Ametsen trapeziotik zintzilik

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko ira. 10a, 09:45
Herritar talde bat zirku bat montatzen ari da, Tolosako zezen plazan.

Zaila da imajinatzen soka batek alderik alde zeharkatzen duen gudu-zelai bat. Eta, zaila da imajinatzen, zuhaitz batetik zintzilik dantzatzen duen gudari talde bat. Zaila da, bai, baina, antza, zirku-diziplinen jatorrietako bat Antzinaroko gerlarien prestakuntzan dago. Giza gorputzarekin egindako praktika zaharrak zirkua bere horretan sortu aurrekoak dira, eta 3.000 urte baino gehiago egin behar da atzera, hastapenetara itzultzeko.

Karpa, argi dirdiratsu eta jantzi koloredunekin lotu ohi den horrek Txinan, Mongolian, Indian, Grezian, Egipton nahiz Erroman eman zituen lehen pausoak, herrialde bakoitzeko ohitura eta tradizioen bidetik, eta denboraren mugak gaindituz, inperio handikiak emandako izena zirkua iritsi da gaur eguneraino.

Orduz geroztik, igaro zen Erdi Aroa Europan; igaro zen Errenazimendua, zirkuaren funtzio hezitzailea onartzeko, eta igaro ziren beste hainbeste garai ere. Eta, orain, XXI. mendean, bideo joko, internet, sare sozial eta telesailen garaian, zirkuak miresmena sortzen jarraitzen du, oraindik ere, ameslarienen begietan. «Badirudi guztia ikusi dugula jada, ez dugula ezer harrigarriagorik ezagutuko, baina zirkuak badu erromantikotasun bat», dio Iker Galartza aktoreak (Amezketa, 1977): «Trapezista bat trapeziotik zintzilik baldin badago, lehenengo ilaratik hiru metrora egongo da; publikoak izerdi tantak ikusiko dizkio, eta arnasa entzungo dio. Giro berezi bat sortzen da zirkuan, bai emanaldian, baita aurreko lanean ere. Esan ohi den bezala, haurrak dauden bitartean, zirkua beti egongo da».

Uztailaz geroztik, Tolosako zezen plazan jarria du fokua, eta bertan ari da, zenbait lagunekin batera, esku artean duen proiektuari forma emanez: euskal zirkuaren lehen aleari. «Karpa erosi genuen, lehenengo, eta hori muntatzen ikastea izan zen lehenengo lana», azaldu du Galartzak. Horrekin batera, ordea, oihal koloredunen azpiko unibertso magikoa eraikitzen ari da lan taldea: «Harmailak guk geuk egitea erabaki genuen, zirkua herriz herri mugitzeko aukera izateko. Horrela, zerotik hasi ginen egitura guztia osatzen, eskuz. Guretzat gauza berriak dira, eta oso-oso poliki goaz. Lagunek esaten duten bezala, auskalo hau amaitutakoan zer egiten dugun; momentuz, hau sortzea da lehen helburua, eta ikusiko dugu buruan ditugun ideiei forma emateko aukerarik badugun».

Zirku nomada bat baino lehen, zirkuko euskal artistentzako topagune bat martxan jarri nahi du Iker Galartzak, diziplina horiek guztiak garatu eta belaunaldi berriak ere horietan hezteko: «Euskal artistentzako zirku bat sortu nahi dugu. Nahiz eta segituan ez den posible izango, perfektua litzateke, urtebete barru, hainbat diziplinatako euskal artistek lan egin ahal izateko zirku bat izatea: trapezistak, funanbulistak, malabaristak, pailazoak, dantzariak,... Horrela, Euskal Herrian barrena herriz herri ibiltzeko aukera lukete, guztiek elkarrekin, ikuskizun bera gorpuztuz», dio.

Hondarrezko plaza gainean zutik jarritako karpak, ordea, emanaldiak eskaintzeaz harago, baliabide gehiago eskain diezazkioke Tolosaldeari, Galartzaren iritziz: «Tolosako zezen plazan, neguan, adibidez, gauza gehiago egin litezke karpa honetan, eta gure asmoa halakoak antolatzea da».

Amets erromantiko bat

Zirkua izan liteke ametsen mundua, eta aspadiko amets baten soka luzea da, Iker Galartza ontzen ari dena: «Haurra zarenean, pentsatzen duzu zure amets hori egunen batean gauzatuko duzula. Gero, nerabezarotik ateratakoan, errealistago bilakatzen zara, eta ikusten duzu hainbat gauza ezinezko direla. Urteak aurrera joan ahala, ordea, ausartago bilakatzen gara, edo erromantikoago akaso, eta gure asmoei heltzen diegu batzuetan».

Eta horrelaxe ekin dio, zirku bat sortzearen ametsari, amets erromantiko batetik carpe diem-ari gorazarre txiki bat eginez: «Orain edo sekula ez. Askok pentsatzen dute erretiroa hartzerakoan hau edo hura egingo dutela. Baina, gure afizio nagusiak ordurako uzten baldin baditugu, erretiroa hartzerako berandu izan daiteke».

Poxpolo eta Mokolo pailazoen inguruan Iker Galartzak eta lagunek sortutako unibertso txikiak, asko zuen zirkuaren sustraietatik. Saihestezina zen, Galartzaren ustez: «Egiten ditugun gauzek beti hartzen dute norbere gustu eta afizioen kolorea. Hainbat diziplinetako ikuskizunetan, nabaritu egiten da zuzendaria nolakoa den, eta uste dut guri ere gauza bera gertatzen zaigula. Zirkua gustuko izan dugu beti, eta frontoietan nahiz kultur etxeetan arituta ere, saiatu izan gara kutsu hori ematen, gure publikoak giro hori arnas zezan».

Zirkua arnastetik sentitzera pasako dira, ordea, ikusleak, Tolosako zezen plazako karpan sartu orduko. Lanak oraindik bukatzeko daudela ere, oihalezko atea zeharkatzea beste nonbaitera bidaiatzea bezalakoa da; film batera, edo haurtzaroko imajinariora. Urdin kolorez goia, eta bonbila zuriz epela, akrobazia, magia eta orekaren mundura salto egiteko. «280 pertsona inguru hartzeko lekua izango du zirkuak; kanpotik handiagoa dirudi, baina, behin barrura sartutakoan, zirku txikia da gurea», dio Galartzak.

Gainera, segurtasun neurri zorrotzei egokitu behar izan diete karpa, gurpildun aulkientzako txokoak eta larrialdi irteerak egokituz: «Lekuari ahalik eta probetxu gehien ateratzen saiatu gara, bai ikusle kopuruari eta haien erosotasunari begira, baita artistei begira ere: karpa hau beste norabaitera eramanez gero, artistek aldatzeko, prestatzeko, luzaketak egiteko, zain egoteko... lekua behar dute. Ea denontzat gune eroso bat osatzen dugun», azaldu du Iker Galartzak.

Ikuskizuna baino, sentikaria

Cirque du Soleilek hotzikara eragin zien mundu osoko ikusleei, zibilizazio zaharrengandik jasotako diziplinak neurri eta maila goreneko ikuskizunetara eramanez. Circo Italianok, berriz, urteroko hitzorduak urtero errepikatzearen xarma elikatzen du, kartel koloretsuak herriz herri ezarrita. Zirkua egiteko zale adina eredu daude, eta Iker Galartzak argi du zein zirku maite duen berak: «Zirku familiarrak ditut gustuko, eta ez enpresa hutsak, emanaldia bukatu eta bakoitzak bere etxera alde egiten duen zirku horietakoak. Proiektu hau gozatzeko da, eta gozatu egin nahiko nuke, zirkuak oholtzan eta bertatik kanpo dituen une polit guztiekin: zirkuko kide guztiok zirkuaren atzean parrilada bat egitea, euria egiten duenean elkarrekin bustitzea, eta eguzkia hartu behar denean elkarrekin eguzkia hartzea».

Egiazki, beraz, ikuskizuna baino, sentikaria da Iker Galartzaren zirkua, Ez Dok Amairuk behinola izendatu bezala: «Formatu hori maite dut: zirkua muntatzen nahiz emanaldiak eskaintzen abenturak bizitzeko aukera eskaintzen duena, eta gure pasio hori jendeari zuzenean transmititzeko aukera ematen duena».

Posible ote da, ordea, pasio horren inguruan estereotipo gehiegi sortu izana? Baietz uste du Iker Galartzak: «Zirkua kontu dekadentetzat hartzen dugu. Egia da aurreiritzi hori bera zerbaitengatik sortutakoa dela, neronek ikusi izan baititut, askotan, zirku zaharkitu eta zikinak. Gogoan dut, behin itsas-txakur bat nola ikusi nuen, 40 gradutara, erdi itota, ura botatzen zioten bitartean. Zirkua izan daiteke garbia eta goxoa, eta gu horretan saiatuko gara».

Zezen plazako karpa, beraz, estereotipo horiek apurtu eta zirku-diziplinak arte moduan errekonozitzeko erakusleihoa ere izango da. Izan ere, zirkuaren inguruko kultura oso gutxi mamitutako kontua da, Galartzaren arabera: «Artistak tantaka aurki daiteke, oso zaila baita lan horrekin aurrera egitea. Bakarka aritzen direnez, saiatzen dira beren ikuskizunak zertxobait luzatzen, baina trapezista batek ezin du ordubetez trapezio gainean aritu. Elkarlanik gabe, talderik gabe, ia ezinezkoa zaie ezer egitea».

Bide horretan, Galartza Herrialde Katalanetako eta Frantziako tradizioari begira jarri da: «Katalunian, herri askotan eta askotan beren karpatxoa dute, zirku eskola bertan egiteko. Hemen, momentuz, Asvinenea dugu eta, bestela, Bilbon Zirkozaurre ere badago; gipuzkoar asko A-8an bueltaka ibiltzen dira, egunero, trapezio batean zintzilik jartzeagatik». Hutsune hori betetzera iritsiko da, beraz, Gure Zirkoa.

Aurreiritziak eraistearekin batera, zirku-arteen goratzeak bestelako babesak beharko lituzke, Iker Galartzaren iritziz. Tolosako karpa txikitik horri bultza egiten saiatuko dira, baina aktoreak erakundeei jarri die fokua: «Boterea dutenek ere garrantzia eman behar diote, eta ikusi benetan merezi duela». Horrela, ametsen karpa behar bezala atontzen duten bitartean, euskal zirkuaren sustatzaileak espazio horrek herriari eskain diezaiokeena zehazten ari dira, orain, Tolosako Udalarekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!