'Handia' filma

'Handia'-k Epaimahaiaren Sari Berezia jaso du Zinemaldian

Ataria 2017ko irailaren 30a

Jon Garañok eta Aitor Arregik zuzendutako Handia filmak Zinemaldiko Epaimahaiaren Sari Berezia jaso du. Zuzendariek saria jasotzerako orduan ezin izan dute ezkutatu euren poza.  

Jon Garañok Zinemaldiak eurentzat zer suposatu duen ekarri du gogora, "zinema ikusten bertan ikasi dugu", epaimahikide gaztea ere izan zen hainbat urtetan Zinemaldian, behar baino gehiago urte batean "karneta faltsifikatu" baitzuen. Zinemaldian pausoz pauso joan dira Jon Garaño eta Aitor Arregi. Ondoren 2002 Tercero B laburmetraiaren parte hartzea etorri zen, Kimuak-en barruan. Bere esker hitzaldian Garañok orduan aukera baliatu du Kimuak-en lana eskertzeko. Pausorik handiena ordea, duela hiru urte Loreak filmearekin eman zutela aitortu du zuzendari euskaldunak: "Sail ofizialean lehiatzea guretzat amets bat izan zen".

Eta gaurkoa, behin Epaimahaiaren Sari Berezia jasota, "deskribaezina"-tzat kalifikatu du: "Munduko txapeldunak gara, guretzat dena da".

Aitor Arregik bere partetik "etxekoak, lagunak eta aktoreak" izan ditu gogoan: "Sari hau gurea bezain eurena da". Aktoreen lana azpimarratu nahi izan du Arregik Kursaaleko sari banaketa ekitaldian: "Haragia utzi dute aktoreek". Bereziki Eneko Sagardoy eta Joseba Usabiaga tolosarraren lana izan ditu gogoan: "Beraiek haragitu dute Handia". 

Bi urteotako abentura izan du gogoan Arregik bere semea Martin gogoan izaterako unean. Handitasunean murgildutako bi urte izan dira, bere semeak erraldoioekiko duen miresmena kontuan izanda, "erraldoiak lanean eta erraldoiak etxean" izan dira azken bi urteotan. 

Migel Joakin Eleizegiren istorioa pantaila erraldoira eramateak bere sari zerrenda estreinatu besterik ez du egin: 65. Zinemaldiko Epaimahaiaren Sari Berezia eta sari ofizialetatik kanpo ere, euskal zinemak urtero jasotzen duen Irizar saria ere Handia-k jaso du.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!