Mobilizazioak jomugan, ikasturtea hasteko

Tolosaldeko Ataria 2017ko ira. 7a, 15:43

Hezkuntza publikoko eskoletan protestekin itxi zuten ikasturtea, eta hasi ere, horrela hasi dute, protestak buruan.

Tolosaldeko ikastetxe gehienek hasi dute ikasturtea gaur. Urduritasuna izan da nagusi eskola atarietan eta ez bakarrik haur eta gazteen aldetik, baita hezkuntza publikoan behintzat, irakasle eta langileen aldetik ere. Izan ere, ikasturtea itxi baino lehen hasitako mobilizazioek jarraipena izango dute datozen hilabeteetan. ELA, LAB eta Steilasek sektoreko lau greba egun eta orokor bat iragarri dituzte Eusko Jaurlaritzak «egoerari buelta emateko neurri zehatzik» proposatu ez duelako. Horiek horrela, Gabonak iritsi bitarte behintzat, mobilizazioak egingo dituzte Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hezkuntza publikoan.

Urtea bukatu bitarte ostiralero elkarretaratzeak egingo dituzte eta besteak beste, irailaren 28an Salaketa Eguna izango dute.
Urrian itxialdiak egingo dituzte eta urriaren 28an, gainera, manifestazioak egingo dituzte Donostia, Bilbo eta Gasteizen.

Eta azaroko aste bakoitzean sektore zehatz batek borroka astea izango du, eta dagokion sektoreak greba egingo du ostegunez. Azaroaren 6ko astean Haurreskolen txanda izango da, 20koan sukalde eta garbiketako langileena, 27koan heziketa berezikoena eta 27koan irakasleena. Greba orokorra ere egingo dute, abenduaren 12an izango da hori.

Eskakizunak
Hezkuntza publikoko langileek besteak beste, hezkuntzara bideratutako inbertsioa handitzea eskatzen diote Eusko Jaurlaritzari. Sindikatuek diote, Unescok aurrekontuaren %6ko inbertsioa proposatzen duela eta Europako Batasuneko bataz bestekoa %4,9koa dela, horregatik nabarmendu dute Eusko Jaurlaritzarena %3,7koa dela.

Langileen behin-behinekotasuna %6ra murriztea ere eskatzen dute, gaur egun, bataz beste %40koa baita. Era berean, LOMCE eta Heziberri proiektuak bertan behera utzi eta eredu propioarentzako araudi berria diseinatzeko eskatzen dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!