Altuna III.a, Artola eta Jaka lau t’erdikoan

Ataria 2017ko urriaren 4a

Lau t’erdiko lehen mailako txapelketa atzo aurkeztu zuten. Bertan, eskualdeko hiru pilotari ariko dira lehian. Erik Jakak jokatuko du lehen partida, final zortzirenetakoa. Bere aurkaria, Victor izango da.

Partida, igandean jokatuko da, Logroñoko Adarraga pilotalekuan. Lizartzarrak bezala, Iñaki Artola alegiarrak ere final zortzirenetakoa jokatuko du. Kasu honetan, astelehenean, Tolosako Beotibar pilotalekuan Lasoren aurka. Bata zein bestea B multzoan kokatu dituzte. Final zortzirenak gaindituz gero, final laurdenetako ligaxkan sartuko lirateke. Hor, Jokin Altuna eta Urrutikoetxea izango dituzte zain.


Amezketarra iaz finalean izan zen. Aurten, final laurdenetan hasiko du txapelketa. Hiru partida jokatu beharko ditu Altuna III.ak finalerdietarako jauzia emateko. Multzo bakoitzetik bi lehen sailkatuak pasako dira finalaren atarira.  


Txapelketa aurkezpenean ezusteko bakarra izan da: Irribarriaren hutsunea. Lesio batengatik ez du lau t’erdiko txapelketan parte hartuko aramarrak. Bere ordezkoa Mendizabal III.a izango da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!