'Tolosaldeko Ataria' alfonbra gorrian

Tolosaldeko Ataria 2017ko ira. 21a, 09:28

Dena prest da Donostiako Zinemaldia hasteko. Datorren igandean estreinatuko da 'Handia' filma eta 'Tolosaldeko Ataria' ere bertan izango da gertatzen dena kontatzeko. 

Den-dena prestatzen ari dira Donostian son handiena duen festibalari hasiera emateko. Datozen egunetan hasiko dira mundu mailako izarrak Donostiara ailegatzen, eta Altzoko Handiaren inguruko Handia filmarentzat ere hasi da atzera kontaketa. Ostiralean hasiko da eta datorren igandean, irailak 24, estreinatuko da Donostiako Zinemaldiko sail ofizialean.

Ikusmin handia sortu du filmak, eta segituan amaitu dira filma ikusteko sarrerak. Nabari da herritarrak pelikula ikusteko gogoz daudela, baita Joseba Usabiaga filmeko protagonistetako bat ere: «Filma jendearekin ikusteko gogoz nago. Oso lan zintzoa dago pelikularen atzean, oso lan ona, eta irudi aldetik oso ikusgarria da. Badakit jendeak esker ona behintzat emango digula», azaldu du aktore tolosarrak. 

Usabiagak Donostiako Zinemaldian hartu zuen parte duela bi urte, eta horrek lasaitasuna ematen dio: «Duela bi urte beste sail batean egon ginen, baina azken finean, presioa bera da. Zentzu horretan, ez nau jokoz kanpo harrapatzen. Dena den, egia da sail ofizalean daudela foku gehienak, eta alde horretatik errespetu handiagoz begiratzen diogu», nabarmendu du.

Donostiako Zinemaldiko sail ofizialean lehiatzen denez, sariak ere eskura ditzake Handia filmak. Dena den, Usabiagak azpimarratu du hori ez dela beren helburua: «Garrantzitsuena Donostiatik filma indartuta ateratzea eta herritarrek pelikula ikustea da».

Donostia izango da filmaren lehen geltokia, baina hurrengo hitzorduak zehaztuta dituzte dagoeneko: «Londresera joango gara bi aste barru, urriaren hasieran. Lehia ofizialean proiektatuko dugu filma, baina Donostiako sail ofizialeko lehiaketan parte hartu dugunez, ezingo dugu lehiaketan parte hartu. Gero, aurre estreinaldia egingo dugu Tolosako Leidor Aretoan, eta urriaren 20an estreinatuko da areto guztietan». 

EGUNEKO KONTAKIZUNA 'TOLOSALDEKO ATARIA'-N

Igandean estreinatuko da Handia filma eta TOLOSALDEKO ATARIA ere bertan izango da. Goizean goizetik, bertan gertatzen denaren berri emango du, eta Joseba Usabiaga aktorearen zein ikusleen erreakzioak bilduko ditu. Jarraitu TOLOSALDEKO ATARIA-ren webgunea eta sare sozialak, Donostiako giroa etxetik bizitzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!