntu

6. Eneko Lazkoz 607 puntu

SAILKATUTAKOAK

1. Oihana Iguaran * 714 puntu

2. Alaia Martin* 712 puntu

3. Miren Amuriza* 700,5 puntu

4. Nerea Ibarzabal* 698,5 puntu

5. Agin Laburu 686 puntu

6. Iñaki Apalategi 685 puntu

7. Julio Soto 678,5 puntu

8. Unai Agirre 674,5 puntu

9. Jon Martin* 673,5 puntu

10. Etxahun Lekue* 673 puntu

11. Maddalen Arzallus 670 puntu

12. Nerea Elustondo 665,5 puntu

13. Jon Maia 662,5 puntu

14. Jone Uria 662 puntu

15. Nahikari Gabilondo 661,5 puntu

16. Miren Artetxe 661,5 puntu

17. Beñat Iguaran 655,5 puntu

18. Aimar Karrika 651,5 puntu

*Zuzenean sailkatu direnak

Bederatzi neska eta bederatzi mutil sailkatu dira finalaurrekoetara. Saioa irabazita zuzenean sailkatu dira sei eta puntuazioaren arabera beste hamabi, tartean, Beñat Iguaran amasarra. Haiekin batera, finalaurrekoetako lehen itzulira batuko zaizkie duela lau urteko sei finalista: Igor Elortza, Sustrai Colina, Aitor Sarriegi, Maialen Lujanbio, Beñat Gaztelumendi eta Aitor Mendiluze irurarra.

URRIAK 28, LARUNBATA

17:00. BASTIDA (Araba). Agin Laburu, Igor Elortza, Jon Martin, Jone Uria, Nahikari Gabilondo eta Sustrai Colina.

AZAROAK 1, ASTEAZKENA

17:00. IRUN (Gipuzkoa). Aimar Karrika, Aitor Sarriegi, Alaia Martin, Maddalen Arzallus, Maialen Lujanbio eta Unai Agirre.

AZAROAK 4, LARUNBATA

17:00. MAULE-LEXTARRE (Zuberoa). Beñat Gaztelumendi, Beñat Iguaran, Etxahun Lekue, Julio Soto, Nerea Elustondo, Nerea Ibarzabal.

AZAROAK 12, IGANDEA

17:00. DURANGO (Bizkaia). Aitor Mendiluze, Iñaki Apalategi, Jon Maia, Miren Amuriza, Miren Artetxe eta Oihana Iguaran.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!