Denboraldi berrian ere zure beharrean

Tolosaldeko Ataria 2017ko ira. 6a, 12:46
Egunkariak buzoietara bueltatu dira, sinadura berrietako bat zurea izan daiteke. Naiara Roldan De Aranguiz

Ikasturte berriaren hasierarekin azken zertzeladak ixten ari da ‘Tolosaldeko Ataria’; jarraitzaileak kolaboratzaile bihurtzeko aukera eskaintzen du komunikabideak.

Ikasturte berria abian da eta Tolosaldeko Ataria horrenbestez kurtsoa estreinatu berritan da. Webguneak abuztu osoan atsedenik izan ez badu ere, atzokoan bueltatu ziren oporren ondoren Ataria egunkariak harpidedunen buzoietara. Lanean eta martxan da berriro ere Tolosaldeko Ataria, ia %100ean, indarberrituta eta berritasunak eskaintzeko gogoz.

Berritasun horietan, irakurleek, harpidedunek, jarraitzaileek parte izateko aukera ere badute. Irrati denboraldi berria ere irailaren 18an bueltatuko da uhinetara. Honela, komunikabidea parrilla osatzen eta azken zertzeladak fintzen ari den honetan, balizko kolaboratzaileek euren proposamenak bidaltzeko azken egunak dituzte.

Iragan uztailean argitaratu bezala, Tolosaldeko Ataria-ren erredakzioko ateak zabalik daude eskualdeko edozeinentzat; irratian edota prentsa idatzian ekarpena egin nahi duenak erraza baitu bidea: deitu 943 65 56 95 telefono zenbakira edota idatzi ataria@ataria.eus helbide elektronikora.

Zu zeu izan zaitezke Ataria-ren bidelagun, edota alboan duzun hori animatu dezakezu idaztera edota musika saioa, ahozko iritzi zutabe bat egitera edota buruan duzun edo faltan botatzen duzun ideia hori egia bihurtzera.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!