Gure uhinetako familia handitzen

Tolosaldeko Ataria 2017ko ira. 14a, 09:20

Udako etenaldia azpiegiturak egokitu eta programazioa lantzeko baliatu ostean, astelehenean hasiko du 'Ataria irratia'-k denboraldia, ahots eta saio berriez inguraturik.

Urtetik urtera sendotuz eta kalitatean irabaziz joateko erronkari eusten jarraitzen du ATARIA IRRATIA-k. Astelehenean ekingo dio eskualdeko euskarazko irratiak denboraldi berriari, eta bere uhinen bitartez zabalduko duen eskaintzari begiratuta, beteagoa, anitzagoa, gertukoagoa eta parte hartzaileagoa izango dela atzematen da.

Entretenimendua eta informazioa izango da goizetako ezaugarri nagusia, orain arte moduan. 09:00etako doinuekin batera jarriko da martxan egunero Pasahitza magazina. Lehendabiziko orduan eskualdean nahiz Tolosaldetik kanpo gertatzen denari begira jarriko gara. Politikak ostiraletan edukiko du leku nagusia politikariekin nahiz iritzi emaleekin egiten segiko dugun solasaldiarekin, eta berritasun moduan, denetariko gaiez hitz egiteko tartea izango dugu ostegunetan gazte nahiz helduekin batera. Lehen ordua borobiltzeko egunero ahots desberdin batek hausnartzera gonbidatuko gaituen iritzi zutabeak izango ditugu. Bigarren orduan, berriz, bestelako gaiez hitz egiteko aukera emango digute kolaboratzaile sare zabalaren bitartez osatuko ditugun atalek.

Hamaiketakoa saioak hartuko du lekukoa ondoren, eta egun bakoitzean Tolosaldeko azpieskualde bati begira jarriko gara, bertako protagonistekin hitz eginez osatuko dugun albistegian. Asteazkenen kasuan, berriz, albisteek kirol itxura hartuko dute, gertatu diren kirol jarduerekin nahiz etorriko direnekin osatuko dugun saioan.

Goizeko saioen eskaintza musikak borobilduko du, hemengo eta kanpoko, oraingo eta lehengo abestiekin osatutako Entzuteko jaioak saioarekin.

AHOTS ETA SAIO BERRIAK

Ander Malbadik gidatutako Hauspo artean trikiti saioa, Imanol Artola felix-ek aurkeztutako (H)ari naizela bertso saioa, Oskar Tenaren Kokondo musika saioa, Eskualdeko ikasleekin eginiko Erakutsiz ikasi, musikarien proposamenekin osaturiko Kantazgora nahiz munduan gertatzen denari beste ikuspegia ematen dion Ataria iluna entzuten jarraituko dugu 107.6 FMn edota ataria.eus-en. Horrekin batera, ordea, atal nahiz solasaldi desberdinetan batu diren ahots berrien modura, saio berriak gehitzen joango zaizkio eskaintzari.

Entzuleen sarea handitzen joateko gonbita luzatuta dago. Uhinen bitartez, eskualdean, eta munduko edozein txokotan internet bidez, gozatuko ditu belarriak ATARIA IRRATIA-k. Ziur entzuleak topatuko duela gogoko duen edo bila zebilen eduki hori.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!