Iraganetik orainera, antzerkiaren bidez

Tolosaldeko Ataria 2017ko ira. 22a, 07:52

Segurako Antzerki Taldeak Iragana, Lahar eta Larrosa antzerkia eskainiko du 20:30ean, Tolosako Leidor Aretoan. Antzerki herritarra da eta 1923tik hasi eta Frankismora bitarteko gertaerak kontatzen dituzte. Lourdes Imaz segurarrak idatzi du gidoia eta berak kontatu ditu nondik norakoak.

Nondik gatozen jakitea ezinbestekoa omen da nora joango garen jakiteko. Hala dio Euskal Herrian zabalduta dagoen esaera zahar batek, eta horri tiraka osatu du Segurako Antzerki Taldeak Iragana, lahar eta larrosa antzerkia. Lourdes Imazek zuzendu eta idatzi du gidoia: Seguran, Idiazabalen eta Zarautzen eskaini dute dagoeneko, eta gaur Tolosako Leidor antzokian eskainiko dute, 20:30ean.

Iragana, antzerki bidez kontatua

Iragana, lahar eta larrosa antzerkia Segurako antzerki talde batek egindako ikuskizuna da. Lourdes Imaz segurarrak idatzi du gidoia eta 16 herritarrek hartu dute parte emanaldian: 13 helduk eta hiru haurrek. Ez da talde profesionala, antzeztea gustuko duten herritarrek osatzen dute taldea. Laugarren ikuskizuna da hau eta 2006. urtean egin zuten lehena: «Urte hartan 750 urte bete ziren Segura sortu zela eta udaletxeak eskatu zigun garai hartako istorioak biltzen zituen emanaldi bat egiteko», azaldu du Lurdesek. Herritarrei «izugarri» gustatu zitzaien, eta beste obra bat antzezteko grina sortu zitzaien.

Pentsatu eta egin. Seguran Erdi Aroko festa egiten da bi urtez behin eta egun horretan eskaini zuten bigarren ikuskizuna: «Herrian Erdi Aroko festa bat egiten da, eta Gaztelako Erregeek Nafarroako Erresuma inbaditu zuteneko gertara bat antzeztu genuen. Bidean galdutako izana eta izena: Errastiolatza-Segura 1256 zen antzerkiaren izena».

Taldeak jarraitu egin nahi zuen, eta 2014. urtean Ez dira aspaldiko kontuak antzerkia sortu zuten. Imazek berak idatzi zuen gidoia eta emanaldi horretan, Frankismoaren ondorengo gertaerak antzeztu zituzten: «Orduko giro soziala, apaizek eta monjek betetzen zuten rola, ikastolaren sorrera...». Donostiako Victoria Eugenia antzokian ere antzeztu zuten eta arrakasta «handia» izan zuen.

Emanaldi horietatik hartutako «grina» eta «esperientzia» oinarri hartuta osatu dute laugarren antzerkia: Iragana, lahar eta larrosa. Frankismoa baino lehenagoko gertaerak kontatu dituzte bertan; hain zuzen, 1923tik hasi eta 1937ra arteko historia kontatzen du antzerkiak, eta bi familia dira protagonista: «Gure iragana kontatzen dugu, eta iragan horretan, laharrak egon ziren: gerrateak, diktadurak, errepresioa...baina baita loraldiak ere. 1931. urtean, Errepublika garaia izan zen eta, garai horretan, izugarrizko aurrerapausoak eman ziren Euskal Herrian kulturari, euskarari edo literaturari dagokionez», adierazi du Imazek.

Hiru eszena, proiekzio bidez lotuta

Iragana, lahar eta larrosa antzerkia idazteaz arduratu da Lurdes Imaz. Hilabete askotako lana izan da: «Historia beti gustatu izan zait eta asko irakurri behar izan dut, dokumentatu. Informazio horretatik hartu behar izan dut niretzat garrantzitsuena zena, herritarrek ondo ulertuko dutena; sekula ahaztu behar ez ditugun gertaerak. Pertsonaien larruan ere sartu naiz, zer esango ote zuten? Nola? Hori guztia hartu dut kontuan gidoia idazteko».

Horrela, hiru eszenez osatutako emanaldia idatzi du Imazek. Lehenengo eszenan, Primo de Riveraren diktadura garaia kontatzen da. «1923. urtean, kolpe militarra eman zuen Bartzelonan. Industrializazio garaia zen, eta gizartean aldaketa handiak gertatzen ari ziren: landa guneetatik hiriguneetara joaten hasi ziren herritarrak, eta gatazka sozial handia zegoen: aldarrikapenak, grebak, manifestazioa. Primo de Riverak gordintasun eta errepresio handia ekarri zuen eta 1929-1930. urtera arte iraun zuen. Interesgarria iruditu zait zer gertatu zen, nola bizi ziren, industrializazioak zer eragin izan zuen, euskal kulturak zein errepresio izan zuen, etab. kontatzea». azaldu du antzerkiko zuzendariak.

Bigarren eszenan, berriz, Errepublika garaira egiten du salto. «Riverak dimisioa eman zuen eta Alfontso X.ak hauteskundeak deitu zituen Espainiako Estatuan, monarkiak indar handiagoa hartuko zuela pentsatuz». Gauzak ez ziren berak uste bezala gertatu, ordea: «Errepublikarrek eta sozialistek irabazi zituzten hauteskundeak eta Errepublika garaia hasi zen. Sekulako aldaketak izan ziren Estatuan eta Euskal Herrian: erreformak hasi ziren hezkuntzan, nekazaritzan, etab. Sekulako lana egin zuten eskolak egiten, herritarrak alfabetatzen... Garai hartan euskal nazionalismoak ere indar handia hartu zuen eta 1934. urtean Euskal Errepublika aldarrikatu zuten Eibarren», azaldu du Imazek.

Aldaketa politikoez gain, garai horretan sekulako loraldia izan zuen euskal kulturak. Imazek ekarri du gogora: «Ordurako sortuta zeuden Zeruko Argia (1919) eta Argia (1921) aldizkariak, eta baita Eusko Ikaskuntza (1918) eta Euskaltzaindia (1919) erakundeak ere. Kultura indartzeko lan bikaina egin zuten hainbat pertsonek ere: Joxe Ariztimuño Aitzol apaiz eta idazle tolosarra, LizardiOrixe, Lauaxeta olerkariak, etab. Euskal kulturak loraldi handia izan zuen eta oso garai garrantzitsua izan zen».  

Hirugarren eszenan, 1936ko altxamendu militarraren ondorengo istorioak antzezten dituzte: «Garai horretan dena zapuztu zen. Fusilamentuak, espetxeratzeak edota hemengo haurrak Ingalaterrara eta Errusiara eraman zituzteneko eszenak kontatzen ditugu».

Eszena bakoitzaren hasieran bideo bat proiektatzen dute ikuslea garai horretan kokatzeko: «Oso zaila da jendea garai horietan kokatzea. Horregatik, eszena bakoitzaren hasieran bideo bat proiektatzen dugu». Sabino Arana fundaziotik eta Eusko Filmotekatik lortu dituzte argazkiak eta bideoak. «Guk aukeratu ditugu argazkiak eta bideoak, baina tekniko bat arduratu da bideoak egiteaz», azaldu du zuzendariak. Joseba Sakristan Gaztea irratiko esatariak jarri du emanaldiko ahotsa. 


Lan handiko proiektua

Segurako herritarrek sortutako proiektua izan da eta hilabete askotako prozesua izan da. Lehenengo eta behin, gidoia egin behar izan zuen zuzendariak. Gidoia amaitutakoan, antzerki taldeko kideei azaldu zien: «Lehenengo saio batzuk egiten ditugu garai hartan gertatu zena denok berdin ulertzeko. Oso ondo ulertu behar dugu garai hura, antzezleek pertsonaia horien azalean sartu behar dute-eta». Imazek azpimarratzen duenez, horrek lanketa «handia» eskatzen du: «Lehenengo entseguetan gauzak kendu edo erantsi egiten ditugu. Nik idatzi ditudan esaldiak pertsonaia horri egokitzeko baliatzen ditugu saio horiek». Uda amaitu zenez geroztik, bi entsegu egin dituzte astero.

Herritik sortutako proiektua izanik, herritarren laguntza ere ezinbestekoa izan da. Antzerkian erabili dituzten tresna guztiak ordukoak dira eta herritarren laguntzarekin lortu dituzte: «Behe-suaren inguruan dauden tresnak (eltzeak, pertzak, danbolina, platerak), mahaiak, aulkiak... tresna horiek guztiak garai hartakoak dira. Herrian lortu ditugu, eta bilduma handi bat daukan batek utzi dizkigu gehienak. Tresna horiek guztiak garbitu behar izan ditugu, txukun jarri eta tresna horiek ikustearekin bakarrik garai horretara egiten du salto ikusleak», azaldu du Imazek.

Jantziak, berriz, herriko jostun batek egin dizkie: «Garai horretako argazkiak ikusi, telak erosi eta herriko jostun batek egin dizkigu jantziak».

Herritarrez gain, laguntza profesionala ere izan dute; horien artean dago Karlos Jimenez musikari profesionala. Jimenez arduratu da musika sortzeaz: «Oso musikari ona da eta Leterekin eta Imanolekin lanean aritutakoa da, besteak beste. «Berak sortu digu musika. Sekulako lana da musika pieza ezberdinak sortu eta hori guztia koordinatzea, baina zuzeneko musikak izugarri betetzen du emanaldia», nabarmendu du Imazek.



Lanaren fruituak jasotzen

Duela urtebete hasi ziren emanaldia prestatzen eta maiatzean estreinatu zuten Seguran. «600 pertsonatik gora zeuden frontoian eta herritarrek esker hitzak bakarrik eman zizkiguten», azaldu du Imazek. «Dena guk egin behar dugu, eta sekulako lana da. Gure denbora librean egiten dugu, uste dugulako ona dela guretzako: harremanak sakondu egiten ditugu, asko ikasten ari gara eta egiten ari garen transmisioa oso interesgarria da», laburbildu du.

Garai hauetan, asko hitz egiten da memoria historikoaz, eta Imazek argi du antzerkia bide bat dela garai horretako pertsonaiak eta gertaerak ulertzeko: «Irabazleen historia ikasi dugu; badirudi hemen ez dela konkista bat egon, ez gaituztela zapaldu. Ez dago interesik informazio zuzena eskaintzeko. Orain hasi dira pixkanaka testimonioak biltzen, baina urteetan sekulako beldurra izan da gure etxeetan».

Ikusleetako batzuk gertu biziko zuten garai hura, eta beste askori urruti geldituko zaizkie garai hartako kontuak: «Etxe askotan gertatu dira kontu horiek: esanahi handiko gauzak dira eta ez ditugu sekula ahaztu behar. Herritar guztiek jakin behar dute iraganean zer gertatu zen». Iraganean gertatu zena gogoratzeko eta bizitzeko aukera dago gaur iluntzean Tolosako Leidor aretoan. Euskal Herriaren historia osatzen duten lahar eta larrosak ezagutzeko. Itzali dira argiak, eta prest da oholtza. Iraganera salto egiteko prest? Jarri zentzumenak argi eta gozatu emanaldiaz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!