Gogoz Txapelketa Nagusia hasteko?
Bai. Bertso saioak urtean zehar asko izaten dira, baina txapelketak badu berezitasun bat, jendea horri begira egoten da eta gazteentzat aukera bat izaten da. Ezinezkoa izaten zait saio guztiak jarraitzea, baina irratiz edo telebistaz segitzen ditut. Eta, hori bai, BECen hutsik gabe egongo naiz, ezer txarrik gertatzen ez bada behintzat.
Noiztik zara bertsozalea?
Mutil kozkorra nintzenetik. Tabernetan kantari entzuten nituen bertsolariak, esanahiak eta hitz loturak entzuterakoan zerbait magikoa iruditzen zitzaidan. Arlotetzat hartzen zituzten garai hartan bertsolariak. Hilda daude garai hartakoak; Lazkao Txiki herri txikietan asko ibilitakoa da eta gu xaxatzen ibiltzen zen, txisteak kontatzen. Oroitzapenak dauzkat.
Saio asko izaten al ziren zure gaztaroan?
Herriko festetan etortzen ziren Ikaztegietara. Ez ziren saio asko ere. Ni ez nintzen antolatzen ibiltzen, ikustera arrimatzen nintzen, gehienbat.
Txapelketak ze toki betetzen du bertsogintzaren munduan?
Aukera bat dira txapelketak gazte jendearentzat. Garrantzi hori ematen diot. Bertsolari batzuk txapelketatik kanpo daude eta haiekin bertso bazkari edo afari bat zoragarria da. Nik horretan gozatzen dut gehienbat. Bertsolarien arteko hizketak, haiekin egotea oso gustuko dut.
Noiz hasi zinen saioak-eta antolatzen?
Kamioilaria naiz berez eta denbora asko eman dut Alemaniara ingurua joaten eta horrelakoetan aukera gutxi izaten nuen. Gero legedia aldatu eta ezin izaten nuen kanpoan lehen bezainbeste ibili. Denbora libre gehixeago eta etxekoek Bertsozale Elkarteko bazkidetza oparitu zidaten urtebetetze egunean eta nire buruari galdetu nion: txartela eduki bai, baina zer egiten dut nik? Ezer ez. Elkartera gerturatu nintzen galdezka eta laguntzeko prest topatu nuen jendea. Asko erakutsi zidaten.
Aholkularitza handia jaso duzu elkartetik?
Ordura arte, bertsozale bezala joaten nintzen saioetara eta aztertzen hasi eta konturatu nintzen atzetik lan bat bazegoela eginda. Azaltzen ez den lan bat izaten da gainera. Edozein gauzetarako eman didate aholkularitza: megafonia nola muntatu, gauzak nola bideratu, sarreren salmenta... Ezjakintasunetik hasi eta ikasten joan naiz batera. Jende bat egon da beti laguntzeko prest eta asko eskertzen dut. Oso jende ona da.
Zein lan hartu dituzu?
Normalean bertsolariekin hitz egin eta data bat jartzen dugu. Eta handik aurrera, otordua zehaztu, sarrerak banatu eta eguna iristen denean urduritasuna sartzen zait. Baina ondo ateratzen den garaian eta bertsolariak gustura ateratzen direnean, horrek ez du preziorik. Iurre auzoko elkartean antolatu izan ditugu saioak eta aurten ez, baina aurrerantzean antolatu behar badira antolatuko dira gehiago. Niretzako ez da lana, ohore bat da.
Harreman handia egin duzu bertsolariekin?
Bai. Oso atseginak dira denak. Nik hasieran pentsatzen nuen, 'nire euskara kalekoa eta etxekoa dek eta horiek dakitenarekin, nola moldatuko nauk hauekin?', eta berak jaitsi dira nire mailara, nirekin egon dira eta gero bere mailara joan dira berriro. Ni harrituta geratu nintzen. Oso jende jatorra da.
Saioak grabatzen ere aritu zara.
Bai, ziur ez dakit zein urtetan, baina saioak grabatzeko talde bat osatu zen elkartean eta bi kamera erosi zituzten horretarako. Askotan okupatuta egoten ziren eta orduan kamera bat erosi nuen eta egindako grabazioak elkartera pasatzen nituen. Egia da, teknologia garatu egin dela eta hainbesteko beharrik ez dago, baina horretan ere ibili ginen bai!
Urtean zehar baduzu Tolosaldea inguruan saio kuttunen bat?
Ez nuke bat esango. Ibarrakoa, Villabonakoa, Sanjoanetakoa Tolosan... badira asko. Lanak mugatu egiten nau, ordea. Joan, bestela, denetara joango nintzateke.
Zein oroitzapen duzu lehenengo txapelketetatik?
Astoria zineman, txapelketa baino lehenagoko, bertso omenaldiak ditut gogoan, mutil kozkorra nintzela gurasoekin joaten nintzen, radio-kaseta hartu eta grabatzeko. Gerora txapelketetara joaten hasi ginen. Esango nuke elkarteak izugarrizko lana egin duela transmisioan eta ez dela etenik egon. Bertsolaritza lehendik dator eta hurrengo belaunaldietara nola eraman bideratzen ari da eta izugarrizko lana egiten ari dira.
Erreleboa badago?
Gazte jendea asko dago. BECen, azkeneko finaleko festa horretan asko ikusi nituen. Gero gazte horiek zaletu egin behar dute, bertsogintzarekin jarraitzeko. Hemen Tolosaldean, Harituz bertsozaleen elkargunea dago eta laguntzeko ere jendea badago. Bertan tokatzen gara, gazteagoak eta adinean aurrera goazenak. Poza ematen du horrek.
Zein da boluntarioen egitekoa txapelketako saio batean?
Ardura elkarteak hartzen du. Gure lana haiei bultzatzea da edo agintzen digutenean kasu egitea. Lana bada, baina ardura nagusia profesionala da eta batez ere ondo ateratzearen meritua beraiena da. Gaurko egunean, horrelako antolaketa batek eskatzen duen jende kopurua eta exijentzia handiagoa da. Beste gauza asko hartu behar dira kontuan.
Garai batean ez zitzaien horrelakoei begiratzen.
Gogoan dauzkat, 80ko eta 90ko hamarkadetan Beotibarren izaten ziren saio horiek. Zenbat jende izaten zen ez dakit esaten, dakidan bakarra da ez zela beste hamar lagun kabituko, seguru. Goi eta behe, gainezka egiten zuen frontoiak. Bertsolaritzaren boom-aren garaia zen. Kabitu ezinik ibiltzen ginen. Gaur egun aldatuta dago.
Urte batzuetan txapelketako Tolosako saioa Usabalen egin izan da. Nola hartu duzu berriz ere Beotibarrera bueltatzea?
Lehendabiziko erreakzioa nirea izan zen pentsatzea atzerapauso bat dela. Finalerdiak ospatu izan dira Tolosan eta Usabal kiroldegia toki ona da horretarako. Gero jakin nuen, final laurdena dela Tolosan ospatuko dena eta beste herriek ere badute finalaurrekoak egiteko eskubidea eta erabaki zuzena dela. Garai bateko bertsozalez betetako Beotibar dugu gogoan eta hori errepikatzea ezinezkoa izango da, baina jendea arrimatuko da eta polita izango da.
Bertan izango zara?
Bai, semea eta biok gerturatuko gara. Eta elkartekoak esango digute zer egin. Nahiz eta bazkide izan, egin nahi ez dutenak ere badaude, eta hori nik ere errespetatu egiten dut. Nik gustura egiten dut, ez da sakrifizioa niretzako. Barruko saltsa ikustea gustuko dut. Nik ez naiz kontsideratzen lan asko egiten dudanik, partaide bai, baina oso modu xumean.
Txapelketa elkartearen sostengurako ekimen garrantzitsua da.
Horren gora joan den ekitaldi bat, garrantzizkoa da. Baina hori gertatu da, elkartean pauso guztiak kontzientzia handiarekin hartzen direlako. Erabakiak hartu aurretik lan handia egiten dute, esate baterako, epaile taldeko edo gai jartzaile taldekoek. Gauzak ondo ateratzeko lanketa handia egin beharra dago aurretik eta ondoren, autokritika eginez bertsogintza hobetzeko gogoetak egin behar dira. Kanpora ikusten ez den lan bat da.
Baloratzen al da atzetik egiten den lan guzti hori?
Bai, lan boluntariorik gabe zaila izango litzateke horrelako ekimen bat antolatzea, baina nire begietara, guk egiten dugun hori huskeria da, balore gutxien duen lana. Nik elkartean egiten duten lana nabarmenduko nuke, atzetik lanean egon den jende pila horrek poza eta satisfazioa eduki beharko lituzke. Niri iruditzen zait bertsozaleak gehixeago baloratu beharko lukeela egiten den lan hori. Ezkutuan geratzen baita. Gero kritika egiterako orduan, orduan errazago gogoratzen gara.
Final asko jarraitu al dituzu?
Denak. Belodromoak ditut gogoan. Peñagarikanok 1991n irabazi zuenean, zortzi-hamar txofer joan ginen andre eta guzti eta elkarren artean labe txiki bat jarri eta ikaragarrizko festa jarri genuen. Gaur egun ez da posible horrelakorik. Orain, BEC moldatzen dugu ahal den ondoen, hainbeste jende sartu ahal izateko.
Zein izango da zure ardura?
Tolosaldeko autobusen ardura eramango dut aurten ere, ondo bidean. Duela lau urteko finalera joateko sei autobus atera ziren eskualdetik. Horko baimen, koordinazioa eta antolaketan lagunduko dugu ahal dugun neurrian. Aukera ona da autobusarena eskualdeko bertsozaleentzat.
Faboritorik ba al duzu txapela janzteko?
Harituzeko hauek aukerak badituzte, baina nik Mendiluzeri ikusten dizkiot aukera gehien. Saiakerak egin ditu, finaletara iristeko, neurri egokian aritu da eta poz handia hartuko nuke txapelarekin ikusiz gero. Ez da gazteenetakoa eta nik harenganako apustua egingo nuke.