Enirio-Aralar

Fiskaltzak Tolosako epaitegiaren esku utzi du Aralarko pisten auzia

Ataria 2017ko irailaren 4a

Eguzki Talde Ekologistak eta Landarlan Ingurumen elkarteak fiskaltzarengana jo zuten duela urtebete, "Intzentsao-Goroskintsu pista proiektuak Aralar Natura Parkearen legediaren hainbat puntu urratzen zituela iritzita". Fiskaltzak uste du “lege hauste zantzuak” egon daitezkeela Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Enirio-Aralar Mankomunitateak onartutako proiektuan eta gaia Tolosako epaitegiaren esku uztea erabaki du.

Aralarko pisten lehen zatia (dagoeneko eraikita dagoena) epaibidean dela ikusita, Eguzkik eta Landarlanek eskatu dute uneotan tramitatzen ari diren edo etor litekeen beste edozein proiektu “bertan behera” uzteko; hau da, gelditu dezatela “Enirio eta Igaratzako txabolak lotuko dituen pista berria eraikitzeko plana”.

Era berean, salatu dute bigarren proiektu hori “Natura 2000 sare barnean dagoen Aralarko Natur Parkean” eraiki nahi dutela, eta gogorarazi dute gune hori Kontserbazio Bereziko Eremua dela. Azaldu dute proiektuak “ingurumen inpaktuaren ebaluazio indibidualizatua” behar duela, eta “legediaren interpretazio interesatua” egitea leporatu diete proiektuaren bultzatzaileei.

Talde ekologistetako kideek adierazi dute Aralar “oso eremu berezi eta baliotsua dela ikuspegi ekologiko, zientifiko eta kulturaletik”, eta lur horiek Enirio-Aralar mankomunitateko herritar guztien lurrak direla. Hori dela eta, azaldu dute “Aralarren kudeaketa plan berria” behar dela, “legedia errespetatuko duena, Aralarko erabiltzaile guztien interesak kontuan hartuko dituena eta naturaren kontserbazioa lehenetsiko duena".

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!