Atzegi elkarteak bere urteroko kanpaina martxan jarri du eta hainbat eskualdetan egiten ari dira aurkezpenak, atzo arratsaldean Tolosan egin zuten moduan. Aloña Agirre teknikariak azaldu zuenez, «aurtengo kanpainarekin Atzegi barruan boluntarioek egiten duten lana mahai gainean jarri, azpimarratu eta bide batez eskerrak eman nahi dizkiogu beraien dedikazioari esker adimen desgaitasuna duten pertsonek beraien aisialdiaz gehiago gozatu dezaketelako». Boluntarioen parte hartzeari esker, pertsona horiek gizartean gehiago parte hartu dezaketela gaineratu du Agirrek. «Laburbilduta, esan dezakegu beraiei esker desgaitasuna duten pertsonen bizi kalitatea hobeagoa dela».
Boluntarioei esker ona emateaz gain, Atzegi Xperience izena jarri dioten kanpainarekin boluntario berriak lortu nahi dituzte. «Atzegiko boluntarioek askotan esaten digute beraien esperientzia oso aberasgarria izaten dela, eta nahi dugu jendeak entzun ditzala esperientzia horiek, jende gehiago animatu dadin pauso hori ematera», esan du Arregik.
Atzegin parte hartuz «oso esperientzia ezberdinak» aurkitu daitezkeela diote elkartetik. Arlo ezberdinetan egin daiteke boluntariotza: aisialdia, asteburuetan Txolartera joanez, oporraldi batzuetan parte hartuz, kirol ekintzetan, tarteka zinemara joanez edo kafe bat hartuz desgaitasuna duen pertsona batekin...
1960. urtean sortu zen Atzegi eta beraien helburuetako bat gizartea jarrera positibora aldatzea izan zen. Irene Zapirain elkarteko kideak azaldu zuenez, «helburu horiekin jarraitzen dugu gaur egun, gizarte informatuago eta sentsibilizatuago bat lortzeko». Egun, Atzegin, beraien kideetako bat desgaitasuna duen 167 familia dira bazkide, ekarpen ekonomiko bat egiten duten 183 kolaboratzaile daude, eta 810 atzegizale, hau da, jarrera positiboa duten pertsonak. Azken hauei hiruhilabetero aldizkari bat bidaltzen zaie, informatuago egoteko eta elkartetik bultzatzen den jarrera positiboago hori lantzen joateko.
Pausoa ematera animatu
Kanpainaren aurkezpenean Lucia Fonseca Atzegiko boluntarioak bere esperientzia azaldu zuen. Bi urte daramatza boluntario moduan. «Askotan pentsatu izan nuen horrelako ekimenetan parte hartzea, baina ez nintzen ausartzen», esan zuen Fonsecak. Orain bi urteko abenduko egun batean, etxean jasotako TOLOSALDEKO ATARIA-n Tolosan dagoen Txolarteri buruzko artikulu bat irakurri zuen. «Boluntarioak behar zituztela jartzen zuen, eta pausoa emateko une aproposena zela argi ikusi nuen».
Atzegiko aisialdi departamendukoekin hitz egin ondoren, bertan eskaintzen diren ekintza ezberdinak azaldu zizkioten: oporraldiak, Txolarte, ikastaroak... Bere ordutegia kontuan hartuta Txolarten hasi zen boluntario moduan. «Hainbeste gustatu zitzaidan esperientzia, oporraldietara joatea erabaki nuela», esan zuen.
Bi urte hauetan lau aldiz joan da Fonseca oporraldietara. Tolosako Txolarten egoten da, eta zenbait asteburuetan ere Donostiara joaten da gaztetxoen taldera. «Asko pozten naiz hartutako erabakiaz, nire bizitzaren zati handi bat Atzegik eskaintzen didana da, eta nire ikasketen norabidea zehazten lagundu dit», azaldu zuen.
Txolarten izan zen lehenengo egunetan «nahiko urduri» egon zela aitortu zuen, «talde handia delako. Baina oso ondo jaso ninduten bertara joaten diren familiakoek bai Txolarteko erabiltzaileek. Kuadrilla paregabea dela aitortu beharra daukat». Hiru ordu besterik ez direla zioen, baina tarte horretan besarkada pila bat jasotzen dituela. Egun Tolosako Txolarten 40 erabiltzaile daude eta bost boluntario. Lehen astero elkartzen ziren, baina orain hamabostean behin elkartzen dira, boluntario faltagatik. Bertan Txolarteko erabiltzaileek nahi dutenaren araberako ekimenak egiten dituzte: paseo bat eman, zerbait hartzera joan... Irteerak ere egiten dituzte, eta iaz Senda Viva parkera joan ziren, adibidez. Fonsecak ere parte hartzen du Donostian elkartzen diren gaztetxoen taldean. Adibidez, uda honetan kanpaleku batera joan zen beraiekin. «Izan dudan esperientzia onenetakoa izan da», azaldu zuen.
Boluntario izanez bizitzen duena plazer bat dela zioen Fonsecak eta dei egin zien herritarrei Atzegin boluntario izateko pausoa ematera: «Etorri Txolartera arratsalde batez gu ezagutzera. Ziur nago ez direla damutuko eta errepikatzeko gogoz egongo direla. Askotan ematen duzuna baino gehiago jasotzen duzu». Pauso hori eman nahi duenak, edo boluntario bezala beste esperientzia batzuk bizi nahi dituenak, Atzegirekin harremanetan jarri daiteke 943 42 39 42 zenbakian.