Banderaren zati bat Tolosara

Ataria 2017ko ira. 11a, 16:01

San Juaneko arraunlariak, bandera jaso eta gero. MALEN ALDALUR/IRUTXULOKO HITZA

San Juanek eraman du emakumezkoetan Kontxako Bandera eta bertako traineruan aritu dira lehian Nerea Perez, Irati Larrañaga eta Ioana Alijostes tolosarrak.

Estropada bereziak bizitu ziren atzokoan Kontxako Banderan. Itsasoaren egoerak eta eguraldiak zeresan handia izan zuen eta emakumezkoetan San Juanek lortu zuen bandera, laugarren urtez jarraian, Hibaikak zituen abantailazko bi segundoak janez. Nerea Perez patroiarentzat eta Irati Larrañaga eta Ioana Alijostes arraunlarientzat egun berezia izan zen; izan ere dagoeneko hainbat Kontxako Bandera eskuratu dituzte. Perezentzat laugarrena da, guztiak San Juanekin; Larrañagak hiru ditu, bat Zumaiarekin eta beste biak San Juanekin, eta Alijostesek bi ditu, lehenengoa Zumaiarekin eta atzokoa kamiseta arrosa soinean zuela.

Perezentzat orain arteko estropada "zailena" izan zen atzokoa. "Oso txarra zegoen itsasoa eta momentu batzuetan beldurra ere pasa genuen. Behin bandera irabazita, merezi zuela esan daiteke". Fisikoki lantzeko baino arraun luze egiteko eta burua erabiltzeko estropada izan zela dio Perezek. Joaneko luzeran "oso ondo" joan zirela dio Perezek, eta badiara itzuleran arraun gutxi egin zutela dio: "Nire aurrean zeuden lehenengo sei arraunlariek ez zuten ia arraunik egin; niri laguntzen aritu ziren, trainerua zuzen eramateko, eta ez gurutzatzeko".

Ziabogara iristen ari zirela, Orioko trainerua harrapatu zuten, eta hor ikusi zuten ondo ari zela; are gehiago Hibaikak ziabogan egindako denbora jakitean. "Ziabogan 14 segundo ateratzen ari ginela esan ziguten eta horrek ere bultzada eman zigun bigarren luzerako", esan du Perezek.

Sagardotegi batean ospatu ondoren, harrera egin zieten Pasai Donibanen: "Izugarria da nola bizitzen duten herrian arrauna".

Eskualdeko beste parte hartzeak

Tolosaldeko hainbat arraunlari daude Kontxako Banderan parte hartu zuten taldeetan, eta horietako asko atzoko itsaso zailean aritu ziren. Gizonezkoetan, Hondarribian Endika Lopez eta Jon Lizarralde, eta San Juanen Eneko eta Xabier Zabala anaiak. Hondarribiak bigarren egin bazuen ere lehenengo igandean, bigarrengoan ez zitzaizkion atera gauzak nahi bezala eta azkenean laugarren geratu zen. San Juanek bere txanda irabazi zuen eta bosgarren geratu zen sailkapen orokorrean.

Emakumezkoetan, Hernanin Malen Oiartzabal, Ane Sanchez, Mireia Vicente eta Maider Zumeta; Donostiarran Olatz Lopez, Ainara Otamendi eta Naroa Urkola; eta Orion Mirian Aizpurua eta Oihane Iraola. Orio sailkapen orokorrean bosgarren geratu zen, Hernani seigarren eta Donostiarra zazpigarren.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!