Bidezidor hori "artzainek aspalditik erabili izan dute ardiak goiko larreetara eramateko eta horregatik transhumantziaren adierazle da, transhumantziaren ondare bezala, babestu beharrekoa, aurtengo Dekretu berri baten arabera", azaldu dute ibilaldiaren bultzatzaileek. Antzinatik mendizale eta ibiltari ugarik erabili izan duten bidexka ere badela diote, "Goierri aldetik Igaratzara eta handik San Migelera joateko eta horregatik seinaleak jarrita ditu ibilbide motzeko bide bezala". Horren lekuko dela diote Gipuzkoa Foru Aldundiaren web orrian ematen den informazioa: "Igaratza eta Enirio gune esanguratsuak dira Aralarren. Artzain kutsu handiko lekuak biak, Goierriko behe lautadak Aralarko punturik altuenekin eta, batez ere, Nafarroarekin lotzeko bide naturalak. Maiziegi errekaren ibilgua gertutik jarraitzen duen bide honek baliabide ugari ditu bere baitan: larre zabalak, artzain bordak, elorriak, pagadiak eta garai batean ustiatutako meatzeak dira, besteak beste, bideak erakutsiko dizkizunak".
Bidezidor hori pista bihurtzea eskatu du Enirio-Aralar Mankomunitateak, eta horren ingurumen inpaktuko txostena aztertzen ari da aldundiko Ingurumen Departamendua, baita jasotako ekarpenak ere, horien artean natur eta ekologista elkarteek pista egitearen aurkako arrazoiekin bidalitakoak, besteak beste: Arkamurka, Eguzki, Ekologistak Martxan, Itsas-enara, Landarlan, Mutriku Natur Taldea, Zumaia Natur Taldea…
Hori dela eta, datorren igandean (urriak 8), 09:00etan Enirioko bidexka ezagutzeko mendi ibilaldia antolatu dute, Lizarrustiko Parketxetik abiatuz (Ataun). Ibilbidea honako hau izango da: Lizarrusti- Lareo – Baiarrate – Enirio eta itzulera. Aralarko beste toki batzuetatik bertaratu nahi dutenek, 11:00etan Eniriora inguratzeko aukera izango dute. Orduan emango baitira ezagutzera Enirioko bidexkaren balioak, eta pista proiektua egingo balitz, "sortuko lituzkeen inpaktu larriak". Ibilbidearen luzera 10 kilometrokoa da eta desnibela 500 metrokoa. Ibilaldi honetan parte hartzea eta erantzukizuna parte hartzailearen ardurapean daudela azaldu dute bultzatzaileek.