Ahultasun egoeran dauden adinekoentzat, laguntza modu berriak

Imanol Garcia Landa 2017ko urr. 4a, 09:00
Nerea Elias Mujika, Elena Rikondo eta Agurtzane Zelaia.

Saiaz Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatean proiektu esperimental bat jarri dute abian, besteak beste, auzo sare eta boluntariotza formula berriak lantzeko.

Proiektu esperimental bat jarri da martxan Saiaz Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko lau herrietan, ahultasun egoera dauden adinekoei laguntzeko autolaguntza komunitarioa, auzo sare eta boluntariotza formula berriak lantzeko. Elena Rikondo gizarte langileak ahultasun egoeran dauden adinekoen zailtasunak azaldu ditu: «Bere kabuz ezin duenean herrira etorri eta ezin duenean parte hartu herriko ekimenetan, esaterako, ez duelako gida baimenik, edo belaunean mina duelako protesiarekin eta beldurra ematen diolako jaistea, edo gernuaren kontrola eramateko arazoak dituelako eta etxetik kanpo egotea denbora luzez urduritasuna sortzen diolako». Horrez gain, landa eremuan izan ohi den dispertsio geografikoa ere kontuan hartu beharreko gaia da.

Rikondok gaineratu duenez, «mentalki oso ondo daude, eta etxe inguruan egoteko moldatzen dira, baina herrian egiten diren ekimenetan parte hartzeko zailtasunak dituzte. Esan izan digute ez daudela gaizki, baina badirudi beraientzako ez dagoela ezer ere ez».

Aldundiak diruz lagundutako proiektua da. Hain justu, Etorkizuna Eraikiz egitasmoa martxan jarri du aldundiak legealdi honetan eta zati bat adinekoei zuzenduta dago, eta horien inguruan proiektu esperimentalak bultzatu nahi dituzte. «Ikusi nahi da nola lortu pertsona horien partaidetza gure herrietan», esan du Rikondok, «eta zahartzaroaren eta zaintzaren erronka handi horri bide berriak ireki».

Ez da lehenengo aldia Saiaz Mankomunitatea aitzindaria dela landa eremuan adinekoen gaia jorratzerakoan. Agurtzane Zelaia Bidania-Goiazko zinegotziak eta Saiaz Mankomunitateko lehendakariak azaldu duenez, «denon parte hartzearekin ahal dugun moduan aurre egiten diogu gaiari. Inplikazio bat dago udalen aldetik».

Aurretik ibilbide bat egina dute mankomunitatean. Hainbat esperientzia izan dituzte, baina ikusten zuten herriko bizitzan parte hartzeko aukeraren aurrean zenbait jende etxeetan eta baserrietan geratzen zirela, berez parte hartzeko gogoa izan arren. «Adineko horiei nola lagundu ikusteaz gain, interesgarria da ere boluntariotza mundu honetan formula berriak bilatzea», esan du Rikondok. «Erronka interesgarria da, prozesua errealitatea zapalduz egitea, zerbait eraginkorra egitea. Askotan horrek kohesioa sortzen du herrian».

Biztanleria gero eta gehiago bizi dela ekarri du gogora Zelaiak. «65 urte eginak dituzten jende asko dago buruz eta fisikoki ondo, eta jendeari laguntzeko prest daudenak».

Farapi kooperatibak eramango du aurrera proiektua, eta bertako kidea den Nerea Elias Mujikak azaldu duenez, «proiektuaren abiapuntua da lau herrietan herritar osoak nahi dituztela, herriko bizitzan eta dinamikan parte hartzen jarraitzeko».

HASTEKO, ARGAZKIA

Proiektuaren hasieran batez ere bertako errealitatea jasotzea izango da. «Ikusi aurretik zer egin den, zerk funtzionatu duen eta hortik aurrera eraiki alternatiba berriak», esan du Elias Mujikak. «Aldi berean ahultasun egoeran dauden adinekoen errealitatea ezagutu nahi dugu haiekin egonez».

Laguntza modu berriak herriko eragileekin eta orokorrean herritarrekin eraiki nahi dituzte, «adinekoak erdigunean jarriz». Elias Mujikak dioenez, «proposatzen duguna errealitatera egokitu dadin eta denboran zehar iraun dezan nahi dugu». Laguntza hori egituratzea da asmoa, baina ez «egitura zorrotz» bat egitea, baizik «aldakorra izatea gure errealitatea aldakorra den heinean».

Bidania-Goiatzen eta Errezilen, esaterako, ahultasun egoeran dauden adinekoentzat dinamizazio ekintzak egiten dira hamabostean behin. «Nahiko emaitza politak ikusten ari gara. Jendeak asko eskertzen du eskaintzen zaiena», esan du Rikondok. «Talde harreman bat sortzen da, kuadrilla egitea bezala da». Dinamizazio talde horietara joatea izango da egoeraren berri izateko modu bat. Esaterako, bihar hasten dute, Errezilen, lehenengo elkarrizketa erronda.

Errealitatearen berri izateko ere planteatzen dute espazio naturaletan ibiltzea, adinekoak ibiltzen diren tokietara joatea. «Eguneroko horretan txertatzea, ikusteko zer behar dituzten», esan du Elias Mujikak. Lehenengo fasean ez dute planteatzen zerbait irekia egitea. «Momentu honetan planteatzen duguna da jende ezberdinekin eta herri ezberdinetakoekin egotea, egoeraren ezagutza hori izateko», esan du Farapiko kideak. Aurrerago bilera irekiak egitea aurreikusten dute.

BESTE IKUSPEGI BAT

Zahartzaroa asko aldatzen ari dela kontuan hartu behar dela dio Elias Mujikak: «65 urtetik 95 urteetara abaniko handia dago. Inongo eragozpenik gabe zahartzaro aktiboan daudenetik menpekotasun egoeran daudenera. Tartean aipatzen ari garen multzo hori dago, hau da, ahultasun egoeran daudenak».

Zahartzaroari buruz hitz egitean askotan «karga» bezala hartzen dela diote. «Hitz egiten ari garen adineko hauei buruz, agian norbaitek herrira kotxez jaistea bakarrik behar dute, eta hor bukatzen da beraien beharra», esan du Elias Mujikak, eta gaineratu: «Gai dira hainbat gauza egiteko eta herriari emateko. Alde hori lantzea ere beharrezkoa da. Askotan zahartzaroa hartzen da ikuspegi negatibo batetik, eta horri buelta eman behar zaio. Guk gizarte bezala buelta ematen ez badiogu, nola eskatu beraiei hori egitea?».

Horregatik planteatzen dute prozesua komunitarioa izatea: bai adinekoekin beraiekin, eta baita herriko elkarteekin eta beste eragileekin, eta orokorrean herritarrekin. «Kolektiboki, ardura partekatu batekin, nola erantzun ahal diogu adineko horien beharrei?», galdetu du Elias Mujikak. «Erantzuteko modu ezberdinak bilatu behar ditugu. Horregatik nahi duguna da adostu eta hitz egin zer emateko prest egongo liratekeen eragileak eta herritarrak».

Proiektuan aurkezten dutena ere genero ikuspegiarekin gurutzatu nahi dute. «Iruditzen zaigu bai zaintzarena, bai elkarlaguntzarena, bai boluntariotzarena oso mundu feminizatua dela eta uste dugu hor ere kolektiboki gogoeta bat egin behar dugula», diote. «Zaintza ardurak edo elkar babes ardura hauek nagusiki emakumeen eskuetan gelditzen dira oraindik ere, eta horrek ere emakumeen bizitzetan karga dakar». Hori dela eta, formula berriak birpentsatu behar direla azaldu dute, parekideagoak izan daitezen. Rikondok gaineratu duenez, «zenbait gizonezkoengana iristeko bideak ere ikusi behar ditugu».

Proiektuaren lanketa aurretik dator, irailean aurrelanak egin dituzte eta jendearekin elkartzen orain urrian hasiko dira. Hurrengo urteko ekainean bukatzen da proiektua osatu eta balantzea egiteko bidea. Martxan jartzen diren auzo sare eta boluntariotza formula berriak iraunkorrak izateko moduan sortu nahi dituzte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!