Tolosaldean ere lan biltzarrak egiteko hamaika aukera

Tolosaldeko Ataria 2017ko urr. 3a, 16:20
Tolosaldea Garatzeneko kideak, Iriarte Jauregian.

Tolosaldea Garatzenek eta Eusko Jaurlaritzak bultzatuta, ‘fam trip’ edo trebatze bidaia egin dute enpresa munduko hainbat profesionalek eskualdean Iriarte Jauregitik abiatuta.

Mice Fam tripa egiten ari dira gaur, Tolosaldean. Fam tripa trebatze bidaia bat da eta turismoaren arloari lotuta dago. Bidaia hauetan turismo sektorean lan egiten duten profesionalek hartzen dute parte, ondoren zer eskaini ahal duten bertatik bertara ezagutzeko.

Jakina da Tolosaldea Garatzeen Tolosaldean turismoa areagotzeko ari dela lanean eta gaurko hitzordua horregatik izan zen garrantzitsua. Turismoa udako hilabeteez harago zabaldu nahi dute eta hau izan daiteke urtean zeharreko eskaintza mantentzeko aukera bat eskualdeko garapen agentziaren arabera.

Gaurkoan OPC eta DMCko profesionalak daude eskualdean, hau da, biltzarrak eta ekitaldiak antolatzeko profesionalen eta konpainietako management arduradunek ematen ari dira eguna Tolosaldean. Euren helburua Tolosaldeak eskaintzen dituen zerbitzu eta baliabideak ezagutzea da, eta Tolosaldea Garatzen izaten ari dira bidelagun. Hain justu Bascoming, Hagoos, Basque Destination, Baskonia Premium Tour, Slow Walking, Go Basquing, Feel Free Rentals, KSpain, Basque Experience eta Inbasque enpresetakoak gerturatu dira eskualdera.

Bisita Bidania-Goiazko Iriarte Jauregia hotelean hasi dute. Ongietorria Tolosaldea Garatzeneko lehendakariak, Olatz Peonek, eta Olatz Illarregi Turismo teknikariak egin diete. Peonek Tolosaldeko datuak eman dizkie eta era honetako bisitariek erakartzea «lanpostuak sortzen eta garapen ekonomikoa bultzatzen» laguntzen dutela esan du. «Turismoaren garai zehatz batzuetatik harago eman nahi dugu eta horretarako gure ikurra den nortasuna erakutsi nahi dugu», esan du.

Eskualdeko zerbitzuak
Olatz Illarregik bere aldetik, Tolosaldean laneko bilera edo biltzarrak egiteko dauden aukeren berri eman die. «MICE segmentua oso interesgarria da gure eskualdeko turismo sektorearentzat, estazionalitateari aurre egin ahal izateko. Horregatik eskualdeko zerbitzuekin katalogo bat osatu dugu eta fam tripera etorri diren enpresei eman diegu», esan du Illarregik.

Iriarte Jauregiko Iban Muñoa zuzendariak ere hartu du hitza eta hotelaren eta bertan dagoen Bailara jatetxearen inguruko xehetasunak eman dizkie, baita hotela bera erakutsi ere.

Ondoren, Txindokiko Itzala ikustera joan dira eta goiza Topic-en amaitu dute, izan ere, bertan workshop edo negozio topaketa bat egin dute, Tolosaldeko enpresek kanpotik datozen enpresei beraien zerbitzuak aurkezteko asmoz. Bilera horretan Zizurkilgo Abeletxe, Villabonako Hika txakolindegia, eta Baliarrain zein Altzoko bestelako hainbat espazioren berri jasotzeko aukera izan dute, eta baita Tolosako Fronton jatetxeko katering zerbitzuetara gerturatzekoa ere.

Lurlanek eskainitako bazkaria Topic-en bertan egin dute eta arratsaldean Rafa Gorrotxategi gozogilearekin biltzeko aukera izango dute eta baita Barriola harategiaren inguruko xehetasunak ere jasotzekoa ere.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!