Euskal herritar ugari zeuden bertan, guretzat ere urriaren 1ak eta ondorengo egunek garrantzia handia izango zutenaren seinale.
Gauean, Gracia auzoko hauteskunde eskola batera joan ginen. Izugarria zen antolakuntza, gogoa eta ilusioa. Adin ezberdinetako jendea zegoen bertan: haurrak, gazteak eta helduak. Gauean asanblada egin genuen polizia etortzen bazen nola jokatu jakiteko.
Goizaldeko 04:30erako piztu zituzten eskolako argiak, kanpotik zetozenak ere eskoletara sartzeko. Goizaldeko 05:00etan piztu zen alarma; indarkeria polizialaren irudi gogorrak iristen hasi ziren eta tentsioa ere areagotu egin zen. Dena den, Guardia Zibilak eta Espainiako Poliziak hedatu nahi zuten beldurraren gainetik, herritarrak bozkatzera gerturatu ziren eta goiz guztian ilarak izan ziren eskolan.
Eguerdia ordu kritikoa izan zen. Hauteslekutik jendea joan egin zen eta ez genekien polizia etorriko zen edo ez. Zorionez, ez ziren etorri eta herritarrek lasai bozkatu ahal izan zuten gure eskolan. 20:00ak iristen ari ziren heinean, eskolaren kanpoaldera herritarrak gerturatzen hasi ziren. No tinc por! (Ez dugu beldurrik!) edo Votarem (Bozkatuko dugu!), oihuak adineko jendeari egindako txaloak… giro hunkigarria eta beroa sortu zen eskolaren atarian.
21:30ak inguruan amaitu zuten boto kontaketa: 2.073 pertsona inguruk hartu zuten parte eta %98k baietzaren alde bozkatu zuten. In-de-pen-den-cia! oihuak. Besarkadak. Malkoak. Ilusioa. Poza. Amaitu zen eguna, tentsioak baretu, baina igandean ez zen ezer amaitu. Mobilizazioak ez du etenik: atzo ikasleek manifestazioa egin zuten eta gaur Greba Orokorra deitu dute. Ikusiko da zer gertatzen den ondorengo egunetan eta Generalitateak zer bide hartzen duen. Argi dagoena da atzoko erreferenduma herritarren botereak egin zuela posible, eta botere hori ezinbestekoa izango da Generalitateak hartuko dituen erabakiak baldintzatzeko.