Enirio-Aralar

Aralarko pisten inguruan egindako lanaren defentsa eta balioa aldarrikatu ditu Santamariak

Ataria 2017ko ira. 7a, 20:06

Fiskaltzak Aralarko Intzensao eta Goroskintxu txabolen arteko bidea zabaltzeko proiektua Tolosako epaitegiaren esku uzteko erabakiaren ildotik, Enirio-Aralarreko Mankomitateko lehendakariak, Jose Miguel Santamariak, egindako lanaren defentsa eta balioa aldarrikatu zuen atzoko Ordiziako Euskal Jaietako Azoka Bereziaren ospakizunaren harira.

"Kudeaketa Planean jasotako ekintza guztiek helburu dute natura artatzea eta sektorea indarberritzea eta helburu horiekin bat eginez, gehiengoz onartu genuen Kudeaketa Plana Mankomunitatean, Aralarko Natur Balioen kontserbaziorako beharrezkoa delako abeltzaintzaren biziraupena eta biziberritzea", azaldu zuen lehendakariak. "Etorkizunerako, beraz, artzainak ezinbesteko eragile dira Aralarko ingurumen balioak mantendu nahi baditugu". Artzaintzaren –eta oro har, abeltzaintzaren– presentzia bermatzea "ezinbestekoa" dela berretsi du Jose Miguel Santamariak eta horixe da, gogorarazi duenez, "Aralarko bideak hobetzeko egitasmoaren arrazoi eta xede nagusia: bertako artzainen bizi eta lan baldintzak hobetzea haien bizimodua duintzeko".

"Artzaintza eta abeltzaintza dira Aralarko altxorrak babestu ditzaketen bakarrak, bertako larreen habitatak, bertako balio naturala zein kultura-ondarea bermatu dezaketen bakarrak. Gizarte osoaren babesa eta laguntza behar dute horretarako", azpimarratu zuen Santamariak, Ordiziako Euskal Jaietako Azoka Berezia ospatu ostean. Gaineratu zuenez, atzokoa bezalako feriak "momentu ezin hobea eskaintzen digute artzainei gure babesa eta laguntza eskaintzeko". "Baina babes hori alferrikakoa eta postureo hutsa da, gero, gure erabakietan, gure eguneroko bizitzan, artzaintzaren biziraupena bermatzeko neurriak hartzen eta babesten ez baditugu", gaineratu du.  

Santamariak gogorarazi zuen, baita ere, Mankomunitatea osatzen duten herriek "kontrako botorik gabe" onartu zutela pistak eguneratzeko eskaria. "Batzar Nagusiek ere gehiengoz eskatu diote administrazioari pisten proiektua gauzatu eta jarraipena emateko". Testuinguru horretan, Santamariak adierazi zuenez, Intzensao eta Goroskintxu arteko lanak aurrera eramateko "Kudeaketa Planean jasotako proiektu eta obra guztietan bezalaxe, ingurumen nahiz administrazioaren ikuspegitik, legeak ezarritako prozedura guztiak beteaz jardun da eta horrela jarraituko dugu".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!