Aiztondon egingo dute urriaren 7an minbiziaren aurkako martxa

Tolosaldeko Ataria 2017ko ira. 19a, 14:42

Aduna, Alkiza, Amasa-Villabona, Zizurkil, Asteasu eta Larraul minbiziaren aurka elkartu dira eta Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkartearekin bat egin dute aste osoko egitaraua prestatzeko.

Minbizia izakiaren lehen heriotza kausa da Euskal Autonomia Erkidegoan. Azken datuen arabera, hildakoen %32 minbiziak jota hiltzen da. Emakumeen kasuan bularrekoa da gehien ematen dena, gizonezkoen kasuan prostatakoa eta biak batuz gero hesteetakoa. Azken urteotan gorakada handia egin du biriketako minbiziak.

Gizartearen zahartzea eta bizi ohiturak dira egoera honen erantzule nagusiak. Hori dela eta, 2014an Gipuzkoa herriz herri zeharkatzea erabaki zuen Minbiziaren Aurkako Elkarteak bi helburu nagusirekin: gaixotasun hau jasaten dutenei eta bere familiakoei bakarrik ez daudela adieraztea; eta bestetik gaixotasuna gutxitzeko asmoz, bizi ohitura osasungarriak sustatzea herritarren artean.

Elkartearen hirugarren ardatza, ikerketa bultzatzea da. Horregatik, azken urteetan Gipuzkoako elkartetik urtero, kalitatezko ikerketa onkologikoa finantzatzeko bekak eskaintzen dira. 2013an, adibidez, besteak beste haurren minbizia ardatz duen ikerketa finantzatu zen. Etzi, irailak 22, Madrilen izango den ekitaldian emango da aurtengo beka eta gipuzkoarren solidaritatearen emaitza da.

Ikerketa, prebentzioa eta laguntza oinarri direlarik, aurreko urtean Tolosako Udalari testigua hartu ondoren, Aiztondo bailaran prestatu dute Aiztondo martxan minbiziaren aurkako eguna. Maider Sierra, Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkarteko kideak aipatu duenez, "herriak girotzeko eta minbizia duten pertsonak eta familiei bakarrik ez daudela adierazteko hainbat ekitaldi antolatu ditugu bi astetan zehar".

Ikastetxeetan minbiziaren prebentzioaren inguruko lana hasi dute Aiztondon eta urriaren 7ra arte, ohitura osasungarriak bultzatzen jardungo dute lehen hezkuntzatik batxilergo bitarteko ikasleekin. Hitzaldiak, ikastaroak eta sukaldaritza saioak izango dira egun hauetan eta urriko lehen larunbat horretan, Aiztondoko herrietatik ibilaldiak abiatuko dira Zizurkilgo Joxe Arregi plazan guztiak elkartzeko. Pedro Mari Otaño ikastetxean 8 urtetik gorakoentzat kirol ekintzak egingo dira. Handik Villabonara joango dira eta kirol jarduerak egingo dira herriko puntu ezberdinetan.

Datorren urtean Minbiziaren aurkako martxan ekimena Zarauzko herriak antolatuko du eta urriaren 7an Villabonako plazan jasoko du testigua. Aiztondoko udal ordezkarien izenean Pili Legarra Asteasuko alkateak hitz egin du: "Garrantzitsua da gure gizarteari hain latz eragiten dion gaixotasun honi aurre egiteko horrelako ekimenak antolatzea eta udaletatik parte hartzera animatu nahi ditugu herritarrak".

IRAILAK 26, ASTEARTEA

18:30. Adunako kultur etxean, Minbizia familian sartzen denean... noiz eskatu laguntza? hitzaldia izango da Lara Franco eta Itxaso Uribieetxeberria psikologoen eskutik. Sarera librea da baina aurrez eman behar da izena 943 65 21 43 telefonoan.

IRAILAK 27, ASTEAZKENA

19:00. Asteasuko udaletxeko areto nagusian. Minbizia, bizitzaren gaixotasuna? hitzaldia emango dute. Sarrera librea da eta izen emateko 943 65 21 43 telefonora hots egin beharko da.

URRIAK 3, ASTEARTEA

19:00 - 22:00. Amasa-Villabonako Behar Zana elkartean sukaldaritza ikastaroa Javi Rivero sukaldaria eta Maider Sierra psikologoaren parte hartzearekin: Osasuna erosketak egitetik hasten da. 15 euroko prezioa izango du eta ikastaroan erabiliko diren produktuak erosi eta ekintzak sortzen dituen gastuak estaliko dira. Izen emateak 943 65 21 43 telefonoan.

URRIAK 4, ASTEAZKENA

18:30. Zizurkilgo Atxulondo kultur etxean. Etxeko txikiekin fruta eta barazkiak jaten tailerra emango da. Guraso eta haurrei zuzendurikoa izango da eta gosari eta merienda dibertigarri eta osasungarriak sortzen lagunduko dute. .

URRIAK 5, OSTEGUNA

18:30. Amasa-Villabonako Berdura plazan. Ondo jan, ondo bizi show cooking ekimena. Izen emateak 943 65 21 43 telefonoan. Tratamendu onkologikoek liseriketa aparatuan sor ditzakete eragozpenak gutxitzeko ideiak emango dituzte.

URRIAK 7, LARUNBATA

09:30 - 11:00. Zizurkilgo Pedro Mari Otaño ikastetxean 8 urtetik gorakoentzat kirol ekintzak.

09:30. Larraul, Asteasu, Alkiza, Zizurkil gora eta Adunatik ibilaldiak abiatuko dira denak Joxe ARregi plazan batzeko.

11:10. Zizurkilgo plazan harrera egingo zaie martxei, erraldoiak bertan direla. Handik kalejiran joango dira Villabonara.

12:00. Zarauzko herriari testigua pasako zaio, 2018ko martxa antolatu dezan.

12:15. Zumba, spining... ekintzak Villabonako puntu ezberdinetan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!